ÚLTIMA HORA
Los nuevos casos de Covid-19 bajaron el jueves a 46 en Navarra

Auzolana, ikastolaren altxorra

17.02.2021 | 23:39
Guraso talde bat, aterpea auzolanean eraikitzen.

herriarengatik sortua eta herriarentzat egina. Hori da auzolana sustraitzen duen ideia nagusia.

Auzolana herritarrek musutruk egiten duten lana da. Antzinatik datorkigun lankidetza sistema bat da. Auzolanak, auzotar, herritar, zein bizikideen artean auzo eta herriaren mesedetan izango diren zereginetan du oinarria. Herritik sortua, eta herriarentzat egina.

Historikoki, Euskal Herrian hagitz sustraitua egon da lankidetza sistema hau. Hasiera batean, auzokoen artean egindako lanak adierazteko erabili ohi zen. Auzoetako biztanleak bildu eta herriko bideak zabaldu, herriko eraikinak zaindu edo moldatu, zein ber-tzelako zereginetarako biltzen ziren auzolanean. Euskal Herrian hagitz errotua egon bada ere, Europa osoan zehar daude auzolanaren adibideak. Auzokideek ez zuten inongo ordainsaririk jasotzen euren lanaren truke, ordaina, auzo eta herriarentzat mesedea izanik. Lan mota honek, aunitzetan partaidetza bultzatzen zuen eta herriarenganako edo auzoarenganako sentipenak ere indartzen zituen.

Gaur egun, Euskal Herrian ohitura hau ia desagertu bada ere, gure artera berriz ere bueltatzen ari dela ikus dezakegu. Kasu batzuetan, antzinako sistema erabiliz eta bertze zenbaitetan, garaiko egoera berrietara egokitutako formak hartuz.

AUZOLANA ETA IKASTOLA Ikastolen mugimenduak, jende aunitzek herri aunitzetan egindako borondatezko lanari esker hasi zuen bere bidea. Toki ezberdinetako ikastolaren funtzionamendua bermatzeko oinarrizko tresna dugu auzolana gaur egun ere, ikastola ttikietan batez ere, gurean erraterako.

Gure ikastolaren ibilbidean, konta ezinak dira auzolanerako egin diren deialdiak. Batzuetan guti batzuen parte hartzearekin aski izan da, bertze batzuetan aldiz, talde ederra elkartu eta denen artean eta denontzako lanean aritu izan gara. Lan batzuk indar handiagoa eskatu dute, bertze batzuk ordea, ezagutza handiagoa, baina guztietan argi ikusi da, auzolana egin denean ikastolako partaide bakoitzak egindako ekarpena ezinbertzekoa izan dela. Momentu guzti horiek ere, komunitate izaera, elkartasuna eta parte hartzea (familia, langile nahiz, ikasleena; baita ikasle ohi eta bazkideena ere) bezalako baloreak garatzeko aukera paregabeak bilakatu dira. Guzti honetaz gain, gure kasuan erraten ahal dugu, auzolanean aritzea, funtzionatzeko modu batean bihurtu dela, belaunaldiz-belaunaldi transmititzen den lan egiteko filosofia bat dagoela horren gibelean.

Ikastolan, alde batetik dirua biltzeko ekimenak egiten dira auzolanean, gure kasuan bestetako ostatua edo Talo taldeak egiten duten lana, adibidez. Baina, bertzetik, dirua aurrezteko egiten diren auzolanak ere azpimarratu behar dira: lorezaintza taldea edo mantenimendu taldea, errate baterako. Bertzalde, familiak elkartu eta talde lanean egiten diren lanak ikusgarriak izaten dira, negu honetan 200 metro karratuko idorpe bat egin da, erraterako.

Auzolanaren filosofia horrek ikastolako langile, irakasle, ikasle eta gurasoak ere bustitzen ditu, eta itzalean baldin bada ere, egunero-egunero borondatezko lan ttikiak egiten ari diren jende aunitz ari da ikastolaren inguruan. Lan egiteko modu honek bereizten du ikastola bertze ikastetxeetatik bertze deusek baino gehiago, eta azken finean ikasleek ere hori ikusten eta ikasten dute. Ikastolan ikasten ahal duten gauzarik garran-tzitsuenetakoa da auzolanean aritzearena, bizi guztian arlo desberdinetan erabiltzen ahalko duten tresna bat delako.

LANTALDEAK ETA ANTOLAKETA Jarraian izendatuko ditugun lantaldeak ikastolan borondatezko lanean ari diren lantaldeak dira. Denen batuketa eginez gero, urtearen buruan, lan batean edo bertzean parte hartzen duten 100 pertsona baino gehiago ateratzen dira familia eta langileen artean. Labiaga Ikastolan 130 bat familia gaudela kontutan izanik, ez dago batere gaizki.

1. Guraso taldea: Urte guztian zehar egiten diren ekimenak antolatzeaz arduratzen da. Hilabetean behin elkartzen dira eta gela bakoitzeko bi ordezkariz osatuta dago.

2. Batzordea: Ikastolako egunerokotasunari dagozkion gaiak kudea-tzen ditu. Ikastolaren norabidea eta proiektuak definitzen eta proposa-tzen ditu. 12 kidez osatzen da, guraso, irakasle, laguntzaile eta langileen artean.

3. Talo taldea: Ospakizun desberdinetan, taloak egiten eta saltzen ditu. Gure ikastolarentzat diru iturri handi bat suposatzen du.

4. Besta taldea: Berako bestetan, ikastolako ostatua antolatzen da. Ikastolari, diru iturri izugarri handi bat suposatzen dio.

5. Mantenimendu taldea: Ikastolako eraikinak konpontzen dituzte. Batez ere, mantendimendu lanak egiten dituzte. Hilabetean bitan elkar-tzen dira. Gure ikastolari diru aunitz aurrezten laguntzen digute.

6. Lorezaintza taldea: Patioko belar, landare eta zuhaitzak zaintzeaz arduratzen da.

7. Ehunzangoa: Ehunzangoen arteko proiektua koordinatzea eta indartzea da bere funtzioa. Ehunzangoa ikastolara oinez joatea sustatzen duen ekimena da.

8. Larun mendi taldea: urte batzuk geldirik egon ondotik, joan den urtean berriz martxan jarri zen. Hilabetean behin, mendi irteera bat antolatzeaz arduratzen da.

9. Areto nagusia: auzolanean txukundu eta gero, erakusketa gela bilakatu da. Herriko kultur mugimendua indartzeaz gain, ikastolarentzat diru iturri berri batean bihurtu da.

10. Auzolana: gure ikastolak auzolanari esker proiektu ainitz gauza-tzen ditu. Beharrezkoa denean, deialdi bereziak egiten dira lan horiek burutu ahal izateko.

AZKEN URTEETAKO AUZOLANEN EMAITZa Haur Hezkuntzako gela berria pedagogikoki egin nahi ziren aldaketetara egokitu da; Areto Nagusia, gutxi erabiltzen zen gela bat auzolanean txukundu eta erakusketa gela bat antolatu da; astebururo arte erakusketa bat ikusteko aukera dago, urtean 4 erakusketa desberdin eskeiniz; ikastolako bi egoitzak barnetik erabat pintatu eta txukundu dira; eta 200 metro karratuko idorpe bat egin da.