donostia - Txirri, Mirri eta Txiribiton zaharrak duela bi urte jaitsi ziren taula gainetik. Orduan, haien ondorengoek Junior etiketa kendu eta pailazoen lekua hartu zuten, “titularrak” bihurturik. Ia 12 urte pasa dira juniorrak sortu zirenetik eta aldaketa ugariren ostean, Fernando Ruiz (Txirri), Kattalin Ansorena (Mirri) eta Juanma Zaldua (Txiribiton) dira taldekideak.
Hala ere, jaso duten herentzia pisu-tsua da. “200 kanta baino gehiago dauzkagu, eta baita marka bat ere, oso garrantzitsua”, azaldu du Kattalin Ansorenak, Piter Ansorena Mirri zaharraren alabak. “Musika oso tresna ona da, eta ziur nago kalitatezko musika eskaintzen dugula” gaineratu du. Hori, haurren belarria hezi-tzeko ezin hobea da bere ustetan. Bestalde, pailazoek 40 urtetan zehar lortutako ospea goraipatu du gaur egungo Mirrik. “Euskararen alde zerbait egiteko hasi ziren, eta Euskal Herriko lehen pailazoak izaten bukatu zuten”.
Berpizte lana Bi urte hauetan egin duten lana taldea berpiztea izan da batik bat. Taldea oso altu utzi zuten eta aldaketa gogorra izan zitekeen. “Esaten genuen jendeak lehengoak maite zituela, baina aitak esan zidan pertsonaiak berdinak izaten jarrai-tzen dutela, Txirri, Mirri eta Txiribiton”, gogoratu du. Herentzia hori ahalik eta hobekien mantentzeko, laguntza izan dute. Beren lehenengo gira egin baino lehen, John Andueza izan zuten zuzendari, telebistan ere pailazoak gidatu baitzituen. “Aste Santuan bi aste egon ginen eta berak atera zizkigun gure barruko Txirri, Mirri eta Txiribiton”, onartu du Ansorenak.
Bestalde, lehengo pailazoen lagun-tza ezinbestekoa izan da. “Askotan etorri dira gu ikustera, eta zer hobetu esan digute”, dio. Azkeneko gira egin zutenean ere beren irakasleak izan ziren. “Beti erakutsi digute guk honekin jarraitzea nahi dutela”. Gainera, gaur egun ere, normalean Piter Ansorenak egiten ditu gidoiak. “Aita eta biok elkartzen gara ideiak bota-tzeko, eta bereak dira beti hoberenak”, aitortu du. Horrela, pailazoen esentzia mantentzea lortu dute: “Eta uste dut horregatik daukagula arrakasta”.
Izan ere, ikuskizunetan oso harrera ona izaten dute. “Guraso askok maite gaituzte beren haurtzaroan egon garelako eta haurrek bezala kantatzen dute”, adierazi du. Hala ere, umeekin ere erraz konektatzen dute. Batzuk beldur diren arren, askok besarkatu egiten dituzte. “Maite zaitut, Mirri’, esan zidan lehengoan haur batek”, gogoratu du.
Antzokiak betetzen ditu pailazo talde honek, eta urtean emanaldi ugari eskaintzen ditu. Ez dute egoera txarra bizi. “Pailazoen merkatua badago, talde asko daude eta denok egiten dute lan -jarraitu du Ansorenak-. Baina egia da oso zaila dela, gauza asko ordaindu behar baitira”. Txirri, Mirri eta Txiribitonek beste lan bat daukate, eta ez dira pailazo izateaz bizi, “bestela beste prezio ba-tzuk jarriko genituzke”. Hauek mundu honetan bere lekua nahi dute, baina ezingo lukete bizi lan honekin bakarrik. Hala ere, ez daukate konpetentziarekin arazorik. “Gehienekin ez daukagu harremanik, ez baitugu elkarrekin topo egin”, onartu du, eta Poxpolo eta konpainiarekin eta Gari, Montxo eta Joselontxorekin oso ondo moldatzen direla gehitu du. “Hala ere, pena da ez dugula pailazoen elkargunerik, gure artean ezagutzeko”, esan du.
Etorkizunari begira, beren erronka horrela jarraitzea da. Kalitatezko ikuskizunak eman nahi dituzte, eta antzokiak betetzea oso eskertzekoa iruditzen zaie. Bestalde, aurreko ikuskizuna DVDan plazaratu nahiko lukete. “Eta azkenik, askotan esaten dugu gure disko propioa atera nahiko genukela, gure abestiekin”, esan du, “baina ez da erraza”.
‘txutxupe!’ Iaz arrakasta handia lortu zuten Terapia izeneko ikuskizunarekin. Aurten, berriz, Txutxupe! sortu dute. Pailazo zaharrek 2009an kaleratu zuten disko bat izen horrekin. “Lema zera zen: tranparen aurrean, bizitzako edozein alderditan, ‘Txutxupe’ esan behar dela, protestatu egin behar dela”, azaldu du.
Kasu honetan, pailazoek jolasten duten bitartean, negozio gizon tranpati bat etorriko zaie. “Eta horregatik Txutxupe!, hari esan nahi diogulako”, azaldu du. Mus Dekakamokordo izena du pertsonaia berriak. Txikitatik oso diruzalea den pertsonaia da, eta ikasi duen bakarra dirua biltzea da, “negozioa egiten, jendea engainatzen”. Bere izena diskoko abesti batetik dator, eta bertan kontatzen du pertsonaia honek plastikoetan kakamokordoak sartu eta saldu egiten dituela. “Gaur egungo zikinkeriei kritika egiteko modu bat da, denok erosten batitugu gauza horiek”, gaineratu du. Plastikotan sartuta dagoena erraz saltzen dela erakusten du kantak, eta baita atzean diruzale batzuk daudela ere.
Pertsonaia berriari dagokionez, Ansorenaren kapritxoa izan zen, ikuskizuean norbait sartu nahi bai-tzuen, eta azkenean, pailazo familia honetako kide batek interpretatzen du. Izan ere, Kattalinen anaia Peruk egiten du pertsonaia honen papera. “Oso ondo ari da, inoiz ez da taula gainean aritu eta aita eta biok harrituta gaude”, aitortu du.
Ikusleek barre egiteko aukera izango dute gaur Victoria Eugenia An-tzokian; 26an, Donostiako Casares kultur etxean; eta 27an, Irungo Amaia kultur zentroan.
Juniorretatik titularretara. Duela ia hamabi urte, Txirri, Mirri eta Txiribiton erretiroan pentsa-tzen ari zirela eta, pailazo talde junior bat sortzea erabaki zuten. Zoritxarrez, ez zuen asko iraun, eta taldea berriro osatzeko modua pentsatzen hasi ziren. Azkenean, benetan beren testigua norena zen konturatu eta seme-alabei ea nahi zuten esatea bururatu zi-tzaien. Azkenean, Mikel Otaegi (Txirriren semea) eta Kattalin Ansorena (Mirriren alaba) animatu ziren mundu honetan lehen pausoak ematera. Txiribitonen rola Fernando Ruizena izan zen. Azkenean, lan munduan sartzeko ordua iritsi zela eta, Otaegik postua utzi behar izan zuen, eta Txirriren papera egitera pasa zen Ruiz, jada ikasia baitzuen. “Oso teknikari jatorra genuen, eta Txiribiton izateko oso egokia zela uste genuen”, adierazi du Ansorenak. Horrela, Juanma Zaldua pailazo mutuaren rola egitera pasa zen. Zaharrak oraindik erretiratu ez zirenez, beren lana errazten, herrietako emanaldietan beren rola hartzen eta ikuskizun batzuetan parte hartzen egin zute lan. 2012 bukaeran, betiko pailazoek erretiroa hartu eta hirukote berria pasa zen talde titularra izatera. Jada bi ikuskizun dauzkate, Terapia eta Txutxupe!, eta klown ikastaroak egiten jarraitzen dute, pailazoen munduan gero eta gehiago murgiltzeko.
Gaur. Victoria Eugenia Antzokia. Donostia. 17.30ean.
Hilak 26, ostirala. Casares Kultur Etxea. Donostia.
Hilak 27, larunbata. Amaia Kultur Zentroa. Irun.
Hilak 28, igandea. Olalde Aretoa. Mungia.
Hilak 29, astelehena. Arteria Campos Eliseos Antzokia. Bilbo.
Hilak 30, asteartea. Ermua Antzokia. Ermua.
Urtarrilak 2, ostirala. Mendizorrotza Kiroldegia. Gasteiz.
Urtarrilak 4, igandea. Buesa Arena. Gasteiz.