“EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” SAIOA

María Calaf eta Olatz Arrieta izango dira datorren asteartean Bidebarrietan

“Escribir frente a una cámara” izeneko hitzordua Dani Álvarez kazetariak moderatuko du, eta arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin

09.02.2020 | 07:52
“Escribir frente a una cámara” izeneko hitzordua Dani Álvarez kazetariak moderatuko du

BILBO. Bilboko Udalaren "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak, Rosa María Calaf eta Olatz Arrieta kazetari eta berriemaileak elkartuko ditu astearte honetan, maiatzaren 14an. "Escribir frente a una cámara" izenburua duen topaketa oraingo honetan urrundu egingo da literaturatik, literatura esanahi zorrotzenean ulertuta, ikus-entzunezko medioetarako idazketan zentratzeko, RTVErako eta ETBrako nazioarteko ibilbide zabala duten bi profesionalekin.

Ohikoa denez, solasaldia 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streaming-ez jarraitu ahal izango da.

Oraingo honetan, Dani Álvarez Radio Euskadiko kazetaria arituko da moderatzaile gisa, eta kazetaritza lanari eta nazioarteko egoeraren azterketari buruzko solasaldia proposatuko du, eta diskurtso informatiboan, gertakari jakin batzuei buruzko informazioa telebistan emateko albistea idazteko modu partikularrean eta pertsonalean, gertakarien kontakizunetan, presaz egin beharreko kroniketan zentratuko da. Batzuetan, gainera, gatazkak gertatzen ari diren lekuetan egin beharreko lana da. Dena den, horrek guztiak estilo propioa eta berezia ematen dio kontatzen duenari. Izan ere, horrela gertatzen da Rosa María Calafen eta Olatz Arrietaren kasuetan. Gaur egun, kazetaritza lanbidea bere sinesgarritasun krisi larriena jasaten ari den eta edozein pertsona kazetari gisa aritu daitekeela dirudien honetan, sarritan zalantzan jartzen den zorroztasun profesionalak elkartzen dituen bi belaunalditako kazetariak dira.

Rosa María Calaf kazetaria (Bartzelona, 1945) Zuzenbidean lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Europar Erakundeetako Masterra ere bada eta Zientzia Politikoak ere ikasi zituen. Telebistako aurpegi ezagunenetakoa da, ia lau hamarkadaz RTVEko berriemaile izan baitzen Estatu Batuetan, Moskun, Buenos Airesen edo Asia-Ozeano Barean. 1982an TV3 telebista autonomikoaren sortzailea izan zen, Alfons Quintárekin batera. 180 herrialde baino gehiagotan egon da albiste bila. Jaso dituen sari ugarien artean, 2015ean jasotako Pedro Antonio de Alarcón Kazetaritza Sari Nazionala dago.

Olatz Arrieta (Donostia, 1971), bere aldetik, ETBko albisteetako aurpegi ezagunenetakoa da. Kazetaritza ikasi zuen EHU/UPVn eta Nazioarteko Harremanak New York Universityn. Bi urte eman zituen Moskun, errusiera ikasten eta Euskadi Irratiko berriemaile gisa lanean. Estatu Batuetan, bere lan profesionala Interneteko enpresa batean eta jadanik desagertuta dagoen Sobiet Batasunari buruzko azterketa politikorako zentro batean egin du. 2000. urtean ETBrako eta Euskadi Irratirako berriemaile gisa hasi zen lanean New Yorken. Olatz Arrietak Errusiatik eta Estatu Batuetatik eman du informazioa, eta 2013tik Europako Erkidegoko gaiei buruzko ETBko berriemailea da, Bruselan.

2007ko urtarrilean "Eztabaidak literaturarekin" egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin bat egiteko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.

Joan den 2018an hauek izan ziren "Eztabaidak Literaturarekin" programan parte hartu zutenak: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, Suso de Toro eta Màrius Serra, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Miguel Sánchez ? Ostiz eta Miguel Gutiérrez Garitano, Luisa Etxenike eta Marian Izaguirre, Julia Otxoa eta Edurne Portela, Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga, Luis Sepúlveda eta Isaac Rosa, Ana Merino eta Manuel Vilas, eta Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek eman zioten amaiera urteari.