DONOSTIA - Euskaraldiaren lehen edizioaren oihartzuna bizirik dagoela uste du Arrate Illarok. Landatutako hazia gutxinaka hasiz doa baina ura ematen jarraitzea ezinbestekoa da. Bide onetik doaz. “Hizkuntza ohiturak aldatzeko lehen pausoa gogoeta sortzea da”, dio ekimenaren koordinatzaileak lorpenez hitz egiterakoan. Oinarria mantenduz, belarriprest eta ahobizi rolak, Euskaraldiak urrats bat gehiago emango du datorren urtean. Horrela, entitateen inplikazioa bilatuko da arigune izeneko proposamenarekin, binakako elkarrizketetatik taldekako elkarrizketetara igarotzeko.

Euskaraldiaren lehen edizioan jarrerak aldatzea eta aurreiritziak gainditzea lortu zen.

-Bai, hizkuntza ohituretan zelako eragina izan zuen irailean jakingo dugu, Soziolinguistika Klusterra ari da horretarako ikerketa lan sakon bat egiten. Orain arte jasotako bizipenak eta pertzepzioak ditugu, herritar askok helarazi dizkigutenak. Irudi-tzen zaigu bi gauzaten egon dela aldaketa: hizkuntza ohituretan, zenbatekoa ez dakigu, eta, bestetik, hizkun-tzarekiko gogoeta bat lortu genuen, euskara egun batzuetan erdigunera eramanez.

Zeintzuk izan dira gogoeta horien ondorioak?

-Herritar askok aipatu zuten uste baino jende gehiagok ulertzen zuela euskara bere inguruan, aurreiritzi bat bazegoen hor. Bestetik, nahikoa zela pertsona batek euskara ulertzea guk, hala nahi badugu, euskaraz hitz egiteko. Eta, horrez gain, lehen hitza euskaraz egitea ez dela errespetu falta bat, uste baino jende gehiagok uler-tzen duela eta ez dugula zertan pentsatu behar pertsona horrek ez dakiela euskaraz. Aurreiritziak alda-tzeko palanka batzuk mugitu genituen.

Kultura soziolinguistiko berri bat ere aipatu duzue.

-Arau sozielan kontzeptua da alda-tzen hasi garena. Ez da egun batetik bestera aldatzen. Arau nagusi bat hau da: Ez da beharrezkoa zuk niri euskaraz egitea nik zuri euskaraz egiteko, baldin eta ulertzen baduzu. Bakoi-tzak nahi duena egingo du. Elkarbizi-tzarako beste aukera bat ematen digu, euskaraz bizi nahi dugunok ere erosoago bizitzeko.

Aldaketa denboran mugatua izan zen. Euskaraldiaren oihartzunak jarraitzen al du?

-Iruditzen zaigu baietz. Hamaika egunerako dinamika handia izan zen, bagenekien denbora mugatuan zela eta jarraipena beharko zuela. Saiatu ginen nabarmentzen kontua zela tresna batzuk jasotzea gainontzeko egun guztietan aldatzen jarraitzeko. Batzuek esan digute lankideekin, ordutik, euskara gehiago egiten dutela edo hizkuntza ohiturak aldatu dituztela. Hizkuntza ohiturak alda-tzeko lehen pausoa gogoeta sortzea da. Batez ere ilusioa nabarmendu genuen eta berriz egiteko gogoa ikusten dugu.

Zer ikusi zenuten hobetzeko?

-Bagenekien oso ekimen masiboa zela, lehenengo aldiz Euskal Herrian lankidetzan egiten genuena eta hobekuntzak egin beharko genituela. Identifikatu dugun nagusiena ahobizi eta belarriprest rolen definizioa da. Herritar askok ondo ulertu zuten, baina beste askok gaitasunarekin lotu zituzten: euskara egiten dakit edo ez dakit. Baina Euskaraldiko rolek adierazten dutena da pertsona bakoitzak zelan egiten duen, ez zenbat dakien. Horretan jarri nahi dugu indarra datorren urte eta erdian. Belarriprest bat euskaraz oso ondo moldatzen den pertsona bat izan daiteke. Ez da nik euskaraz dakit berdin ahobizi naiz, baizik eta nik zelan egingo du ariketa 15 egun horietan? Horren arabera izango naiz bata ala bestea. Biak dira beharrezkoak.

Nahasmen pixka bat egon zen. Baina argi dago ahobizi dena belarriprest ere badela, ezta?

-Bai, hori da. Baina askotan belarriprest den pertsona bati, euskaraz ondo moldatzen bada, galdetu izan diote: ‘Nola belarriprest? Zu ahobizi bazara!’. ‘Ez ez, nik ez diet euskaraz egiten ulertzen duten guztiei une oro, ni belarriprest naiz’. Horrelako gaizki ulertu batzuk egon ziren.

Logistikari dagokionez, berriz ere txapak erabiliz identifikatuko dira belarriprestak eta ahobiziak?

-Bai, ez dakit bestelako identifikazio ikurrik sortuko dugun, oraindik prozesuan gaude, baina parte-hartzaileak identifikatuko ditugu ikusten dugulako horrek asko errazten duela ekimena gizarteratzen eta pertsona horiei zertan ari diren kontatzen. Beste belarriprest edo ahobizi bat ikusteak ahalduntzen laguntzen du. Lehen Euskaralditik jaso genuen inputetako bat konplizidaderena izan zen.

Berrikuntza nagusietako bat arigunea da. Nola azalduko zenuke?

-Kontzeptu berria da eta gizartera-tzeko denbora bat beharko dugu. Lehenengo edizioan batez ere bi pertsonen arteko hizkuntz ohituren aldaketara begira jarri ginen. Oraingoan hori taldera zabaldu nahi dugu: gure ohiko taldeetara, ez berrietara. Lantokietan, elkarteetan, asanbladetan, kiroldegietan? Egunerokoan ditugun espazio horietan nahiko genuke ariketa kolektiboa egitea. Ohiko dinamika daukan talde bat da, ez Euskaraldirako propio sortua; kide guztiek euskara ulertzen dutena eta kide guztiek elkarrekin erabakitzen dutena ahobizi eta belarriprest izango direla ariketan. Pertsona bakoi-tzak erabakiko du bere rola zein izango den, baina elkarrekin adostuko dute hizkuntza ohiturak taldean aldatzea.

Enpresa pribatuen parte-hartzea ere bilatuko duzue?

-Bai, ariguneak talde antolatu eta egituratuetan gertatuko dira. Egunerokoan, herritarrok espazio horietan mugitzen gara eta espazio horietan behar ditugu baldintza erosoak euskaraz egin ahal izateko. Entitateek hor zeresan handia dute, bertako arau antolatuak edo sozialak baldintzatzen dute, onerako eta txarrerako, hizkun-tzaren erabilera eta herritar bakoi-tzak hautua egin ahal izatea. Entitate horiek euskaraz egiteko espazioa babestea nahiko genuke, gizarteko eragile guztiak behar ditugu.

Binakako elkarrizketetik taldekako elkarrizketetara zabaltzeko helburua ere baduzue. Horrek zerikusia du ariguneekin?

-Bai, hori da. Gure ohiko talde horietan elkarrekin adostuko dute ‘emango diogu buelta bat gure hizkuntza ohiturei?’. Hori gertatuko da taldeko norbaitek proposatzen duelako edo entitate horietako arduradunek esaten digutelako. Guztiek egiten badute ariketa errazago izango da eragina izatea 16. egunetik aurrera ere.

Hurrengo Euskaraldiak 15 eguneko iraupena izango du. Zergatik lau egun gehiago?

-Progresibotasun bat ikusten dugu hizkuntza ohiturak aldatzeko horretan. Ariketa sakontasun edo trinkotasun gehiagorekin egiteko hamaika egunetan tentsioa mantentzea ez zen erraza izan eta ez da izango 15 egunetan mantentzea, baina beste urrats bat eman nahi dugu. Gainera, taldeetan egin nahi dugunez kasu askotan, horietako askok aste bitarteko dinamika dute, lantokiek adibidez, eta beste batzuek asteburuetako dinamika.

Lehen edizioak 220.000 partaide izan zituen, baina hori baino euskaldun gehiago dago. Zifra areagotzeko asmoa duzue?

-Parte-hartze handiagoa bilatzen dugu baina batez ere kualitatiboki, ez hainbeste zifretan. Parte hartzen duten horiek rola ondo ezagututa eta gogoeta eginda eman dezatela izena nahiko genuke. Eta Euskaraldia zabaldu nahi dugu lehenengo edizioan zabaldu ez zen gune askotara. Euskaldun guztiek ez zuten Euskaraldiaren berri izan, edo ez garaiz. Entitateen laguntzarekin euskaldunak dauden leku horietara heldu nahiko genuke. Parte-hartze kopurua zein izango den ez dakigu baina kualitatiboa da bilatzen dugun hori: espazio gune anitzetara iristea.

Geografikoki ezberdintasunak sumatuko zenituzteen lurralde ezberdinen artean. Ahalegin gehiago egin behar al da horietako baten?

-Datuak ez ditut buruan. Gipuzkoa zen parte-hartze handiena zuena. Egoera soziolinguistikoak desberdinak dira lurraldez lurralde, baina eskualdetik eskualdera ere bai. Euskaraldiak oinarri bat izatea bilatzen dugu, herri batzordeek moldatu ahal izango dutena bere beharrizanetara. Ariguneak leku batzuetan pisu gehiago izango duela aurreikusten dugu, eta, beste batzuetan, beharbada, ez. Ariguneei buruz hitz egiten dugu berrikuntza nagusia delako, baina Euskaraldiko oinarria, ahobizi eta belarriprest izango diren norbanakoak, mantendu egingo da.

Sumatu duzue belarriprestak ahobiziekin aritzen direnean ‘kutsatu’ egiten direla. Hizkuntza simetria deitzen diozue.

-Bai, hainbat kontzeptu daude. Baina egia da elkarrizketa elebidunak edukitzea ez dela batere erraza. Pertsona batek ez baldin badu euskaraz egiten gazteleraz egiteko joera zen, eta, orain, ulertzen baldin badu, nahiz eta ez egin, hor zerbait apurtu da, oinarria ez da beti gazteleraz egitea. Zer gertatu da? Ulertzen duen pertsona hori ere euskarara pasatzen dela. Euskaraldia egin baino lehen, herriz herriko dinamiketan, ikusi da belarriprestek euskara gehiago egiten dutela ariketak irauten duen bitartean eta iruditzen zaigu hori jasoko duela bigarren edizioak ere.

Ohiturak aldatzeko gogoa baino ez da behar?

-Ez, gero egiten jakin behar da. Baina berdin hizkuntza ohiturak, berdin kirola egiten hastearekin? Guztiak behar du oinarrizko ezagutza bat atzean aldaketa hori jasangarria izan dadin denboran, motibazio bat egon dadin eta ez dadin amore emateko arrazoi bat izan. Hori da gure lanetako bat: tresna eta ezagutza horiek ematea, nola alda dezaketen ikus dezaten. Gauza txikietatik hasi daiteke, gero gauza handiagoetara pasa-tzeko: askoz errazagoa da elkarrizketa labur baten euskaraz egitea luze bat mantentzea baino. Ezezagunekin askotan ditugun elkarrizketak oso laburrak dira: kafe bat eskatzen dugunean edo geltokian langile bati zerbait galdetzen diogunean. Konplexuagoa da eguneroko gure gertuko pertsona horiekin, bikotearekin, lagunekin edo lankideekin, ohiturak aldatzea.