Enbor bereko zuhaitz ardaxkak

Valeria pascuet, gorka melus eta saioa crespo ikasle ohiek goxotasunez gogoratzen dute ikastolan bizitakoa

10.02.2020 | 08:44
Valeria Pascuet, Gorka Nelus y Saioa Crespo.

Arbola zutik mantentzen dutena sustraiak izaten diren modu berean, sorterria, haurtzaroa eta, nola ez, baita eskola ere izan ohi dira nortasunaren lehenengo adreiluak, akaso garrantzitsuenak, ezartzen dituztenak. Argia Ikastolaren geletatik ikasle aunitz igaro dira urte guzti hauetan eta, urteen ibilean, bakoi-tzak bere ibilbidea jorratu du, leku desberdinetara eraman dien ibilbidea, irteera-leku antzekotik abiatuta betiere. Valeria, Gorka eta Saioaren kasuak, guztien artean hiru dira, bizitzaren aniztasuna erakusteko aski baliagarriak direnak: futbol jokalaria bata, irakasleak beste biak. Argia Ikastolako geletara itzuli den bat, eskola publikoan irakasle bestea, atzerrian ikasle hirugarrena. Valeria Pascuet, Buñueletik AEB-tara Txikitatik maite zuen Pascuetek futbola. Buñuel herrian sortu zen 1998ko martxoaren 15ean, eta 4 urte zituenean hasi zen baloiarekin jolasean. Bost urterekin, Buñueleko futbol taldean sartu zen, neska bakarra izanik; eta 11 urte zituenean nesken futbol talde batean sartu zen. Peña Sport, Osasuna eta Ardoiko taldeetan jokatu ondoren, Atlantikoa gurutzatzeko unea iritsi zela erabaki zuen duela hiru urte. Ordutik, New Jerseyko Rider Universityn ikasten du, NCAA-n (National Collegiate Athletic Association). Urrun egon arren, Pascuetek ez du atzentzen igande honetan Argia Ikastolaren egun handia ospatuko dela. Tuterako ikastolak "gauza oso bereziak" eman dizkiola onartzen du: "Argia ikastolatik joan nintzenean, atzera begiratu eta konturatu nintzen inoiz biziko dudan esperientziarik onena izan zela". Irakasleak, laguntzaileak, lagunak... Ikastolan pentsatzerakoan, "alaitasuna eta poza" sentitzen du futbolariak. Baina ez hori bakarrik. Izan ere, Pascuetek egin duen ibilbidea luzea izan da eta ez beti erraza. "Argia Ikastolak irakatsi diguna etsipenei aurre egitea izan da, eta beti zure sentimendu eta ideien bitartez zure burua gidatzea", azaldu du. Ikastola bera horren adibide da, bere iritziz: "Ikastolak urteak daramatza eremu ez euskaldunean eta, milaka zailtasun izan arren, oztopo horiei aurre egiten jarrai-tzen du. Inoiz ez du amorerik eman". Gaur egun ere, harreman estua dauka futbolariak ikastolarekin. "Nire ahizpak ikastolan jarraitzen du, eta ahal dudanean bisitan etor-tzen naiz". "Bigarren etxea" dela azpimarratu du Pascuetek, eta bertan dagoenean ez du aukerarik galtzen bertatik igaro eta irakasle zein langileak agurtzeko. Ikasle izatetik, irakaslearen lekura Bai Gorka Melusek bai Saioa Crespok bat egiten dute Argia Ikastolak Erriberan egin duen lanaren balioa goraipatzen. Melus, tuterarra eta 1988an sortua, Erriberako hiriburuko San Gil Ikastetxe Publikoko A ereduko irakaslea da gaur egun, eta aski ongi ezagutzen du Argiak eremuan jorratutakoa: "Erriberan Argia Ikastola ezinbesteko entitatea da. Azken finean, gure nafartar kultura eta hizkun-tza hurbildu du. Nire ustez, batez ere elkarbizitza sustatzen du. Hain zonalde berezia izanda, Erriberan bizi dugun errealitatea kontutan hartuz, bizikidetza, onarpena eta elkar ulertzea bultzatzen du". Ikastolan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza burutu ondoren, Iruñeko San Fermin Ikastolan osatu zituen Batxilergoko ikasketak, eta handik Gasteizera abiatu zen, magisteritza ikastera. "Europatik buelta batzuk eman ondoren eta Tutera inguruan hainbat lanbide izan ondoren, 2016 an irakaskun-tza oposaketak prestatu eta urte berean hasi nintzen irakasle gisa". Bideak, hala, jatorria izan zuen helmuga. "Ikastolari esker jaso dudan hezkuntza erabakikorra izan da nere bizitzan. Alde batetik, euskara ikastea eta maitatzea. Euskarak aukera aunitz eman dizkit, alor pertsonalean (harremanak, lagunak) eta profesionalean (lana). Beste aldetik, ikastolak transmititzen dituen balioak, gaur egun naizenaeta daukadan izaera eta pentsakera eraikitzen lagundu didalarik". Argia Ikastolako pareten artean bizitako oroitzapenak ere ez ditu aisa atzentzen Melusek: "Patioan egiten genituen futbol partiduak, kurtso amaieran antolatzen zen aiton-amonen festa, haurtzaroko eta nerabetasunean lehenbiziko pausuak...". Dudarik gabe, poztasunarekin lotzen duen garaia. Saioa Cresporen (Tutera, 1987) ibilbidea ere irakaskuntzaren eskutik joan den arren, ikasi zuen leku berean ari da lanean gaur egun, Argia Ikastolan. "Urte gutxi batzuetan egon naiz kanpoan, irakasle praktikak ere hemen egin bainituen", azaldu du Crespok. Beraz, ikastolarekin bizi osoan zehar izandako harremana estua izan da, eta hala jarraitzen du egun ere. Bere ibilbidea, betidanik, euskararekin lotu izan du irakasleak: "Batxilergoa Txantreako Eunate institutuan egin nuen, euskaraz jarraitu ahal izateko. Ondoren irakasle ikasketak Donostian. Bukatu eta hurrengo ikasturtean ludoteka batean hasi nintzen lanean eta batera, Korrikako hasiera eguneko arduradun moduan egon nintzen AEKn, urte horretan, 2009an, Tuteran hasi baitzen". Ikastolan ikasle bezala igarotako garaiak goxotasunez gogoratzen ditu orain, gertutasuna, familia giroa, babesa, autonomia, adorea edota besteekiko errespetua bezalako baloreekin lotuz. "Balore horiek nereganatu eta oraindik ere, balore horiei garrantzia ematen diedala uste dut. Gainera, nahiz eta ama euskalduna dudan, euskararen ikaskuntzan, erabileran eta harekiko maitasunean eragin didala argi daukat". Ez hori bakarrik, egunerokoan ere sumatzen du ikastolarekiko lotura Crespok: "Orduko lagun gehienak oraingo lagunak ditut. Koadrila mantendu egin dugu eta ez bakarrik gelakoekin, baita gazteagoak eta nagusiagoak ziren ikasleekin ere, batera gabiltza". Euskara bera izan da Argia Ikastolak Erriberari egin dion ekarpen nagusia, irakaslearen iritziz: "Urte asko darama euskaraz ikasi daitekeen eskola bakarra izaten eta beraz, ekarpen horretan jarraitzen du. Bestetik, kultura eta nortasun euskaldunak ere bere arrastoa uzten ari dela esango nuke".