Síguenos en redes sociales:

Xaloa Telebista astelehenean hasiko da emititzen Iruñerrian

Euskara hutsean emitituko den kanala LTDko 38 kanalean sintonizatu daiteke dagoeneko

Xaloa Telebista astelehenean hasiko da emititzen Iruñerrian

iruñea - Abenduan hasitako diru-bilketa kanpainan 53.760 euro bildu ondoren, Xaloa Telebista astelehenean hasiko da Iruñerrian emititzen. Orain artean Baztan eta Malerrekan emititzen aritu den kateak atzo eman zion hasiera bere etapa berriari, Berriozarren irekitako egoitza berrian ospatutako ekitaldiarekin. Iruñerriko euskarazko telebistaren seinalea LTDko 38 kanalean ikusi daiteke.

Telebistako arduradun Joseba Igerabidek azaldu zuenez, astelehenean bertan ekingo diote emisioari, eta programazioa hurrengo asteetan osatuko dute. Hala, astelehenean lehen albistegia emitituko dute, 15.00etan, eta hori doi-tzen emango dute astea. Hurrengo astean berriz, goizeko magazinea ere hasiko dira egiten. 11.00etan haisko den magazineak erreportajeak, gai orokorrak eta aktualitatea uztartuko dute.

Arratsaldean ere beste magazine bat gehituko da programaziora, asteko egun bakoitzean gai bati buruzkoa: kirola, udala, kultura, ekonomia, aisialdia... Horrez gain, saio tematikoak ere gehituz joango dira: haurrentzako saioa, musika, guraso eta haurrentzako Ikas Jolas, Ur eta Lur naturari buruzkoa, Herriz Herri... Igerabidek azaldu zuenez, hilabete inguruko tartea beharko dute parrilla guztiz osatzeko. Hori dela eta, pazientzia eskatu zien ikusleei.

TOKIKOMen bitartekaritzari esker, Xaloa Telebistak eta EiTBk lankidetza akordio bat sinatuko dute hurrengo egunetan. Hitzarmen horren arabera, EiTBk hainbat marrazki bizidunen eskubideak utziko dizkio Xaloari.

euskal komunitatearen lorpena Emititzen hasi ahal izateko, Xaloa Telebistak diru bilketa kanpaina martxan jarri zuen iazko abenduan, Karena plataformaren eta Udalbiltzak udalez udal egindako kanpainaren bitartez. Hasmentako helburua 50.000 euro biltzea bazen ere, diru-ekarpena 53.760 eurokoa izan da osotara, telebistaren seinalea emitizeko tresneria erosi eta Ezkaba eta Elo mendietan bi errepikagailu jar-tzeko baliatuko dena.

Guztira, 300 norbanako eta erakundek egin dituzte diru-ekarpenak Euskaltzaleen Topaguneak, TOKIKOMek eta Udalbiltzak bideratutako kanpainan. TOKIKOMeko presidente Urko Aristik bihotzez eskertu zien laguntza parte hartu duten guztiei, helburua lortu izana euskal komunitatearen lorpen handia dela azpimarratuz. Udalbiltza eta Karenaren beraren laguntza ere nabarmendu zituen Aristik “haien laguntza funtsezkoa izan baita helburua lortu ahal izateko”. Bildutako 53.760 euroetatik, ia 19.000 jaso dira Udalbiltzak udaletan egindako gestioen bidez, eta beste 10.000 Oinarriak Plataformak egindako ekarpenetik.

Udalbiltzako lehendakariak, Mertxe Aizpuruak, Iruñerrian euskarazko telebista bat martxan jartzea “mugarri handia” dela nabarmendu zuen. “Horrelako proiektu bat guztiz bat dator gure estrategiarekin, eta horregatik oso argi ikusi genuen lehen momentutik hau aurrera ateratzen lagundu behar genuela”.

Ekitaldia amaitzeko, Nafarroako Topaguneko arduradunak, Oskar Zapatak, bere poza adierazi zuen: “euskal komunitate osoaren lorpen handia da Iruñerrian euskarazko telebista bat martxan jartzea, eta erantzukizun handia ere bai. Errazena egin dugu: telebista martxan jartzea. Orain denon artean landu beharko dugu Xaloa bizirik mantentzeko modua”.

A partir del lunes. El canal de televisión Xaloa Telebista comenzará a emitir algunos de los programas el lunes en la comarca de Pamplona y se irán ampliando paulatinamente hasta completar la parrilla.Canal 38. Tras las pruebas de señal que comenzaron en diciembre, a señal de la televisión en euskera de Pamplona ya puede sintonizarse en el canal 38 de la TDT.

Acuerdo con EITB. Xaloa y EITB, con la ayuda de TOKIKOM, firmarán un acuerdo a través del cual EITB cederá a Xaloa los derechos de emisión de algunas de las series de dibujos animados en euskera.