Atargi ikastetxeko 6. mailako ikasleok aukera paregabea izan dugu aurten: Isabara eski kanpainara joatea. Denbora luzez prestatzen aritu ondoren, azkenean iritsi zen irrikaz itxaroten genuen astea. Denontzat esperientzia aberasgarria eta ahaztezina izan da, bai eskiatzen ikasteko edo hobetzeko, bai elkarrekin bizitzen, ikasten eta ongi pasatzen jarraitzeko. Ikasle batzuk Onki Xin ostatuan egon ginen eta beste batzuk Metsola ostatuan.
Bi ostatuetan oso giro ona sortu zen, eta elkarrekin bizitzeak are gehiago elkartu gintuen. Goizero, indarrak hartzeko asmoz, gosari oparoa egiten genuen. Gosaria oso garrantzitsua zen, egun luze eta mugitua genuelako aurretik. Goizeko 8:30etan autobusa hartzen genuen, puntu-puntuan, eta “El Ferial” izeneko parajera abiatzen ginen. Autobusean giro polita sortzen zen: batzuk musikarekin, beste batzuk hizketan, eta beste batzuk oraindik pixka bat lozorroan. Iristean, botak eta eskiak jantzi eta eskiatzeko irrikaz pistetara irteten ginen. Goizetan eskiatzen genuen, monitoreen laguntzarekin. Batzuk lehen aldiz eskiatzen ari ziren, eta beste batzuk, berriz, jada esperientzia pixka bat bazuten. Monitoreak oso pazientzia handikoak izan ziren, eta bakoitzaren erritmora moldatzen jakin zuten. Erorketak ere izan genituen, noski, baina horiek ere ikaskuntzaren parte izan ziren. Pixkanaka-pixkanaka, konfiantza hartzen joan ginen, eta egunetik egunera hobekuntza nabaria izan zen.
Eskiatzeko orduak azkar pasatzen ziren, eta 13:30 aldera berriro autobusa hartu eta Isabara jaisten ginen bazkaltzera. Ostatuetan, Davidek Metsolan eta Jonek eta Danik Onki Xinen, harrera beroa egiten ziguten beti. Oso ongi zaindu gintuzten egun guztietan, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu. Bazkaria atseden hartzeko eta indarrak berreskuratzeko une garrantzitsua zen. Gainera, denok elkarrekin egoteko aukera ematen zigun, goizean bizitakoak komentatzeko eta barre egiteko. Arratsaldetan, ekintza ezberdinak egiten genituen, denak oso interesgarriak eta dibertigarriak.
Egun batean, antzerki bat ikustera joan ginen. Antzerkia oso dibertigarria izan zen, eta barre asko egin genuen. Aktoreak publikoarekin harremana sortu zuen, eta gutako batzuk emanaldian parte hartzeko aukera izan genuen. Beste egun batean, herri kirolak egin genituen Erminea frontoian. Bertan, euskal kultura eta tradizioekin lotutako hainbat proba ezagutzeko eta probatzeko aukera izan genuen. Oso dibertigarria izan zen, eta talde-lana zein indarra lantzeko balio izan zigun. Jarduera horren ondoren, izarren inguruko hitzaldi bat eman ziguten. Hitzaldian, kutsadura luminikoaz hitz egin ziguten, eta hausnarketa interesgarria egin genuen gaur egungo gizartean argi artifizialak zer-nolako eragina duen izarrak ikusteko aukeran.
Gauza askori buruz pentsarazi zigun. Beste arratsalde batean, Erronkarira joan ginen. Bertan, crossfit saio bat egin genuen, eta ondoren ekoginkana dibertigarri bat. Jarduera hauek mugimendua, lankidetza eta ingurumenarekiko errespetua lantzeko aukera eman ziguten. Oso ongi pasatu genuen, eta neke pixka bat izan arren, merezi izan zuen. Ostegunekoa azken gaua izan zen eta, Erronkariko polikiroldegian, diskoteka egin genuen. Bertan, Nafarroako beste eskola batzuetako ikasleekin batera egon ginen. Musika, dantza eta algarak nagusi izan ziren, eta une horrek lagun berriak egiteko aukera ere eman zigun. Gainera astean zehar monitoreek egindako argazkiak ikusi ahal izan genituen. Azken egunean, goizean beti bezala eskiatu genuen.
Jada askoz seguruago sentitzen ginen elur gainean, eta askok gure buruak harritu genituen egindako aurrerapenarekin. Batzuk “Heriotzaren aldapatik” jaistera ere ausartu ziren! Azken eski-eguna laburragoa izan zen, bazkaldu ondoren etxera itzultzeko autobusa hartu behar genuelako. Autobusean, asko lokartu ziren, leher eginda halako egun eta gau intentsuen ondoren, baina denok pozik, bizitako guztia buruan bueltaka. Argi dugu Isabako eski kanpaina betiko gogoan izango dugula. Esperientzia honek asko irakatsi digu: eskiatzen ikasteaz gain, elkarbizitza, errespetua, autonomia eta adiskidetasuna lantzeko aukera eman digu. Momentu polit asko bizi izan ditugu, eta ziur gaude urteak pasa arren, oroitzen jarraituko ditugula. Eskerrik asko esperientzia hau posible egin duten guztiei.