Síguenos en redes sociales:

Eraberritua itzuli da Zea Mays taldea

Aiora Renteria eta bere mutilak bueltan dira material berriarekin. "Era" bataiatu dute beren seigarren lana, euskal musikak aurten utzi duen lanik borobilenetakoa. datorren ostiralean Hartortxurocken izanen dira

Eraberritua itzuli da Zea Mays taldea

"Era"

Bere ohiko estiloari jarraiki, Zea Mays taldeak disko borobila plazaratu du oraingoan programazioen bidez bere musika aberastuz. Potentzia eta melodia eten gabe gurutzatzen dira lanean.

bonberenea ekintzak

Hiru urtez itxaron behar izan dute zeuen zaleek material berriarekin itzul zaitezten. Zer egin duzue "Morphina" karrikaratu zenutenez geroztik?

-Lehenik eta behin Morphina aurkezten ibili ginen leku batetik bestera, Euskal Herrian zehar. Horrekin batera, kanta berriak prestatzen hasi ginen eta, aldi berean, Japoniara bidaiatzeko aukera suertatu zitzaigun, esperientzia zoragarria izan zen Asiakoa. Oso pozik geratu ginen aurreko lanak izan zuen ibilbidearekin. Urteak igaro ahala, aurrera egin dugula uste dut. Badirudi 13 urtez oholtza gainean egoteak bere fruituak dakartzala, eta ematen du are eta harrera hobea izaten ari dela Era.

-Dagoeneko igartzen duzue harrera on hori?

-Bai, disko honekin sistema ezberdina erabili dugu jendearengana heltzeko. Hasteko, zazpi kontzertu eskaini ditugu eta emanaldi horietan guztietan sarrerarekin batera diskoa saldu dugu. Hasieran diskoa kontzertu horietan baino ez zen egon eta, horren ostean, Durangoko Azokan ere izan zen. Azkenik, diskoa dendetan aurki daiteke egun eta zuzeneko emanaldietan ere salduko dugu. Harreman zuzen-zuzena izan nahi genuen gure zaleekin eta horregatik erabili genuen banatzeko modu hori, aurpegia jartzen genion gure diskoa zuenari eta polita iruditu zitzaigun.

-Argi dagoena da disko honetako singlea, "Negua joan da ta", hagitz ari dela entzuten. Beti lor-tzen duzue horrelako kanta itsakor baten bidez zuen zaleengana baino harago heltzea...

-Urte batzuk daramatzagu eta badakigu zer gustatzen zaigun eta zer ez. Negua joan da ta-rekin, beste zenbait abestirekin bezala, konturatu ginen oso abesti politak zirela. Oso itsaskorrak ziren eta gure lagunei erakustean harrera oso ona izaten zen. Guretzat polita dena egiten dugu, betetzen gaituena, inoiz ez baitakizu zer gustatuko zaion jendeari. Argi daukadana da zuri gustatu behar zaizula egiten ari zarena, besteak beste, taula gainean sinesgarria izateko.

-Derrigorrez iruzkin bat merezi duen beste kanta bat "Ihes" da. Abesti honetan disko honetako berritasuna, programazioen erabilera, oso argi ikusten da.

-Bai, lehen aldiz erabili ditugu programazioak disko honetan, Splitt 77-ko lagunei esker. Horrelako borobiltasuna ematen diote diskoari sintetizadoreek, Morphina baino disko borobilagoa da. Apaindura dezente daude lanean, aurrekoan baino ahots gehiago, aurrekoa askozaz gordinagoa izan zen. n