donostia - Zelaia sagardotegiak irabazi du XVII. Sagardo Lehiaketa. Hernaniarrak finalera iritsi dira beste sei sagardotegirekin batera eta txapelketa lortu dute. Garaipenaren saria 3.000 euro, garaikurra eta txapela izan dira, baina aurten nobedade bat izan da eta irabazleak egiaztagiri zigilu bat ere jaso du, hurrengo kanpainan zehar erabili dezakeena. Lehiaketan bigarren postua Zapiain sagardotegiak lortu du, 1.250 euro irabazita, eta hirugarren postua Gaztañagarentzat izan da, 800 euroko sariarekin.

Sari banaketa atzo goizean ospatu zen Gipuzkoako Foru Aldundian. Hirugarren postutik hasi zen ekitaldia eta irabazlearen izena azkenekoa izan zen. Gaztañaga sagardotegitik Jose Angel Gaztañagak jaso zuen saria. Zapiainetik berriz, Egoitz Zapiainek jaso zuen eta, azkenik, Zelaiatik, Oihana Gainzerainek.

Aurtengo lehiaketak beste berrikuntza batzuk ere izan ditu. Lehenengo aldiz, bertako sagarrarekin ekoiztutako sagardoak aurkeztu dira. Gainera, sari banaketaren ekitaldia eta amaierako dastaketa desberdinak izan dira leku eta formatuari dagokionez. Dastaketa Fraisoroko Nekazaritza eta Ingurumen Laborategiko instalazioetan egin da eta ez Gastronomika elkartean, aurreko urteetan egin zen moduan.

Atzoko ekitaldian, Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu zuen Gipuzkoan sagardoa garran-tzi handiko azpisektorea dela, ikuspuntu ekonomiko eta kulturaletik eta ekoizpenaren ikuspuntutik. Gainera, Olanok nabarmendu zuen sagardoaren sektorea “indartsu eta sendo” dagoela eta argi utzi zuen Foru Aldundiaren helburua sagardo naturala “merkaturatzea, ezagutaraztea, sustatzea, indartzea eta gero eta lehiakorragoa izatea” direla.

2017ko sagardoaren ezaugarriak ere nabarmendu zituzten ekitaldian. Uzta “historikotzat” hartu zuten bildutako sagar kopurua oso handia izan baitzen. Gipuzkoako sagardotegietan 11,61 milioi litro ekoitzi zituzten, horien %85 tokiko sagarrarekin eta %15 kanpokoarekin. 2018ko uztari dagokionez, sagar uzta baxuagoa aurreikusten dute. Aurreko urtekoarekin alderatuta, %40 baxuagoa.