Andra Mari Ikastolak betidanik sinetsi du aniztasuna aberastasun iturri dela. Horren adierazgarri da egitura espezifikoak deitzen diren gela berezien sorreran Sakanako ikastola aitzindari izana. Gaur egun bi egitura berezi ditu: Lehen Hezkuntzako Trantsizio Gela (lau ikaslerekin) eta DBHko Ordezko Gela (hiru ikaslerekin).

Ikasle hauen hezkuntza-esperientzia aberasteko eta estimulazio multisentsoriala sustatzeko asmoz, eta Lizarra Ikastolako eredua jarraituz, datorren ikasturtean Snoezelen gela multisentsorial berritzailea jarriko dute martxan Etxarriko Ikastolan. Espazio honen diseinuak ikasleen estresa murriztu, lasaitasuna sustatu eta murgiltze-ingurune batean zentzumenak indartzea ahalbidetzen du.

Ikasleen beharretara egokitutako kalitatezko hezkuntza eskaintzeko helburuarekin, gune berria Utzubar Txiki eraikinean kokatuko dute. Bertan, ikasleen ongizatean eta garapenean eragin positiboa izango duen hezkuntza-esperientzia paregabea eskainiko da.

Irakasle talde bat formakuntza berezia jasotzen ari da Janire Rojasekin.

Snoezelen ikasgela multisentsoriala ez da soilik hezkuntza-baliabide bat; erlaxazio- eta barealdi-oasia ere bada. Ikasleen egunerokoan sortzen diren estresa eta antsietatea arintzeko espazio egokia izango da, deskonektatzeko eta bakea aurkitzeko aterpea.

Estimulazio multisentsoriala funtsezkoa da gaitasun kognitibo eta motorrak garatzeko. Espazio honek bost zentzumenak lantzen ditu: ikusmena, entzumena, usaimena, ukimena eta sistema bestibularra. Horretarako, besteak beste, honako elementuak izango ditu: ur-ohe termoerregulagarriak eta bibroakustikoak, ur-zutabeak, argi beltzak, musika-ekipoak, zuntz optikozko sortak, ukipen-panelak, bereizmen handiko proiektagailuak, hamakak, argi-mahaiak eta boladun igerileku bibroakustikoak.

Proiektu hau gauzatzeko, Andra Mari Ikastolako irakasle talde bat Janire Rojas adituaren eskutik Snoezelen metodologiari buruzko prestakuntza jasotzen ari da.

Azpimarratzekoa da zentzumen anitzeko gela hau ez dagoela erabiltzaile profil jakin batera mugatuta. Izan ere, pertsona guztiek balia ditzakete zentzumenen estimulazioaren onurak, buru-blokeoak gainditzeko edo gaitasun kognitibo eta motorrak sustatzeko.

Lehentasuna Trantsizio Gelako eta Ordezko Gelako ikasleek izango badute ere, Haur Hezkuntzako eta gainerako mailetako ikasleek ere erabili ahal izango dute. Gainera, ordutegi lektibotik kanpo, ikastolakoak zein kanpokoak diren ikasleentzat ere zabalik egongo da; horrela, Andra Mari Ikastolak herriari egingo dion ekarpen berritzailea izango da.

Espazio honen malgutasunak ikasle bakoitzaren behar zehatzetara egokitzea ahalbidetzen du, ikasturtean zehar sor daitezkeen banakako erronkei erantzun eraginkorra emanez. Horrenbestez, gela multisentsorial hau Andra Mari Ikastolak bere ikasleen aniztasunarekiko eta inklusioarekiko duen konpromisoaren beste adibide bat da.

Laburbilduz, martxan jarriko duten Snoezelen zentzumen anitzeko gela ez da soilik hezkuntza-espazio bat; erlaxatzeko, zentzumenak estimulatzeko eta ongizatea sustatzeko babeslekua ere izango da. Ekimen honek erakusten du hezkuntza inklusiboa, berritzailea eta aberasgarria posible dela, eta irakaskuntzaren bilakaeran mugarri bat ezarriko duela. Izan ere, Snoezelen kontzeptu holandarrak adierazten duen bezala, espazio honek ikasleak “ongizatea arnastera” eramango ditu.