Leitzarrak nagusi, Bardoak taldekako bertso txapelketan
aldatzea komeni taldea gailendu zen 200 zale bildu zituen txapelketako final girotsuan, lekunberriko toki alai sagardotegian
Otsailaren 2an abiatutako ibilbideari akabera ederra eman zioten larunbatean Bardoek, Lekunberriko Toki Alai sagardotegian jokatutako finalean. Nafarroako taldekako bertsolari txapelketako azken saioan hiru talde izan ziren oholtzaratu zirenak: Baztan eta Malerrekako Addams familia, Lesakako Unibertsolariaketa Leitzako Aldatzea komeni. 200 entzulez inguratuta aritu ziren bertsolariak, eta azkenean leitzarrekentzat izan zen garaipena.
Nafarroako herri desberdinetan ospatu den txapelketaren edizio honetan, 16 talde eta 113 parte har-tzaile bildu dira denetara, 2012an martxan jarri zen lehia formatuak duen arrakastaren erakusgarri. Larunbatekoa, lehiaz arago, “Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia” izatea zen antolatzaileen helburua, eta horren neurrikoa izan zen saioa: hurbiltasuna, umorea eta besta giroa ez ziren faltatu.
Oholtza gainean, hamabi bertsolari aritu ziren kantuan. Bardoen aurreko saioetako dinamika berdinarekin jarraituz, talde bakoitzeko kide banak bete gai-jartzaile zereginak betetzen joan ziren. Azkenean, publikoko 20 lagunen eta Bardoetan parte hartu zuten talde bakoitzeko kide banaren puntuak zenbatuta, Leitzako Aldatzea komeni taldea izendatu zuten 2018ko Bardoetako txapeldun. Euskal produktuekin osatutako saski eder bana eta Bardoetako zapia eskuratu zuten hiru talde finalistek. Irabazleek, gainera, Murugarrengo Aldaiondo sagardotegian otordu bat egiteko txartela jaso zuten.
Aurtengoa Bardoak Nafarroako taldekako txapelketaren laugarren edizioa izan da. 2012an egin zen lehena, orduan Lesakako Rimak exkaxko taldeak irabazi zuen Leitzan jokatu zen finala. 2014an finala Lesakan jokatu zen eta Baztango Lepanatuek 2taldeak irabazi zuen. Azkenik, orain dela bi urteko edizioan Etxarri Aranatzen jokatu zen azken saioa eta Leitzako Atekaberts taldea atera zen garaile. Bigarren aldia da, beraz, Bardoen txapela Leitzara doala.
Bi urtetik behin egiten den txapelketak gogor eusten dio hasieratik ezarritako helburuari: bertso-eskolen harrobia indartzea, bertsolaritza lan-tzeko molde eta plaza berriak eskainiz eta auzolana oinarritzat hartuz.
Ariketaz ariketa Hasierako agurrek jarri zioten abiapuntua eta umore dosia larunbateko saioari. Musikak lagunduta, aurkezpenerako baliatu zuten taldeek agurra. Zortziko handian, enpresariaren eta lana bilatzen duenaren paperetan aritu ziren Iker Gorosterrazu eta Josu Sanjurjo, lehenak bigarrenaren sare sozialetan arakatu eta gero. Zortziko txikian, Alazne Untxalo eta Xabat Illarregi aritu ziren: tabernan parrandan zeudela, bere telefono zenbakidun papera sartu du Illarregik Untxaloren sakelera. Seiko motzean aritu ziren gero Eneko Fernandez eta Diego Riaño, arrakastadun film euskaldun bateko aktoreen rolean. Arrakastak bidea zabalduko ziela uste izan zuen Riaño, baina ezkor erantzun zion Fernandezek.
Hiruna punturi erantzun zioten Iker Gorosterrazuk, Joanes Illarregik eta Eneko Fernandezek. Ondoren, hurrenez hurren, salbamendurako txalekoari, eskuburdinei eta krosseko dorsalari bertso bana kantatu zioten Jon Silveirak, Amaia Elizagoienek eta Xabat Illarregik. Horren ostean, seguidilla-ren doinuan, larrua jo ostean ohean daudenen paperetik kantatu zuten Egoitz Gorosterrazuk, Josu Sanjurjok eta Miel Mari Elosegi Luze-k.
Koplen ariketan, binaka aritu ziren lehenbizi Jon Silveira eta Josu Sanjurjo, diskotekatik bota dituzten bi lagunen roletik. Kopletan ere, eskia-tzen zeudela elkarri traba egin eta lurrean daudenen egoeratik aritu ziren Iker eta Egoitz Gorosterrazu. Azkenik, hegazkineko turbulentzien erdian elkarri aitortzak egiten hasi direnen larrutik kantatu zuten Joanes Illarregik eta Diego Riañok.
Bakarka Iban Garro, Alazne Untxalo eta Joanes Illarregi aritu ziren. Lehenak espero ez zuen gutuna jaso du. Bigarrena aspaldi ikusi gabeko tokira itzuli da. Hirugarrenak, aldiz, lorik hartu ezin duenaren larrutik kantatu du. Hirukako ofizioan, lapur bat sartu den dendan zeudenen paperetik jardun zuten Iban Garrok, Xabat Illarregik eta Amaia Elizagoienek.
Puntukako ariketak eman zion bukaera saio puntuagarri. Leitzako taldeko kideek liburua irakurri gabe irakurle klubera joan direnen roletik jardun zuten. Malerreka eta Baztango taldekoak, aldiz, eskolako lanak egin ez eta aitzaki bila dabiltzenen ahotik aritu ziren. Lesakarrak, aldiz, izeba hil berritan herentzia jaso nahi duten iloben paperetik ibili ziren.
Más en Cultura
-
Qué hacer y qué ver en Navarra y en Pamplona. Agenda cultural
-
La Compañía Nacional de Danza abrirá la próxima temporada del MUN con el virtuosismo de 'Petipa'
-
'Millenial Mal', una deuda resuelta con las mujeres 'boomers' se rueda en Pamplona
-
Joaquín Sabina bailará su último vals con el público de Pamplona