Ekitaldia 12:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da aretoa bete arte. Emanaldian, Donostian esanguratsuak izan diren pertsona ugari izango dituzte gogoan beraien sorkuntza ezberdinen bitartez: Jose Olaizola, Inozenzio Gaztelumendi, Victoriano Iraola, Juan Cuadrado edo Luis Udakiola, adibidez.

Egitaraua Gure Donosti obrak emango dio hasiera kontzertuari Jose Olaizola musikariaren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena gogora ekarriz; Hernanin jaioa, noraino donostiartsu zen erakusten duen obrarekin. Inozenzio Gaztelumendi hondarribiarra bezalaxe, gazte Donostiara etorririk bertan eman zituen bizitza musikaleko ondoriorik ederrenak, Santa Zezilia abesbatza sortu esaterako. Donosti zarra pasodoblea joaz ekarriko dute gogora.

2019an, Raimundo Sarriegiren abestietarako bertso egile sarriena izan zen. Iraolaren mendeurrena gogorarazteko asmoz bere testuak dituzten bi abesti eskainiko dituzte txistulariek Eneko San Sebastian eta Haizea Muñoz bakarlariekin batera: Ume eder bat edo Petra txardin saltzaillia, esaterako.

Iaz hil zen Luis Udakiola txistulari eta biolin jotzailea ere oroituko dute kontzertuan Zuhaiztiko haur dantzarien laguntzaz, laster helduko diren inauterietarako hark prestatutako doinu barregarri eta zaratatsuak joaz.

Eta azkenik, Ibon Casas musikari donostiarrak sortutako rock itsua estreinatuko da lehen aldiz txistu talde eta danborradarekin jota; honen asmoa, Casasek jaiotzez duen gaixotasunaren ezagutza zabaltzea: erretinosi pigmentario kongenitoa. Apaga la luz y verás abestiak bide horri ekin dio, orkestra, musika banda eta tankera guztietako musika talde jo dutelarik azken urteetan eta lehen aldiz txistulari eta danborradak eskainiko dute.

Kontzertu berezi honekin San Sebastian patroiaren ospakizunei hasiera emango zaie giroa eta hiria prestatzen has dadin.