Síguenos en redes sociales:

Xabier Lete, herriaren gogoan

hernani. "Norberak onar dezake mundu honetatik joatera doala. Baina maite ditugunak joatea, hori da gogorrena". Orain dela hiru urte antolatutako Heriotza bizi jardunaldietan, Xabier Leteren esaldi hura aditu zuten Donostiako Koldo Mitxelenan bildu zirenek. Bazuten premonizio ikutu bat han entzundako gogoeta sakonek. Lourdes Iriondo emaztea bi urte lehenago hil zitzaion eta, gertakari haren bueltan, zera gehitu zuen orduko hartan olerkari eta sortzaile handiak: "Hildakoak ezin dira ezabatuak izan. Ez ditugu baztertu behar, atxikimendua zor diegu. Haien nor izateko eskubidearen berme garelako".

Oiartzungo autorearen hitzek gaurkotasun nahigabea hartu zuten atzo, bere heriotzaren ondorengo egunean. Donostia Ospitalean egoera larrian ingresatu eta 24 ordura hil baitzen herenegun Xabier Lete Bergaretxe (Oiartzun, 1944), 66 urte zituela. Gauza jakina zen azken 25 urteetan, hesteetako gaitz baten ondorioz, gaixorik zebilela; hala ere tristuraz jaso zuen bere galera kulturaren eta euskararen munduak.

Hark zihoen bezala, baina, hildakoek badute gogoratuak izateko eskubidea eta, zor hori aski irabazia zuen Xabier Letek. Horren lekuko, egunean zehar Euskal Herri osoan zabaldu ziren dolu eta aitortza mezuak. Durangoko Azokan hasi eta Urnieta eta Hernaniraino.

hilkapera Eguerditik aurrera Hernaniko Orbegozo beilatokia bihurtu zen poeta eta abeslariari agur esan nahi ziotenen bilgune. Kantariaren senitartekoek jarri zuten hilkaperara gerturatu ziren adiskide, ahaide eta erakundeetako ordezkariak. Jose Angel Irigaray eta Antton Valverde lagun-minak izan ziren goiztiarrenetako bi, triste eta hunkituta, biak; baita Juan Antonio Urbeltz antropologoa eta Karlos Jimenez eta Joxean Goikoetxea musikariak ere.

Joxe Anjel Irigarayk, Leterekin batera Ez dok amairu taldearen sor-tzaile izanak, bere "adiskide handia" eta euskaldunen "erreferentzia handienetakoari" agur esan zion. "Azkenaldian gero eta nekatuago zebilen arren", Egunsentiaren esku izoztuak liburuaren harira egindako errezitaldietan erakutsitako "barne indarra" nabarmendu zuen poeta nafarrak. "Esaten zuena sinesten zuen. Zeukan dena jartzen zuen egiten zuen horretan", gehitu zuen.

Antton Valverde, berriz, emozioz betea zegoen. Egindako ekarpenaz gain, Leterekin hainbeste eszenatoki eta disko elkarbanatutako kantariak ere elkarrenganako zioten "adiskidetasunari" kanta egin zion eta olerkariaren "umore ona" nabarmendu zuen: "Batez ere gaztaroko oroitzapenak kontatzen hasten zenean. Hizketarako erraztasun ikaragarria zuen eta umore ederra".

hileta Ordezkari publikoek ere ez zuten bisita beranduagorako utzi: Gipuzkoako Kultura Diputatua, Maria Jesus Aranburu; Jaurlari-tzatik, Blanca Urgell Kultura sailburua, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lourdes Auzmendi eta Gema Zabaleta Gizarte Gaietarako sailburua. Esther Larrañaga diputatu ohiak ere familiari doluminak eman zizkion.

Beranduago iritsi zen Markel Olano aldun nagusia, Leteri aitortza kolektiboa eta pertsonala eginez. Maite Pagazaurtundua, Terrorismoaren Biktimak Fundazioko lehendakaria ere triste iritsi zen.

Urnietako alkateak, Mikel Izagirrek, Udalbatzak Xabier Leteren omenez adostutako deklarazioa eskura eman nahi izan zien senitartekoei. Aspaldian bere emaztearen, Lurdes Iriondoren, herrian bizi baitzen Lete. Arratsaldean, berriz, Bernardo Atxaga eta Benito Lertxundi bezalako aurpegi ezagunak gerturatu ziren Hernanira, besteak beste. Euskara Kultur Elkargoak ere bere tristura adierazi zuen atzo.

Leteren gorpua gaur erraustuko dute, haren nahiari jarraituz. Hileta elizkizuna, berriz, Urnietako San Migel Elizan egingo dute, arratsaldeko 19.30ean.