Mugikorrek eta tabletek energia-etiketa berria estreinatuko dute
Kainetik aurrera, gailu mugikorrak zein eraginkorrak eta konpongarriak diren jakin ahal izango dugu
Teknologia erosteko modua aldatzear dago. Aspaldidanik etxetresna elektrikoen energia-etiketa begiratzera ohituta bagaude ere, laster gauza bera egin ahal izango dugu gure hurrengo telefono mugikorrarekin edo tabletarekin.
Izan ere, ekainaren 20tik aurrera, Europar Batasunean saltzen diren smartphone, oinarrizko telefono eta tableta guztiek etiketa informatibo berria izan beharko dute, orain arte pantailaren atzean ezkutatuta zegoen informazioa azalduz.
Etxetresna elektrikoen antzeko estiloa izango duen energia-etiketa berri horri esker, esku artean dugun gailuak zenbat kontsumitzen duen, bateriaren iraupena, eguneroko erabilerarekiko erresistentzia eta huts egiten duenean konpontzen erraza izango den jakin ahal izango dugu.
Neurri hau gailu elektronikoen bizitza erabilgarria luzatu eta hondakin teknologikoak murriztea helburu duen Europar Batasunaren estrategia zabalago baten parte da. Horren bidez, “zaharkitze programatua” geldiarazi eta kontsumitzaileei tresnak eman nahi zaizkie erosketa arduratsuagoak eta iraunkorragoak egiteko eta bi urtean behin mugikorra aldatu behar ez izateko.
Zein gailuk eraman beharko dute etiketa
Araudiak azken belaunaldiko smartphone-ei, Interneterako sarbiderik gabeko oinarrizko telefonoei, satelite-konektibitatea duten terminalak, haririk gabeko telefonoei (linea finkoei lotutakoak) eta 7 eta 17,4 hazbete arteko pantaila duten tabletei eragingo die.
Hala ere, gailu guztiek ez dute etiketa berri hau eraman beharko. Kanpo geratuko dira 2025eko ekainaren 20a baino lehen merkaturatutako gailuak eta pantaila nagusi tolesgarria dutenak, guztiz edo partzialki bada ere. Salbuespen hori deigarria da telefono tolesgarriak gama altuko merkatuan garrantzia irabazten ari diren une honetan.
Nolakoa izango da etiketa?
Etiketa berriak kontsumitzaile askorentzat ezaguna den ereduari jarraituko dio: A-tik (eraginkortasun handiena) G-ra (eraginkortasun txikiena) doan kolore-eskala bat.
Baina informazioa ez da hor amaituko. Izan ere, aipatu informazioaz gain, honako informazioa hau ere jaso beharko du etiketa berriak: karga oso bakoitzeko bateriaren iraupena ordu eta minututan; ustekabeko erorketen aurkako erresistentzia (A-tik E-ra); gailua konpontzea zein erraza izango den adierazten duen konpongarritasun-indize bat; bateriaren iraunkortasuna, % 80ko gaitasunera jaitsi aurretik zenbat ziklo jasaten dituen adieraziz; eta, hautsaren eta uraren aurkako babesa (IP indizea).
Gainera, etiketak QR kode bat ere izango du, eta hori eskaneatuz, produktuari buruzko informazio zehatzagoa eskuratu ahal izango da zuzenean Europako EPREL (Energia Etiketatzeko Produktuen Europako Erregistroa) datu-basetik.
Fabrikatzaileek bete beharreko baldintzak
Araudiak ez du soilik informazioa erakustera behartzen. Gailuek bete behar dituzten gutxieneko estandarrak ere ezartzen ditu.
Adibidez, hemendik aurrera, bateriak gutxienez kargako 800 ziklo oso jasan beharko ditu, jatorrizko gaitasunaren % 80 gutxienez mantenduz. Era berean, fabrikatzaileek funtsezko ordezko piezen eskuragarritasuna bermatu behar dute produktua Europar Batasunean fabrikatzeari utzi eta 7 urtera arte. Era berean, ordezko piezek 5-10 laneguneko epean eskuragarri egon behar dute.
Eguneratzeei dagokienez, gailuak sistema eragilearen eguneratzeak jaso beharko ditu salmenta amaitu eta gutxienez 5 urtez, eta konponketa-zerbitzuek beharrezko software eta firmware-rako sarbide ez-diskriminatzailea izan beharko dute.
Baldintza horiek guztiek egoera onean egon arren, eguneratzeen faltagatik edo konpontzea ezinezkoa izateagatik baztertu behar izan diren gailu askoren bizitza erabilgarria luzatzea dute helburu.
Onurak kontsumitzaile eta ingurumenarentzat
Europako Batzordeak kalkulatzen du neurri horiek guztiek 14 terawatt-ordu inguruko energia primarioaren aurrezpena ekarriko dutela urtero 2030era arte, hots, produktu horiek, gaur egun, EBn kontsumitzen dutenaren heren bat, gutxi gorabehera. Beste modu batera azalduta, kopuru hori herrialde txiki baten urteko kontsumoaren baliokidea da.
Kontsumitzailearen ikuspegitik, ekimen honek aukera emango du, batez beste, 150 euroko aurrezpena egiteko, urtean, etxe bakoitzeko. Aurrezpen horri, orain arte hartu diren bestelako neurriekin lortutako aurrezpenak ere gehitu behar zaizkio.
Bruselatik azaldu dutenez, aldagai ekonomikoaz gain, aldaketa nabarmenenetako bat kulturala izan daiteke. Izan ere, horrelako neurrien bidez, kontsumitzaileen erosketa ohituretan eragin nahi da eta, adibidez, telefono bat erostean diseinua edo ahalmena lehenetsi beharrean, ingurumenean duen inpaktua edo gailuaren bizitza-zikloa lehenestea lortu nahi da. Horrela, jasangarritasuna eta konpontzeko erraztasuna erosketa-faktore erabakigarriak bihurtzea espero da, duela hamarkada bat pentsaezina zena.
Gardentasuna salmenta-puntuan
Dendek ere argi erakutsi beharko dute etiketa produktuaren ondoan, bai denda fisikoetan, bai online. Eta telefono bidezko salmentetan, eraginkortasun-mailari buruzko informazioa emateaz gain, etiketa osora sartzeko aukera eskaini beharko dute.
Publizitateak ere neurri berrira egokitu beharko du eta iragarkietan produktuaren eraginkortasun energetikoaren maila erakusten duen anagrama bat azaldu beharko da.
Araudiak zuzeneanEuropako merkatuari bakarrik eragiten badio ere, bere eragina globala izango dela aurreikusten da. Beste Europako araudi batzuk nazioarteko estandar bihurtu diren bezala, fabrikatzaile askok, ziurrenik, beren produktu guztiak irizpide hauen arabera diseinatuko dituzte, merkatu ezberdinetarako bertsio ezberdinak mantendu beharrean. Horrek esan nahi du mundu osoko kontsumitzaileek, zeharka bada ere, onura atera dezaketela Europako araudi honetatik.