kasturte honetan Garesko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek Olentzeroren oparia erosteko gelari zegokion dirua GKE bati ematea erabaki zuten. Geletan jolas eta material ugari zegoela ikusita, ideia ona iruditu zitzaien behar handiagoa duen jendea laguntzea.

A gelako ikasleak abenduan hasi ziren asanblada batean eztabaidatzen zer egin diru horrekin. Ez zekiten zer aukeratu eta dirua GKE bati bidaltzea erabaki zuten azkenean. Gelako ikasle guztiak Euskal Herriko GKEak bilatzeari ekin zioten, eta horietako guztien artetik Saharako Lagunen Nafarroako Elkartea (ANAS) aukeratu zuten.

Elkarte horrek Aljeriako Tinduf herrian, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan, laguntza ematen du. Aproposa iruditu zitzaien beraiek laguntzea, are gehiago gerra egoeran egonda. 25 euroko laguntzarekin 40-50 umek gosaldu ahal izatea aurreikusi zuen elkarteak.

Donazioaren ostean, Mendebaldeko Saharari buruzko proiektu bat egin zuten. Proiektuan herrialde honen inguruan hainbat gauzari buruz ikasi zuten, adibidez historiaz, ohiturez, klimaz, faunaz, ekonomiaz, kokapenaz, biztanleriaz eta abar. Martxoaren 10ean ANAS elkarteko kideak eskolara hurbildu ziren ikasleekin elkartu eta hitz egitera.

B gelako ikasleek ideia ona zela pentsatu eta berdina egitea erabaki zuten. GKE batzuk internetetik bilatu eta gero, ikasle askok ANFAS izeneko elkarteari buruzko informazioa aurkitu eta donazioa egitea erabaki zuten. ANFAS adimen edo garapen desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, haien familiei beharrezko lagun-tza emateko eta beharrezkoak dituzten zerbitzuak eskaintzeko elkartea da.

Gelaren ustez, jolasak ez zituzten asko erabiliko eta nahiago zuten beste pertsonek 25 euro horiek aprobetxatzea beraiek baino. Ikasleek elkarteak egiten zuena ikertu eta informazioa bildu eta gero, korreo bat bidali zuten haien proposamena azalduz. Elkarteak gelan egindako ekintza eskertu zuen eta donazioa jaso zuen.

Ekintzaren balorazioa oso positiboa izan zen ikasleen aldetik, bilaketan zehar interes, motibazio eta inplikazio handia erakutsi zuten, eta oso pozik eta harro sentitu ziren egindako ekarpenarekin.