Síguenos en redes sociales:

Lutxo Egia: “Atzerritartzat hartu naute nire hirian”

Hizkuntza hegemonikoa ahaztu balu bezala, Bilbon hilabetez gaztelaniaz hitz egin gabe bizitzen ari da Lutxo Egia. Gizarteko hizkuntza harremanak ikusarazi eta haiekin jolastea da ‘Bi-lingual: transitoak’ performancearen helburua

Lutxo Egia: “Atzerritartzat hartu naute nire hirian”Borja Guerrero

Gizarteko hizkuntza harremanen inguruko performance gisa aurkeztu du BI-lingual: transitoak Lutxo Egiak (Santander, 1969). 31 egunez gaztelaniaz txintik esan barik biziko da Egia, non eta gaztelania nagusi den Bilbon. Euskaraz baino ez da arituko, eta ingelesez ere bai, “ezinbestekoa denean”. Ez da salaketa politiko bat izango, ordea, “oinarri politikoa duen esperimentu artistiko bat” baizik. Esperientzia Berria egunkarian sortu duen blogean kontatzen ari da egunez-egun.

Idazle modura ezagutu zaitugu orain arte. Nolatan sortu zaizu performance hau egiteko ideia?

Film luze baterako gidoia eta nobela bat nituen buruan. Istripu batek eragindako afasia bat kontatuko zuten lan horiek, hizkuntza ahaztea dakarren afasia bat. Baina, ideia hori performance baten bidez errealitatera eramatea bururatu zi-tzaidan gero. Performance horien ondorioak gero fikzioan jasotzea da asmoa.

Zertan da zehazki performancea?

Bizi naizen lekuko hizkuntz hegemonikoa galdu edo ahaztuko dut hilabetez, kasu honetan, gaztelera. Hala ere, kontua ez da gaztelera ahaztea, baizik eta hizkuntz hegemonikoa ahaztea. Garrantzitsua da ñabardura. Nagusiki euskaraz eta, zenbait kasutan, ingelesez ere komunikatuko naiz, beharrezkoa bada. Aurrez neukan hizkuntz tipologia baztertu eta beste bat aktibatu dut: elebiduna, baina gazteleraren ordez, ingelesa erabiliz. Euskaldun elebakarra ere izan zitekeen, baina ingelesa ere erabiliko dut, ikusita toki esanguratsua hartu duela Bilbon.

Hizkuntzan oinarritutako proiektua da, baina bestelako hari-muturrak ere baditu: sorkuntza, artea?

Arte proposamen bat da, hasteko. Ez hori bakarrik, baina hori ere bada. Bestalde, hizkuntzan oinarritutako proiektu bat da, baina hizkuntza ez da helburua, heldulekua baizik. Euskararen eta euskal komunitatearen egoerak beste eztabaida batzuk eskatzen dituelakoan nago. Hizkuntza helduleku bat da praktika sozialetan gertatzen diren hainbat gauza ikusteko. Hala, performancearen bidez, bestelako zenbait kontzepturi erreparatu nahi diet: Ikusgarritasuna/ikusezintasuna, hegemonia, identitatea, espazioa, arauak, jarrerak? Helburua ez da ikerketa soziolinguistiko bat egitea eta esatea zein dramatikoa den euskararen erabilera Bilbon. Ez nator ezer deskubritzera, baizik eta esperimentatzera. Gauza ba-tzuk nahiko begi-bistakoak izan daitezke maila teorikoan, baina haiekin jolastea da asmoa. Izan ere, hizkuntzaren alde performatiboa interesatzen zait: aritzearena, eta aritzearena testuinguru sozial batean.

Iniziatiba honek badu kutsu politikorik?

Bai, ezinbestean. Ezin dugu ahaztu hizkuntzarena auzi politiko bat dela. Lorea Agirrek esaten du gauza bat oso interesgarria dena, eta da euskalduna izatea eraikuntza kontziente bat dela, hautu kon-tziente bat. Euskalduna, erdalduna edo elebiduna esaten dugunean ez gara zerbait neutro eta natural bati buruz ari, esanahi politiko bat dute denek. Tipologia horiek ez dira berezkoak, eta testuinguru sozialaren arabera aldatuz doaz. Interesantea da honetaz ohartzea eta arau sozialarekin gure harremana zein den ikustea. Hori da proposamenaren alde politikoa. Aukeraketa kontziente horretan murgildu naiz, hizkuntz tipologia jakin bat aktibatuz.

Zure kasuan, argia da hautuarena. Gaztelaniaz hazi zinen eta gerora ikasi zenuen euskara.

Bai, nire ama hizkuntza gaztelania da; gaztelaniaz bizi izan nituen nire bizitzako lehen 23 urteak, eta gero hasi nintzen euskara ikasten. Ondoren, beste 20 urte eman ditut elebidun izaten, eta orain pasatuko naiz euskalduna izatera. Erakargarria den gauza bat badu performance honek: zikloa osatzearena. Euskaldunari tokatzen zaio hautu kon-tziente bat egitea, eta euskalduna eta gaztelaniaduna izatea ez da gauza bera. Batzuok hori garbi ikusten dugu, baina beste batzuek ez.

Argi utzi duzu honakoa ez dela inoren aurkako ezer. Zurekin gurutza-tzen diren erdaldunek ere hala uler-tzen al dute?

Horixe nahi nuke. Ni ez noa inoren kontra. Erdaldun bati euskaraz bakarrik hitz egiten diodanean gaztelerazko hitza ukatzen diedala pentsatzen dutela iruditzen zait. Baina nik ez diot inori gaztelera ukatzen, nik euskarazko hitza ematen diet. Gaztelera ahaztu dut, baina euskara ematen dut. Batzuek gaztelerarekin natural egiten dute hori, bada nik euskararekin egiten dut.

Pare bat aste daramatzazu. Ezusterik bai, onerako zein txarrerako?

Interesantea da erreakzioak ikustea. Lehen astean dagoeneko atzerritartzat hartu naute, non eta Bilbon. Imajinatzen duzu gerta daitekeela, baina bizitzea beste gauza bat da. Egia da kontua oso ezberdina dela ezagunekin edo ezezagunekin. Performanceak harrera ona izan du ezagunen artean, baina nik nire egunerokoarekin jarraitzen dut: dendan, dentistarenean, bankuan? Gune erdaldunak dira, eta lehen erreakzioa harridura izaten da. Arau sozialaren kontra egitean talka bat sortzen da, eta talka horrek zigorra aktibatzen du: begiratua, keinua, ihesa, ukoa, edo baita barrea ere. Hori dena ikusten ari naiz. Egia esan, erantzun txarrik ez dut jaso. “Bai, nahi duzuna, baina niri euskaraz ez”, entzun dut sarri. Hori bai, dena modu atseginean.