Ezekiel, Nur eta Greg nagusi irakurle gazteen artean
Ostegunean ospatu zen Juul literatura hauteskundea, Euskal Herriko 53 ikastolatan
iruñea - Euskal Herriko ikastolek euren egutegiko hitzordu berezienetako bat ospatu zuten ostegunean: Juul literatura hauteskundea. 18. Edizioa izan da aurtengoa eta denetara 17.142 izan dira bildutako botoak, iazkoak gailenduz. Dudarik gabe ikastolen literatura kanpaina indartsuena bilakatu den hauteskunde honetan aurreko edizioetan nagusitu izan diren izenburuak izan dira bozkatuenak, Toti Marinez de Lezearen Nur bildumako azken alea edota Jasone Osororen Ezekiel erraterako.
Haur Hezkuntzan, Anna Llenas idazlearen Koloretako munstroa izan da bozkatuena; eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan (6-8 urte), Begoña Ibarrolaren Hartz marmartia suertatu da garaile. Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloan dagoeneko ohikoak diren izenburuak nabarmendu dira: Toti Martinez de Lezearen Nur eta altxorraren kutxa, eta Jeff Kinneyren Gizajo baten egunkaria, hauxe besterik ez nuen behar. Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte) Jasone Osoro egilearen Ezekiel eleberria nagusitu da, iaz ere bozkatuenen artean zegoen liburua. Ilustratzaileen kategoriari dagokionez, Nur bildumaren marrazkilaria den Juan Luis Landa suertatu da garaile, laugarren urtez jarraian.
Edizio honetan 53 ikastolek parte hartu dute irakurzaletasuna susta-tzera bideratzen den literatura hauteskundean. Aurreko urteetan bezala, bi izan dira bozketa egiteko erabilitako sistemak, hots, betiko boto-txartela eta bozketa elektronikoa.
Kategoriaz kategoria A kategorian, 3 eta 6 urte bitarteko Haur Hezkuntzako ikasleenean Anna Llenas idazlearen Koloretako munstroa (Flamboyant) suertatu da garaile, iaz irabazle suertatu zen Puagg! (Eneko Etxegarai, Denonartean) eta Miguel Salasen Tonino (Txalaparta) liburuek lortu dituztelarik, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuak. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrek Begoña Ibarrola egilearen Hartz marmartia (Elkar) liburuaren alde bozkatu dute, bigarrena egin duen Peru Magdalenaren Txomintxo eta Perutxo Iosuri fardela aldatzen (Elkar) eta hirugarren postuan geratu den Pello Añorgaren Mux munstroa (Elkar) lanen gainetik. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako 8 eta 10 urte bitarteko ikasleak biltzen dituen kategorian, Toti Martinez de Lezea izan da aurtengoan ere garaipena eskuratu duena, Nurren abentura berri batekin: Nur eta altxorraren kutxa. Bigarren eta hirugarren Geronimo Stiltonen Fantasiaren Erreinuan (Planeta) eta Castillo Suarezen Agur, Agur! (Erein) izan dira.
D kategoriari dagokionez, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek iazko garailea hautatu dute edizio berri honetan: Gizajo baten egunkaria. Hauxe besterik ez nuen behar (Alberdania). Honekin, bosgarrenez eskuratu du garaipena Greg ospetsuak. Honen ondotik, Gaizka Arostegiren Karlisten altxorra (Elkar) eta Fernando Morilloren Amets ameslari: amaren barruko laguna (Gaumin) geratu dira. Jasone Osororen Ezekiel eleberria liburuak nagusitu den DBHko kategorian, Jon Arretxeren Beti Iparralderantz-ek (Erein) eta John Anduezaren San Ferminetan, Lesakan (Elkar) egin dute bigarren eta hirugarren.
Ilustratzaileen alorrean, Landaren atzetik Jokin Mitxelena, Mikel Valverde, Eider Eibar eta Leire Salaberria izan dira bozkatuenak.
H.H. 3-6 urte
‘Koloretako munstroa’Anna Llenas
‘Puagg!‘Eneko Etxegarai
‘Tonino’Miguel Salas
L.H. 6-8 urte
‘Hartz marmartia’Begoña Ibarrola
‘Txomintxo eta...’Peru Magdalena
‘Mux munstroa’Pello Añorga
L.H. 8-10 urte
‘Nur eta altxorraren...’T. Mtz de Lezea
‘Fantasiaren erreinuan’G. Silton
‘Agur, Agur!’Castillo Suarez
L.H. 10-12
‘Gizajo baten egunkaria’J. Kinney
‘Karlisten altxorra’Gaizka Arostegi
‘Amets ameslari...’ F. Morillo
B.H. 12-16 urte
‘Ezekiel’Jasone Osoro
‘Beti Iparralderantz’Jon Arretxe
‘San Ferminetan...’John Andueza
Ilustratzaileak
Juan Luis Landa
Jokin Mitxelena
‘Mikel Valverde