- Zenbat urtez aritu zara errugbian?

-Hamasei urtetatik 32 urtetara,16 urte gutxi gora bera eta 15 denboraldi.

Zerk inspiratu zintuen errugbian hasteko?

-Kasualitatez izan zen. Urte bat lehenago eskubaloia utzi nuen eta deus egin gabe nengoen. Institutuan, Lekarozen, Gorputz Heziketako klaseetan kirol desberdinak egiten ziren, zuek ikastolan egiten dituzuen bezala, eta horietako bat errugbia zen. Ni gustora ibiltzen nintzen eta orduan, Baztango mutikoen errugbi taldean jostatzera animatu ninduten. Eta hara joan nintzen ortziral gau batez, animaleko euri zaparradarekin. Eta gustatu zitzaidan. Nirekin bat egiten duen kirol bat iruditu zitzaidan, intentsitate handikoa, kontaktuzko kirola eta, arras korrikalari ona ez naizenez, nire lekua egiten ahal nuela ikusi nuen. Taldeko kirol polit bat iruditu zitzaidan eta konkistatu ninduen.

Zein postutan gustatzen zaizu jolastea?

-Urte guzti hauetan lehenengo lerroan pillier bezala jokatu dut. Ez dakit ezaguntzen duzuen baino errugbi talde batean 15 pertsona daude: 8 aurrelariak dira eta 7 atzelariak edo lineakoak. Normalki, aurrelariak ez dira hain korrikalariak baina indartsuagoak dira, kontaktuan lan gehiago egiten dutelako. Atzelariek edo lineakoek korrika gehiago egiten dutenak dira eta saiheste lana egiten dutenak.

Zenbat taldetan egon zara?

-Fitxarekin jokatzen lau talde desberdinetan: Iruñeko La Única taldean, Getxon Getxoko Neskak taldean, Zelanda Berrian Bolex Grifols taldean eta Lapurdin, Baionako neskekin.

Zein taldetan egon zara denbora gehien?

-Baionan, egon naizen azken taldean. Bertan bost urte egin ditut eta hementxe utzi dut nire kirol ibilbidea.

Jokatu duzun talde guztietatik zeinetan egon zara gusturago?

-Zein galdera zaila! Denek eman didate zerbait, egia erran. La Únicak adibidez, errugbia ezagutzeko eta errugbiaz maitemintzeko aukera eman zidan. Lagun talde arras polita egin nuen. Gero, Getxok Espainiako lehenengo mailan jokatzeko aukera eman zidan. Ondoren, Zelanda Berriko bizipena berezia izan zen bertako selekzioko eta munduko talde hoberenetako jokalariekin jokatzeko aukera izan nuelakoz. Akitzeko, Baionak nire urte gozoenak eman dizkit, teknikoki nire garapen hoberena lortu dudalako.

Zein partidu oroitzen duzu gehien?

-Oroitzapen batzuk onak dira eta bertze batzuk ez hain onak. Adibidez, Plentzian, Getxorekin lehenengo mailako lehenengo partidua jokatu nuenean. Baita ere Galesen, selekzioarekin jokatu nuen lehenengo partidua. Eta, bereziki, jokatu dudan mundial bakarra, Inglaterraren kontra. Selekzioarekin jokatutako azken partidua ere arras berezia izan zen.

Zein taldetan gustatuko litzaizuke jokatzea?

-Bi talde erranen nizkizueke. Bat, Frantziako Stade Toulousain, bertako liga gustuko dudalako eta azpiegitura aldetik zein talde bezala, aunitz emanen zidalako. Bertzetik, Ingalaterrako Premiership talde batean jokatzea gustatuko litzaidake, hobe-tzen ari den liga bat dela iruditzen zaidalako eta emakumeen errugbiaren aldeko apustua egiten duelako.

Nola moldatu zara zure taldekideekin?

-Errugbiak eman didan gauza handienetako bat hori izan da, lagun aunitz. Beti badituzu lagun hobeak eta hain lagunak ez direnak, baina orokorrean arras ongi moldatu naiz denekin. Egon naizen talde guztietan baditut lagun arras onak eta nahiz eta urrun egon edo duela denbora aunitz beraiekin ez jokatu, mantentzen ditudanak.

Zer moduz selekzioan lehen aldiz egon zinenean?

-Urduri baina gogotsu, azkenean ez duzulako espero. Zuk aunitz entrenatzen duzu eta iritsi nahi duzu bainan ez dakizu deituko dizuten. Joateko deitu zidatenean, sorpresa hartu nuen, ez nuelako uste horrelako zerbait lortuko nuenik. Gainera, bertan zeuden jokalari gehienak nik telebistan ikusten eta jarraitzen nituen. Orduan, nahiko berezia izan zen beraiekin jokatzea eta beraien taldekidea izateko aukera izatea.

Zein izan da izan duzun lesio handiena?

-Egia errateko inoiz ez dut lesio handirik izan. Luzeena, muskulu bikia hautsi nuenean: muskuluan haustura bat izan nuen eta hilabete terdi geldirik egon behar izan nintzen.

Errugbiaz aparte zein kirol gustatzen zaizkizu?

-Beno, orain errugbia alde batera utzi dudala, neguan eskiatzea gustatzen zait. Karreterako bizikletan ibiltzen naiz eta mendira joatea ere gustuko dut. Gainera, urte hauetan hainber-tze denbora gimnasioan pasa dudanez, crossfit-ean ere gustura ibiltzen naiz.