Síguenos en redes sociales:

Nafarroako zigiluak, epizentroan

Gaur hasi eta datorren abenduaren 8a bitartean euskal kulturaren hitzordu handia izanen da Durango. Han egonen da euskal idazleek zein musikariek urtean zehar karrikaraturikoa, hainbat lan Nafarroako zigiluen bitartez iritsiko dira Azokara.

Nafarroako zigiluak, epizentroan

periferia hitza aipatu da askotan Nafarroak euskal kulturarekiko duen harremanaz hitz egiteko tenorean. Alabaina, Nafarroako zigiluek Durangoko Azokan izanen duten presentziari erreparatuz ez dago horrelakorik esaterik. Izan ere, Foru Komunitateko zigiluek plazaraturiko lanek pisu nabarmena izanen dute egunotan euskal kulturaren epizentroa izanen den Durangoko Azokan. Pamiela, Txalaparta edota Igela argitaletxeek eta Eguzki Bideoak konpainiak dozenaka argitalpen kokatuko dituzte euskal kulturaren erakuslehio handi honetan. Horrekin batera, hainbat idazle nafarrek Bizkaiko udalerri honetara eramango dituzte bere lanak beste zenbait argitaletxeren bitartez.

pamiela

Sarrionandiaren azkena labetik atera berria

Pamiela argitaletxea bere nobedade guztien artean gailentzen den eleberri batekin heltzen da Durangoko hitzordura: Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? Saiakera honetaz aparte, hala ere, oparoa da Pamielak Durangora eramanen duena. Nafarroako egileen berritasunei dagokienez, saiakerek izanen dute beren pisua. Alvaro Baraibarren Historia y memoria de los símbolos de Navarra, Peio Monteanoren La Guerra de Navarra (1512-1538) etaPeio Esarteren Juan Rean, clave de la conquista de Navarra (1512-1538) dira Nafarroako historiari buzuko nobebade nagusiak. Eta hauekin batera Jose María Jimeno Jurioren lanak izanen dira.

Miguel Sánchez Ostiz, bere aldetik, Lectura de Pablo Antoñana saiakera eta Cornejas de Bucarest eleberriarekin helduko da Durangora. Bixente Serrano Izkok Jauzika aforismoen bilduma eramanen du. Eta Fernando F. Garayoa eta David Mariezkurrena nafarrek Barricada. Electricaos rock talde nafarraren biografia eramanen dute. Liburu hauetaz gain, Pamielak beste hainbat lan eramanen ditu Durangoko hiztordura.

txalaparta

Saiakera nagusi

Urtero legez Tafallako Txalaparta argitaletxea nobedade mordo batekin iristen da Durangoko hitzordura. Eta beste askotan bezala gizarte eta politika gaiak ardatz duten liburuek protagonismo handia izanen dute. Hori da Alberto Pradilla kazetari iruindarraren azken lanaren kasua. El judío errado liburuan Pradillak Israelgo gizartearen alderik ezezagunetan arakatzen du eta estatu honen irudi hagitz kritikoa azaltzen du. Kiko Caballero zubiriarrak ere nazioartera jo du Algunas claves para otra mundialización bere saiakeran.

Bi nafar hauen saiakerez gain, beste hainbat berritasun eramango ditu Tafallako argitaletxeak. Nekane Jurado ekonomilariak Independencia: de reivindicación histórica a necesidad económica aurkeztuko du,eta Felix Placer Ugarteren La religión en Euskal Herria saiakera ere izanen da Durangon. Eleberrei dagokienez, Irati Jimenezek Atsekabe zaitut auzkeztuko du, Asel Luzarragak Utopiaren itzalak etaMarie Jose Basurcok El vals de la oca. Patxi Zubizarretak, bere aldetik, Joan. Hartzak, erlojuak eta beste piztia batzuk aurkeztuko du, eleberri esperimental bat zeinetan, besteak beste, Joserra Senperena musikaria eta Thomas Canet argazkilariaren laguntza izan duen. Azkenik, Gari Berasaluzek Elaia, glutenik ez duen kolorea aurkeztuko du; Antton Kazabonek Hamaiketan igerilekuan eta Joseba Zinkunegi eta Juan Jose Petrikorenak Jon Anza: ¿El último crimen de Estado?. Hainbat egilek buruturiko Orgasmus liburua ere Durangon izanen da.

igela eta altaffaylla

Itzulpenak eta gehiago

Igela argitaletxe iruindarrak lau berritasun nagusi eramanen ditu Durangora, laurak itzulpenak. Alde batetik, Agatha Christieren Hilketa lokartua eta Stylesko gertaera misteriotsua izanen dira Igelaren eskutik. Bestalde, Mohamed Xukriren Ogi hutsa-ren itzulpena izanen da, baita Philippe Claudelen Linh jaunaren biloba-rena ere.

Bestalde, Altaffaylla Tafallako argitaletxea hiru berritasun aurkeztuko ditu Durangon. Enrique Navascuések Etxauriko bailararen historia berreskuratzen du Etxauri 1560-1750 liburuan. Lourdes Iraizoz Ultzamako bailararen historia eramanen du Bizkaiko udalerrira Aproximación a la historia de la Ultzama-rekin. Azkenik, Altaffay-llak Alaitz Mendi Taldearen inguruko lana aurkeztuko du.

eguzki bideoak

Dokumental sorta mardula

Argitaletxeez aparte, ikus-entzunezkoaren arloan, Nafarroak ere bere lekua izanen du Durangoko Azokan. Eta Eguzki Bideoak kolektiboa horren arduradun nagusia izanen da. Iruñeko sare honek dozena bat berritasun eramango ditu Durangora. Hauen artean, Prohibido recordar, Egunero eta Septiembre del 75 dira aipagarrienetako batzuk.

Oroimen historikoa da lehen lan honen ardatza eta Saturrarango espetxe frankistan gertatutakora gerturatzen dira Josu Martinez eta Txaber Larreategi dokumental honetan. Egunero-n Salomé L. Dukats eta Gladys L. Dukatsek EHUko zenbait irakasle disidenteren 20 urteko borrokaz hitz egiten dute. Azkenik, Adolfo Dufour zuzendu duen Septiembre del 75 dokumentalak Xosé Humberto Baena, frankismoak erahildako FRAPeko kidearen kasua gogoratzen du. Hiru lan hauetaz gain, Eguzki Bideoak kolektiboak ekologismoa, okupazioa edota politika alternatiboa ardatz duten beste hainbat lan aurkeztuko ditu. Horrez gain, Iruñeko kolektibo honen zenbait dokumental ikusgai izanen dira Durangon.

besteak

Txertoa, Erein eta Ttarttalo

Nafarroako zigiluez harago, zenbait egile nafarrek egoitza Foru Komunitatetik at duten argitaletxeekin aurkeztuko dituzte beren lanak. Txertoa-k Nafarroarekin zerikusia duten bi liburu eramanen ditu: 1512. Nafarroaren konkistak 500 urte eta Historia y leyenda de las brujas de Zugarramurdi. Lehena Nabarralderekin batera editatu du Txertoak eta Jean Louis Davant, Pedro Esarte, Mikel Sorauren, Peio Monteano, Floren Aoiz eta José Luis Orella Unzuek osatu dute. Bigarrena, mundua osoan izan den sorginen kasurik ezguneenetakoa aztertzen du.

Elkar argitaletxeak ere zenbait nafarren lanak gerturatuko ditu Durangora. Hantxe izanen da Alberto Barandiaranen Veleia afera liburua edota Barricadaren Noche de rock and roll biniloaren bertsio berria. Aldi berean, Ttarttalo argitaletxeak Pablo Muñozen Cruz de tramposos eta eta Mikel Alviraren El silencio de las hayas eleberriak aurkeztuko ditu Azokan.