Euskadik EU STEM Coalition proiektuan parte hartzen du. Koalizioaren helburuak Europako STEM Plataforma bat sortzea edo arlo horretan jardunbide egokiak elkartrukatzeko lagungarri izatea dira. Euskadik Hegoaldeko Nodoa koordinatuko du Europako koalizioan. Koalizioan beste 17 herrialdek parte hartuko dute.

Bizi dugun teknologia-garapenaren erritmo gero eta lasterragoaren ondorioz batez ere, profesionalei eskatzen zaizkien gaitasunak eta trebetasunak abiadura bizian ari dira aldatzen, baita teknologia gutxien duten arloetan ere. Horri gehitu behar zaio behar handiagoa dagoela STEM deituriko arloetan (Science, Technology, Engineering eta Mathematics) gaitutako gero eta pertsona gehiago izateko. Europa osoan zabaldutako errealitate horren aurrean, hala Estatuek nola eskualdeek beren STEAM heziketa-ekimenak eta -programak jarri dituzte abian, hezkuntza maila guztietako ikasleen artean aipatutako bokazioak sustatzeko, hasi adin gazteenetatik eta unibertsitateko etaparaino. Hartara, profil profesional horien urritasunari aurre egitea da asmoa, eta hezkuntzatik lan-merkaturako bidea hobetzea. Hala ere, sarritan batzuek zein besteek hartutako ikuspegietan aldea handia izaten da. Ondorioz, guztien arteko koordinazioa hobetzeko premia handia sumatzen da, baita ikuspegi estrategikoagoak garatzekoa ere, bereziki oraindik STEAM estrategiarik abian ez duten estatu edo eskualdeetan.

Helburuak

Horrenbestez, Euskadik parte hartzen duen ekimen honen helburu nagusietako bat da Europako STEM Plataforma sortzea, dagoeneko existitzen den EU STEM Coalition-en oinarrian eraikia. Plataforma honek ezagutzaren gune gisa funtzionatzea nahi da, estatuei edo eskualdeei haien STEAM estrategiak hobetzeko zuzeneko laguntza emanez eta, bereziki, arlo horretako jardunbide egokien elkartrukea eta nazioarteko lankidetza erraztuz. Etorkizuneko Europako plataforma berri hori sortzeko, proiektuak 2020tik 2022 urtera egingo diren zeregin eta ekintzen egutegi bat proposatzen du.

STEM Koalizio honek, halaber, bilatzen du egun arlo horren inguruan batere ekimenik abian jarri ez duten herrialdeetan STEAM estrategiak garatzea, horretarako Europako herrialde edo eskualde horietan hezkuntza-erantzukizunak dituzten erakundeak inplikatuz.

Proiektu honek, STEM bokazioak bultzatzeko programa eta ekimen horiek ezartzeko orduan, “helize hirukoitza” deitutakoa (gobernua, enpresak eta hezkuntza) osatzen duten eragileen arteko lankidetzaren garrantzian jartzen du azpimarra. Era berean, garrantzi handia ematen dio eskualdeko testuinguruari ere, STEAMerako eskualdeko ikuspegien eta ekimenen garapena aitortuz; izan ere, proiektuak kudeatu behar duen erronkak ez du konponbide bakar bat estatu bakoitzaren barruan edo Europan.

STEAM Euskadi Estrategia

Euskadi eta Eusko Jaurlaritza ez dira STEAM hezkuntzari bultzada emateko beharrizanetik bazterrean geratzen. Horregatik, Hezkuntza Sailak iazko ekainean STEAM Euskadi Estrategia jarri zuen abian eta, are, Sail honen ildo lehenetsietako bat da hau. Estrategia horren ezarpenaren helburua da EAEko hezkuntza-etapa guztietako ikasleen artean zientzia zein teknika arloko heziketa eta prestakuntza bultzatzea, arreta jarriz emakumezko ikasleei bereziki, hauen artean STEM deitutako lanbideak sustatzeko.

STEAM hezkuntza deitzen zaio zientziak, teknologia, ingeniaritza eta matematikak Arte eta Humanitateei loturik bateratzen dituen hezkuntzari, ikasleei STEM deitutako lanbideen inguruko interesa pizteko helburuz. Bada, STEAM akronimoak barnean hartzen duen “A” bokalak (“A”, ingelesezko Arts hitzaren hasierako letra), erreferentzia egiten dio STEAM jarduerak garatzean ikasleek ?gai zientifikoetako diziplinetako berezko gaitasunez gain- landu eta ikasten dituzten zeharkako beste gaitasun sorta bati. Gaitasun horiek dira, adibidez, talde-lanean aritzeko gaitasuna, komunikatzeko trebezia, eta sormena, besteak beste.

UNESCOk berak Science Education txostenean ezartzen duenez, zientzia eta teknologiarako gaikuntza gako-elementua da, eta ezinbesteko jotzen du arlo horietako hezkuntza sustatzea hezkuntzako maila guztietan eta, oro har, gizarteko hezkuntza zientifikoa hobetzea. Halaber, arreta berezia jartzen dio gazteek, bereziki neskek, zientzia- eta teknologia-arloetako ibilbide profesionalak hauta dezaten bultzatzeari.