Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Industria Sustatzeko Zerbitzuak 4.0 ready proiektuan parte hartu du, ETEei lehiakortasuna areagotzen laguntzeko eta 4.0 industriaren erronkarako prestatzeko. Interreg Europe Programaren laugarren deialdian onartu zen, eta beste helburu tematiko batzuk ere jorratzen ditu, hala nola ingurumena eta energia-eraginkortasuna, karbono gutxiko ekonomiarako trantsizioa eta I+G.

Proiektuaren lehen seihilekoan, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko eskualdeko parte-hartzaileekin edo stakeholders-ekin egindako lehen bileran, haien lankidetzaren bitartez, eteek 4.0 industriaren arloan dituzten premiak identifikatzeko lanak egitea aurreikusten du. Premia horien artean, honako hauek aurkitzen dira: langileak beharrezko gaitasun digitaletan trebatzea, enpresen eraldaketa digitalerako estrategiak lantzen laguntzea, trebatzaile teknologikoak eskaintzea edota inbertsioak egiteko laguntzak ematea.

Proiektuak ondorengo erakundeek hartu dute parte: Nafarroako Enplegu Zerbitzua-Nafar Lansare (NEZ-NL), Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, Nafarroako Enpresarien Konfederazioa (NEK), Nafarroako Merkataritza Ganbera, Nafarroako Industria Elkartea (NIE), Sodena, Nasertic, Naitec, Dedalo Fundazioa, Nafarroako Industria Fundazioa, Ezagutzan oinarritutako Zerbitzuen Enpresa Elkartea-ANAIT, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Klusterra-CLAVNA eta Sakanako Garapen Agentzia.

4.0 Ready proiektua

4.0 Ready proiektuaren bitartez eta esperientziak trukatuta, parte hartzen duten eskualdeen helburua da 4.0 industriak dakartzan aldaketa teknologikoei, kulturalei eta antolamendukoei aurre egin nahi dieten eteei laguntzeko eskualdeko tresnak hobetzea.

Lanaren buru Italiako Toscana eskualdea da, eta ondorengo bazkideek hartzen dute parte: Helsinki-Uusimaa Regional Council (Finlandia), Public Service of Wallonia (Belgika), Silesiako Gobernua (Polonia), Buchares, Ilfov Region (Errumania) eta FSEko Agentzia (Lituania).

4.0 industria Europa osoan zehar hedatzen ari denez, estrategiak garapen digital integratuaren lerro berriarekin koherenteak izatea bermatu nahi dute eskualdeek. Gainera, Eteek horretan parte hartzea eta haientzat onuragarriak izatea lortu behar dute.

Eteetan biltzen dira, besteak beste, ekintzaileak, jabeak, zuzendaritza-karguak edota maila guztietako langileak, industriako erronka berriak bere gain hartzeko prestatuta egon behar baitute.