ordizia - Irakurlezaleek hitzordu garrantzitsua izango dute gaur arratsaldean, Ordizian. Izan ere, Goierriko irakurle taldeen III. topaketa egingo dute. Lehen edizioa 2017an izan zen Beasainen eta bertan partaide izan ziren taldeek konpromezua hartu zuten topaketa hau urtero egiteko. Hitza betez, iaz Zumarragan egin zuten eta gaur hirugarren edizioa ospatuko da, Ordizian.

Urtero, gainera, pertsona bat omentzen dute eta aurten Patxi Zubizarreta idazlea izango da irakurle taldeen aldetik babesa eta esker ona jasoko duena.

Hala, espero da Goierriko txoko askotatik irakurle taldeak elkartuko direla eta 17.00etatik 18.00etara Zubizarretaren Jeans-ak hozkailuan liburuaren inguruko tertulia saioa egingo dute Zuhaiztin. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, eguraldiak laguntzen ez badu Jubilatuen etxeko areto nagusian egingo da saioa.

Tertuliari amaiera eman ostean, segidan hasiko dute omenaldia eta Zuhaiztiko areto nagusian izango da. Herriko hainbat herritar, ikasle,eragile eta artisten lanak eta ekarpenak ezagutzeko aukera izango da omenaldian zehar. “Saio partehartzailea, herrikoia eta maitasunez egindakoa izatea nahi da, herritarrei irekia”, gehitu dute topaketa errealitate izateaz arduratu direnak. Omenaldiak ordu bete inguru iraungo duela espero da eta interesa duen guztientzat izango da irekia. Modu honetan urtean zehar egiten dituzten ekintzak kalera atera nahi dituzte, ikusgarritasuna emanez irakurtzeari. - M.A.