iruñea - Asier Iturralde ilustratzaileak eta Aintzane Usandizaga idazleak sortutako Etxe honetan albumak irabazi du Etxepare Sariaren 13. edizioa, atzo iragarri zuten bezala. Nafarroako 22 toki entitatek, Galtzagorri Elkartearen, Pamiela argitaletxearen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatzen duten haurrentzako bilduma ilustratuen lehiaketaren edizio honetan 23 lan aurkeztu dira denetara.

Iturralde eta Usandizagaren lanak bi protagonista nagusi ditu, etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitatxi euskaldun eta moderno bat, eta honen egunerokotasuna eta errutina hankaz gora paratzera datorren iloba txikia. Lehiaketaren epaimahaiko kideek adierazi bezala, “edonori ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte autoreek, umorea maiski erabiliz eta irribarrean lehen minututik sorraraziz”.

Egileek, Iruñeko Udalak antola-tzen duen Biko-Teka tailerrean ezagutu zuten elkar, eta horri esker sortu zuten bilduma, bai Iturraldek bai Usandizagak aitortu zuten bezala. Elkarlanean hasi zirenean, euren istorioa “moralkeriatik” aldentzea erabaki zuten, ilustratzaileak azpimarratu zuen bezala. “Familia guztietan daude arauak elkarbizitzarako, baina aldi berean oso pertsona desberdinak bizi gara etxe baten barruan”, argitu zuen idazleak. Hasiera batean, bi protagonistak elkarren artean oso desberdinak direla dirudien arren, “segituan konturatzen gara badaukatela halako konexio berezi bat eta oso ondo moldatzen direla, gauza garrantzi-tsuak konpartitzen dituztela”.

Ilustrazioei dagokienez, “irudi argi eta baretsuak” lortzea izan zen hasieratik Iturralderen helburua. Halaber, irudi horien narratibotasuna muturreraino eraman dute liburuan, batak bestea gabe zen-tzurik ez izatea lortzeraino. Leire Salaberria ilustratzailea eta Leire Bilbao idazlarekin batera epaimahaia osatzen duen Idoia Sobrino liburuzainak argitu zuen bezala, “egileek ederki uztartu dituzte hitza eta irudia komikiaren trazuak dituen album eder honetan”. Hala, istorioak familia topikoak baztertu eta familia eredu desberdin bat erakusten du, amak, osabak eta aipatu bi pertsonaiek osatzen dutena. Aitatxiren pertsonaia “agure zahar bat ez den gizon euskaldun moderno bat” bezala aurkezten du istorioak, zaintza lanetaz arduratzen dena.

“Irudi aldetik, aipatzekoak dira erabili diren errekurtso narratiboak”, azpimarratu zuen Salaberriak, bere aldetik. “Etxea bera ber-tze pertsonaia baten modua tratatua izan da eta istorioan pasatzen dena azaltzen laguntzen digu. Marrazkiek kontakizunari ekarpena egiten diote eszena bakoitzean eta bertan pausatu eta goitik behera detaileei begira egotera gonbidatzen gaituzte”.

Etxepare sariaren helburua, Joseba Otondo Baztango alkateak atzo gogoratu zuen moduan, euskarazko jatorrizko bilduma ilustratuak plazaratzea da, Pamiela argitaletxearen eskutik bideratzen dena. Pello Elzaburu editoreak, Etxe honetan udazken partean argitaratuko dela iragarri zuen, 1200 aleko tirada batean.

Asier Iturralde Glez. de Alaiza. Arte Ederretan lizentziatua, irudigilea, diseinugile grafikoa.

Aintzane Usandiaga Lopez. Artearen Historian lizentziatua, Kultura Artistikoaren GIzarte Garapenetan Graduondokoa.