donostia - Renoko Unibertsitateak emakume bertsolarien inguruko liburu bat argitaratu berri du ingelesez, mundu akademiko anglosaxoiaren-tzat. Female Improvisational Poets. Challenges and Achievements in the Twentieth Centuryren edizioa unibertsitateko Center for Basque Studies institutuak bultzatu du. Bere zuzendariak, Xabier Irujok, aurkeztu zuen liburua atzo Donostian, Maialen Lujanbio bertsolaria eta Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiko zuzendari Iñaki Arrietarekin batera.

Iaz, Elconen (Nevada) country poesiaren inguru jardunaldi batzuk ospatu ziren eta bertan euskal bertsolari-tzak leku berezitu bat izan zuen. “Euskaldunak eta behizainak izan zen gaia. Bertso saioak eta kongresua txertatu genituen bertan”, azaldu zuen Irujok -900 pertsona hurbildu ziren Elconen antolaturiko bertso saio nagusira-.

Biltzar horren ondorio da Female improvisational poets lana -Estatu Batuetako unibertsitate honek bertsolaritzari buruz argitaratu duen hirugarren liburua da-. Zazpi ataletan bertsolari emakumeen eskubideen aldeko borroka eta erronkak azter-tzen dira; beste bi, country poesiari eskainita daude. “Euskal kulturak ematen dituen espresioak, nolabait, bertakoekin lotzea nahi genuen”, azaldu zuen Arrietak. Hain zuzen ere, bertako poesiak ere “inprobisazio maila” bat duelako.

Maialen Lujanbio bertsolariak -Txapelketa Nagusia irabazi zuen lehen emakumea izan zen- publikazioa bere testuinguruan kokatu nahi izan zuen: “Bide baten segidan puntu bat da liburu hau. Econeko kongresua 2018an izan zen. Ordurako, bertso mundua, Bertsozale Elkartea eta emakumezko bertsolariak generoaren gaia eta emakume bertsolarien bizipenen, esperientzien eta gorabeheren gogoetan murgilduta geunden. Horretan murgilduta daramatzagu urte asko”.

Iaztik hona, esaterako UEUk Bertsolaritza genero ikuspegitik deituriko udako ikastaro “aberats eta mamitsu” bat antolatu zuen 2018ko ekainean. Bertako jardunen publikazioa udazkenean izango da -euskaraz argitaratuko dira, ingelesez Female Improvisational Poetsen jasotako zenbait-.

2019ra itzulita, Bertsozale Elkarteak Bertsolaritzaren azterketa soziologikoa publikatu du: “Beharbada atal esanguratsuenetako bat generoari buruzkoa da. Horrek ere gaur egungo debatera elementu eta datu asko ekarri ditu”, azaldu zuen bertsolariak. Modu berean, Lisipe zigilupean Uxue Alberdik Kontrako eztarritik: emakume bertsolarien testigantzak kaleratu berri du.

Zentzu berean, Renoko Unibertsitateko argitalpenaren inguruan, Lujanbiok aditzera eman zuen “zentzua eta interesa” duela ingelesez eta mundu akademikora zuzendurik egotea, jardun artistikoetan emakumeek izan dituzten bizipenak “normalki nahiko errepikatuak” direlako. “Bertsolari-tza oso esperientzia lokala dela badirudi ere, hor gertatzen den praktika unibertsala da formetan, zailtasunetan, ezintasunetan, aukeretan eta ahaleginetan”, azaldu zuen.

Lujanbiok berak liburuaren atal bat idatzi du As the Tree Grows, the Bark Cracks deiturikoa. Bertan, bere ikuspegitik, bertsolaritzaren azken 40 urteak aztertu ditu bi elementuen inguruan hausnartuz: bertso-eskola eta emakumeen sarrera bertso plazan. Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsolariek ere artikulu bana idatzi dute, besteak beste, Ane Miren Hernández, Caroline Dufurrena eta Joseba Zulaikak bezala.