“Lo nengoen, horrela gertatu zen dena. Kongresua suntsitu zutenean, ez ginen ernatu; terroristak sartu zirenean eta legedia bertan behera utzi zutenean ere, ez ginen jeiki. Eta orain... ernatu naiz”. Beranduegi ernatu, alta. Juneren hitz hauekin abiatzen da Margaret Atwood idazlearen izen bereko eleberrian oinarritzen den telesailaren lehenengo denboraldia, Handmade’s Tale. Hitz horiekin saiatzen da protagonista, emakumeen eskubide guztiak suntsitu dituen Gilead Errepublika patriarkal, homofobo, misogino, totalitario eta teokratikoaren inposaketa nola gertatu den azaltzen.

Ezinezkoa da, bizi gaituen garaiotan, obra honekin ez oroitzea. Fikzioa eta errealitatean arteko arrakala hain estua dela nabari-tzeak izutu egiten du, izan ere. Aste honetan bertan Jule Goikotxea aktibista feministak NAIZ hedabideak egindako elkarrizketa batean erran bezala, “erregimen politikoak aldatu egingo dira, diktadurak eta autoritarismoa etorriko dira, urte bortitzak izango dira”. Argi dago garai makurren itzala dagoeneko atzemanten dela, baina, konturatzen ahal gara itzal horrek uste baino lehenago estali gaitzakeela? Hemendik gutxira gauzak okerrera jo dezaketela pentsatzea, susmo bat baino aunitz gehiago dela erranen nuke.

Fatxismoaren indarberritze aldian gauden honetan, sekula baino beharrezkoagoa suertatzen da ahal bezain ozenen oihukatzea, bagarela erakustea, emakumeok orain arte lortutakoari eusteko eta oraindik lortzeko ditugunengatik borrokatzeko indarrean gaudela agertzea. Feminismoak ez duelako inolako adjektibo zuritzailerik onartuko, feminismoa badelako eta baduelako berezko entitatea, definituko duen sigla politikoen edo alderdiren inolako beharrik gabe.

Argi dago emakumeen eskubideen eta berdintasun osoaren aldeko borroka egunero libratzen dela, sistema patriarkal eta matxistak gure bizitzako alor guztietan zeharkatzen eta baldintza-tzen gaituen heinean. Baina etengabeko lehia horretan, badira kalera atera eta indarra erakutsi beharreko une zehatzak. Gaur, egun horietako bat da. Ikusi dezatela ez garela lokartu.

La autora es periodista