iruñea - Komunikazioaren teorian, izenik ez duena existizten ez dela erraten da. Hitzek definitzen dute gure ingurua, hizkuntzaren bitartez marrazten dugu gure errealitatea. Gure jendartea den zirriborro honetan, hala, emakumeoi gure genero rolak ezarri zaizkigu, komunikazioaren bitartez eta komunikazioaren baitan ere. Gai honen argi-ilunetan sakondu eta ikasleei tresna eraldatzaileak eskaintzeko, Arantza Gutierrez Euska Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate saileko irakasleak Komunikazio estilo feminista ikastaroa eskaini du Iruñean, Itxaso Fernandez EHUko irakaslearekin batera. Ikastaroa, Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik eskaini da.

Pilar Careaga filologoak zera dio: “Hizkuntza gizonezkoek sortu dute, gizonentzat da eta gizona dauka helburu bezala”. Zer deri-tzozu horri?

-Guztiz ados nago, hizkuntza oso androzentrikoa da. Guk, adibidez, euskarak genero markarik ez duela esaten dugu, hizkuntza erroman-tze bezala, eta horrekin lasai geldi-tzen gara. Baina ez, euskara ere oso androzentrikoa da. Egia da gauza batzuk egokitzen ari direla, “itsasgizona” eta halako hitzak, baina gauza asko oraindik oso androzentrikoak dira. Nondik hitz egiten dugun aztertzea ere garrantzitsua da, ikuspegia askotan androzentrikoa baita, adibidez, “futbolistak eta euren neska-lagunak” esaten dugunean.

Komunikazio feminista lantzerakoan, hartara, hizkuntza baino askoz ere gehiago jorratu behar da.

-Bai. Komunikazioa hizkuntzatik harago doa, nola hitz eginten dugun ere jorratu behar da: espazioaren okupazioa, hitz egiten hasteko modua... Askotan, hitz egiten hasten garenean, emakumeok barkamena eskatzen bezala hasten gara: “Ez dakit esan behar dudana sobera garrantzitsua den baina...”, adibidez. Halaber, asko galdetzen dugu. Batzuk inseguritate bezala ulertzen dute hori, baina ez du zertan horrela izan behar. Halakoak, entzulea hitzaldian sartu dadin egiten ditugu maiz. Kooperazioa da. Zentzu horretan, emakumeok sare horizontalak landu izan ditugu komunikazioan.

Orduan, zertaz datza komunikazio feminista?

-Alde batetik, asertiboa da, ez agresiboa, ez pasiboa. Ondoren, entzute aktiboak garrantzi handia dauka. Komunikazio feminista enpatikoa izan ohi da, errespetutik egiten da, eta taldea banakoaren aurretik jar-tzen du. Kolaboratiboa da. Inor mindu gabe komunikatzen gara, bestarengan zaintza bat dago. Zerbait esaten dugunean, besteak nola hartuko duen kontutan izaten dugu komunikazio feministaren bitartez. Normalean, betaurreko moreak jarri eta ikuspegi feminista izaten hasten garenean, inklusiboagoak izaten hasten gara. Feminismoa transbertsala da, eta ezin da izan edonolako bazterketa klaseren kontrakoa ez bada. Feminismoak, pertsona jartzen du erdigunean.

Esparru publikoan, komunikatzeko modua tradizionalki espazio horren jabe izan diren horien estiloan egin behar dela ulertu izan da, hau da, gizonezkoen estiloan...

-Hala izan da. Espazio publiko horietan parte hartu izan duten emakume batzuekin horretaz hitz egin izan dudanean, oso nekatuta amaitzen dutela esan didate. Eztabaida batean, bilkura batean edo mahai-inguru batean, adibidez, gizonen komunikazio eredu horretan jarri izan direnean, oso nekatuta amaitzen dute. Koste handia dauka. Ez bakarrik esparru publikoetan, baita beste esparruetan, lan bileretan adibidez. Zein neketsua den gizon bati behin, bitan eta hirutan gauza berdina errepikatzea eta ondoren hark zuk esandako bera errepikatzea, zuk esan ez bazenu bezala. Zuk esandakoa ulertuko ez balitz bezala. Gauza horiek landu beharra dira. Ikastaroan ez da gizonik matrikulatu, baina beraiek ere landu beharko lukete guzti hau. Komunikatzerakoan dauzkaten pribilegioen jabe izan beharko lirateke.

Mansplaining delakoari aurre egin dezaiokegu, beraz? Nola?

-Pribilegioetan ez erortzen eta gure artean segurtasunez hitz egiten. Alde batetik, segurtasun hori hartu behar dugu. Asertibitatea landu behar dugu, bai gizon bai emakumeok. Azken batean, hau ez badugu elkarren artean lantzen ez goaz inora.

Zein puntutaraino definitzen gaitu hitz egiteko moduak genero rolei dagokienez?

-Asko. Edozein etxetan ikusi daiteke hori. Familia baten baitan seme batek edo alaba batek gauzak eska-tzeko duten modua ikustea besterik ez dago. Klasean ere argi ikusten da aldea. Hitza hartzen duten lehenengoak, normalean, mutilak izan ohi dira. Emakumeoi beti esan digute, txikitatik, isilik ederrago gaudela. Nik neuk, unibertsitatean ikasketak hasi behar nituenean, nire aitak “sobera ez nabarmentzeko” esan zidala gogoratzen dut. “Ez badizute galdetzen, ez erantzun”. Mutil bati ez zaizkio horrelakoak esaten.

Hala ere, beti gaude garaiz gure komunikatzeko modua aldatzeko, ezta?

-Bai, noski. Eta ez ditugu sinetsi behar besteek esaten dizkiguten gauzak. Aldatu daiteke, besteengan eragina izan dezakegu. Horretarako, emakumeok gure gainean jartzen ditugun zama batzuk kendu behar ditugu. Ez da gure errua, espazio publiko batzuetan parte hartzeari uko egiten diogunean ere. Esparru horiek erosoagoak izan behar dira emakumeontzako, ez da gure errua ez bagara eroso sentitzen. Baina ondo dago gu ahalduntzea. Norberak egin behar duen prozesu bat da ahalduntzearena, inguruak lagunduko bazaitu ere. Bakoitzak, senti-tzen duenean eta nahi duenean egiteko eskubidea dauka, besterik ez.

Komunikatzeko modua aldatzen dugunean gure ingurua aldatzen dugula erranen zenuke?

-Bai, hori da. Eta irribarrea galdu gabe eta gure emozioak ukatu gabe egin daitekeela esango nuke. Zen-tzu horretan ere asko baldintzatzen zaigu emakumeoi. Julen Guerrerok Athletik utzi behar zuela iragartzerakoan negar egin zuenean, denek sentikortzat hartu zuten. Baina indarrez hitz egiten ari den emakume negarrez hasten bada, ahuldadetzat hartzen da.

Urrutira joan gabe, hor dago Ada Colauren adibidea, elkarrizketa batean negarrez hasi zenean sare sozialetan sortu zen iskanbila.

-Hori da. Eta batzuetan, negarra, barrea bezala, ateratzen zaizun zerbait da, ez da ahuldade seinalea. Horregatik, boteretu eta horrelako zerbait ateratzen zaigunean horrekin bizi behar dugula ulertzea garrantzitsua da.

Aste honetan eskaini duzuen ikastaroan, besteak beste, saio praktikoak ere egin dituzue. Norberak duen komunikazio estiloaz kon-tziente izateko?

-Bai, bakoitza nolakoa den ezagu-tzea garrantzitsua da. Behin, ikasle batek oso lotsatia zela esan zidan. Eta nik zera esa nion: lotsatia zara, edo portaera lotsatiak izaten dituzu? Definitzen garenean, normalean, aldatu ezin ditugula uste dugun gauzekin definintzen gara. Noski, badira aldatu ezin dituzun gauza batzuk, baina beste asko aldatu daitezke. Hortik abiatu behar gara gauzak lantzeko. Ohitura txar batzuk kendu behar ditugu. Duela gutxi, esparru publikoan aritzen den lagun feminista batekin hitz egiten aritu nintzen. Bere hitzaldietan, beti hasten da: “Hau ez dakit sobera garran-tzitsua den baina...”. Eta horren inguruan atentzioa deitu nion. Zergatik hasi horrela? Norbaitek hitzaldi bat emateko deitu bazaitu, zuk esan behar duzun hori garrantzitsua irudituko zaiolako izanen da.

Kontziente izan arren, komunikazio ereduak gure baitan oso barneratuak daudela erranen zenuke?

-Bai. Gainera, gure estilo komunikatiboa ahultzat hartu izan ohi da eta horrela neurtu izan da, beste saritua izan den bitartean. Irantzu Varela bat baldin bazara eta jarrera oldarkorragoa baldin baduzu, aldiz, kritikatu egingo zaituzte, emakumea zarelako eta ezarritako kanonetatik ateratzen zarelako.

Zer egin guzti horren aurrean?

-Gurera jarraitu. Batzuetan, inguruan aldaketak gertatzen dira. Poliki-poliki, baina gauzak eraldatzen joaten dira.