‘Manifestu bat’ komedia kritikoarekin itxiko da Antzerki Aroa

Miren Tirapu iruindarrak zuzendutako obra Nafarroako Antzerki Eskolan eskainiko da 20.00etan

09.02.2020 | 07:35
Miren Tirapu aktorea, ‘Manifestu bat’ obraren uneetako batean.

iruñea - Miren Tirapu aktore eta zuzendariak sortutako Beheko Larraine antzerki taldeak emango dio itxiera, gaur, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak elkarlanean antolatutako Antzerki Aroarren udaberriko edizioari. Emanaldia NAE-n eskainiko da Manifestu bat izeneko komedia kritikoa, arratsaldeko 20.00etan. Sarrerak, NAE-ren webgunean bertan erosi daitezke, baita antzokiko leihatilan bertan ere, emanaldia hasi baino ordubete lehenago, zor-tzi euroko prezioan.

Tirapuk berak zuzendu eta protagonizatzen duen Manifestu bat obra, bizitza eta heriotzaren inguruko begirada ironiko bat da. Protagonista, marginatu bat izatera kondenatua, begirada guztien erdigunean ikusiko du bere burua azken agurraren unean. Une horretan, publikoaren begirada bilatuko du bere barreneko ahotsen bitartez, bere "azken besta handira" gonbidatuz.

Zuzendaria Iruñean jaio zen 1981ean. Kataluniako Centre de Estudis Cinematografics-ean lizentziaduna, aktore eta zuzendari formakuntza jaso du, besteak beste, Bartzelonan (María Stoyanovarekin), Poloniako Grotowski institutuan edota Cubako E.I.C.TV-an. Konpainia desberdinekin jardun ondoren, Beheko Larraine abiarazi zuen. Aldi berean, haur eta helduentzako tailerrak eskaintzen ditu. - M.M.P.

FITXA ARTISTIKOA

Zuzendaritza eta aktorea: Miren Tirapu Goikoetxea

Egilea: Gaizka Sarasola Iartzabal

Argiak: Andoni Mendizabal Andonaegi

Argazkiak: Itziar Matxain Urra

Kartela: Araiz Mesanza Iturritxa

Generoa: Komedia kritikoa (45')