Andra Mari Ikastolan, haurra bere garapen neurologiko eta motorrean laguntzeko, eta umeei euren erreflexu primitiboak integratzen irakasteko bidean, BRMT, hau da, Bloombergen Mugimendu Erritmikoen Terapia aplikatzen hasi gara ikasturte honetan. Iaz gaiari heldu eta prestakuntza jaso genuen, bai eta 4 eta 5 urteko geletan ikasle guztiei erreflexu primitiboen balorazioa egin ere. Aurten urrats bat gehiago eman dugu, haurraren garapenean laguntzeko.
ZER DIRA ERREFLEXU PRIMITIBOAK?
Fetu edo umeki garaian agertzen diren berezko erantzunak dira erreflexu primitiboak. Jaiotzeko unean, erditzeko bidetik jaisten laguntzen dute, eta jaio eta gero, ezinbestekoak dira bizirauteko (arnasa hartzeko, xurgatzeko…).
Pixkanaka-pixkanaka bizitzako lehen urteetan haurrak egiten dituen berezko mugimenduen bitartez, erreflexu primitiboak desagertzen edo integratzen joan beharko lukete bestelako gaitasun motrizak garatu ahal izateko (katamarka ibiltzeko, belauniko, jarrita edo zutik egoteko).
Aktibo (integratu gabe) jarraituz gero, garuneko ahulezia edo heldugabetasuna izan dezake haurrak. Mugimendu garapen lodiari edota finari eragin diezaioke, bai eta zentzumen pertzepzioa eta ezagutza pertzepzioari ere. Erreflexu primitibo aktiboek blokeo batzuk edo heldugabetasuna sor dezakete haurraren garapen neurologikoan.
Erreflexu baten integrazioak trebetasun berri bat hartzea dakar. Prozesu jakin hau automatikoki ez datorrenean, etengabeko esfortzua eta kontzientzia eskatzen dizkio haurrari eta horrek neke goiztiarra ekar diezaioke. Sintomak ugariak dira: begi-eskuen arteko koordinazio eskasa; zentzumen hipersentiberatasuna; oldarkortasuna: antolaketan zailtasunak edukitzea; hiperaktibitatea; ikasteko zailtasunak; zorabioak; arreta eta kontzentrazio arazoak…
EVA RODRIGUEZ ADITUAREN ESKUTIk
Erreflexu primitiboak integratzen laguntzeko moduak badaude, ordea. Horietako bat da BRMT, Bloombergen Mugimendu Erritmikoen Terapia. Eta horretan ari gara Etxarri-Aranazko Andra Mari Ikastolan joan den ikasturtetik. Iaz Haur Hezkuntzako profesional batzuek jaso zuten BRMT formazioa Eva Rodriguez adituaren eskutik. Horrekin batera, 4 eta 5 urteko geletan, ikasle guztiei erreflexu primitiboen balorazioa egin genien eta integratu gabe zituzten ikasleekin erreflexuak lantzeko bidea ireki genuen (etxeko lanketa, kanpo espezialistak…).
Ikasturte honetan, gainontzeko HH eta LHko irakasleek jasoko dute formazioa, aditu berarekin. Gainera, HHtik LHko 3. mailara bitartean, ikasgelan BRMT ariketak txertatuko ditugu, erreflexuen integrazioan laguntzeko, eta 4 urteko gelan, ikasleen erreflexu primitiboen balorazioa egingo dugu.
Haurrek jaiotzatik era naturalean egiten dituzten mugimenduetan oinarritutako ariketak dira BRMT terapiarenak. Haurrek egiten dituzten mugimendu erritmikoek burmuineko atal ezberdinak konektatzea lortzen dute (neurogarapena), horrela burmuin-heldutasuna lortuz.
BRMTk proposatzen dituen ariketa erritmikoak baliagarriak dira tonu muskularra erregulatzeko, burmuina, neokortexa eta lobulu frontala suspertzeko, eta arreta eta bulkaden kontrola hobetzeko. Modu honetan, haurra laguntzen dute bere garapen neurologiko eta motorrean.
Hala izanik, gure Ikastolan, haurren garapen integralari begira lanean jarraitzearen aldeko konpromisoa agerikoa da, haurren beharrak erdigunean jarriz eta horiei erantzuteko lanean jarraituz.