DONOSTIA. Ikusi Arte Tour biran erabat murgilduta daude Nafarroakoak. Baina ez da edonolako bira; errusiar mendi emozionala izaten ari da. Nostalgia kolektiboa sentitzen ari direla dio Gorka Urbizuk, eta noiz edo noiz "atzera egiteko tentazioak atea jo" diola aitortu digu. Ez da izango elkarrizketa honetan egingo digun aitorpen bakarra. 2014 urtean taldea uztea pentsatu omen zuten, Denbora da poligrafo bakarra diskoa epitafio polita zitekeelakoan.

Joan den abenduan Berri Txarrak desagertuko zela Facebooken iragarri zenuenetik, zenbatetan esan dizute birritan pentsatzeko?

-Iragarpena egin ostean, nolabaiteko nostalgia kolektiboa igarri dugu publikoarengan eta egia da batzuetan atzera egiteko tentazioa etorri zaidala. Halere ere, ez da bat-batean hartutako erabakia, oso ondo pentsatutakoa da eta orain hartutako erabakiarekin aurrera egin behar dugu. Izan ere, geldialdia egiteko arrazoiak oso argi ditut, atseden hartu beharrean nago eta gauza berriak egiteko ilusioa sentitu.

Musika talde handien gainbehera bizi dugu behin baino gehiagotan, hori saihestu nahi zenuen? Izan ere, gailurrean egonda, uzteko erabakia hartzea ez zen samurra izango...

-Ez da batere erraza izan, plano askotan. Oso momentu onean gaude, hau gure ogibidea da eta orain etorkizuna inkognita bat da hiruontzat... Baina topikoa dirudien arren, beti jarraitu diogu gure instintu artistikoari eta ondo joan zaigu; estilo aldetik bolantazoak eman ditugunean, edo ezusteko erabakiak hartu ditugunean, gure senari jarraitu diogu. Pena emango digula argi dago. Musika jotzea bizitzako gauzarik politenetakoa da niretzat, gure kantuek jendearengan marka uzten dutela ikustea oso gauza handia da. Sentituko dugun hutsunea ezingo da beste ezerekin bete. Baina aldi berean, Berri (Txarrak) bezalako talde batean egoteak dedikazio eta sakrifizio handia eskatzen du. Musikari izateagatik beste gauza asko alde batera utzi behar dituzu, bizitza pertsonalarekin bateratzeko ez da ogibide batere erraza.

Nekatuta zaudela esan duzu behin baino gehiagotan, zerk nekatu zaitu gehien?

-Esan behar dizut gurea sekulako pribilegioa dela, maite duguna egiten dugulako, are gehiago gaur egun lan arloan dagoen prekarietatea kontuan hartuta. Gure nekea benetakoa da, baina aldi berean ezin dut ahaztu hau nire hautua dela. Nekea esaten dudanean desgaste edo higadura esan nahi dut. 25 urte eman ditut talde honetan, hasiera-hasieratik, eta niri tokatu zait bolantea eramatea. Erabaki asko hartzea tokatu zait eta horrek talka egiten du erabat nire izaerarekin. Musika egiteaz ez naiz aspertu, baina Berri transatlantiko bat bilakatu da eta motxila horretaz askatu beharrean nago, artista gisa hazten jarraitu ahal izateko, egiteko beste modu batzuei heldu ahal izateko. Agian hori da Berri uzteko arrazoi nagusia, beste zerbait egiteko gogoa izatea.

Erronka berrien beharrean zaude...

-Berrirekin era askotako gauzak egin ditugu eta erronka asko jarri dizkiogu gure buruari. Ez da talde monokromatikoa izan, beti gustatu zaigu soinua beste eremu batzuetara eramatea. Ez gara aspertu, oso erritmo bizia eraman dugu azkeneko urteotan: egun batean Katalunian eta hurrengoan Japonian. Baina une honetan desagertzearen beharra sentitzen dut, logelako leihoa irekitzen duzunean bezala, aire berria sartzea behar dut.

Agurraz hitz egiten ari gara, baina azaroa bitartean ‘Ikusi Arte Tour' bira dela eta, kontzertu mordoa duzue itxita. Hortaz, agurra urruti ikusten duzu?

-Oso zaila egiten zait jakitea emozionalki nola sentituko garen azkeneko kontzertuan. Ziur nago gogorra izango dela. Orain arteko kontzertuetan sentsazio atsegina izan dugu, ez baitugu sentitzen bukaera berehalakoa denik. Azkeneko pantailara iritsi baino lehen, munstro handi batzuk gelditzen zaizkigu: Kobetamendiko kontzertua oso-oso berezia izango da, eta horrez gainera, Resurrection Fest (Galizia) eta Sonoraman (Burgos) izango gara, Asiako gira ere izango dugu, etab.

Minutu gutxitan saldu dituzue azkeneko kontzertuetako sarrerak. Agurraren fenomenoaren ondorio dela uste duzu?

-Argi dago gaizki egin ditugula kalkuluak. BEC izan zen hau guztiaren aurrekaria, non 10.000 lagun bildu ziren, nahiz eta kasu horretan sarrerak ez ziren egun bakarrean saldu. Navarra Arena betetzea zen gure asmoa eta agerian gelditu da motz gelditu ginela. Ez genuen espero, bestela, beste modu batean planteatu genukeen. Egoerak gainezka egin digu denoi eta etorri den bezala egin diogu aurre.

BEC aipatu duzu eta horren harira hauxe jaso zuen kazetari espezializatu batek kontzertuari buruzko kronikan: "(Berri Txarrak) es el grupo euskaldun que ha logrado llegar más lejos hasta el momento, y lo mejor de todo es que su proyección no tiene límites ahora mismo. ¡Que sigan así durante muchos años!".

-Haserre egongo da gurekin (barreak). Auskalo zer gertatuko zen utziko ez bagenu, baina erabakia zintzotasunez hartu dugu. Talde honek %100ean egotea eskatzen du eta ni ez nago dena emateko moduan. Jotzeko orduan ez daukagu arazorik, daukagun publikoari esker are eta errazago da dena. Baina bederatzi disko eta 100 kantutik gora dauzkazunean, zer egin? Disko bakoitza bizpahiru urteko gurpila da: sortu, grabatu, promozioa, bira... Horri guztiari aurre egiteko oso topera egon behar duzu. Gure taldeak ez du irautera jokatu, baizik eta beste zerbait eskaintzeko. Musikan dabiltzanek ulertzen nautela esan didate.

Baina jende askori kosta egingo zaio ulertzea...

-Beti izan dut argi taldea momentu on batean utzi behar genuela, eta gehiago esango dizut: ez da lehen aldia taldea uztea planteatu duguna. Denbora da poligrafo bakarra diskoa egin genuenean (2014), esate baterako, oso modu serioan pentsatu genuen taldea uztea: 20 urte betetzen genituen eta disko hirukoitza lan borobila zen; epitafio polita zela iruditzen zitzaigun. Azkenean ez genuen utzi, beste lan bat egin genuen, benetan gustura, eta ez zait damutzen. Oroitzapen kolektibo ona uztea izan da beti gure asmoa, eta 25 urteren buruan uste dut irabazi dugula atseden hartzeko baimena.

25 urte asko dira eta nekatuta zeundela esan zenuen. 17 urte zenituen Berri Txarrak sortzean, eta geroztik gauza asko pasa dira. 1994. urteko Gorka Urbizuk zer bilatzen zuen Berri Txarrak taldearekin?

-Berriren izpiritua ez da asko aldatu orduz geroztik. Argi dago hasierako inozentzia galdu egin dugula, eskarmentua dugulako, nahiz eta musikaren munduan edozer gauza gerta daitekeen eta inoiz ez dugu galdu kontzertua hasi aurretik sentitzen den zirrara hori. Horrek engantxatu egiten du, zalantzarik gabe. Taldea sortu genuenean, ez genuen pretentsio handiegirik: zarata egin, kontzertuak eskaini... Gero lehen maketa etorri zen, eta diskoak... Zure kantuak jendearengana iristen direla ikustea oso gauza polita da.

Zer esango zenieke musikan hasten direnei?

-Ez naiz aholku zalea, baina Berriri buruz zerbait esan behar badut esango nuke gogotik lan egin dugula. Gure ekosistema kulturala txikia da eta denon ekarpena beharrezkoa da bidean aurrera egiteko. Euskaraz abesteagatik lan bikoitza egin behar duzu, eta hori errealitate bat da. Baina musikaren munduan lanaren kultura ez dago behar bezala barneratuta, ematen du denbora-pasa dela. Gehienek beren lana dute eta denbora librean egiten dute musika. Denok hasten gara horrela, baina faltan botatzen dut anbizio falta hori. Musikari izan nahi duenari zera galdetuko nioke: "Ahal duzun guztia egiten duzu?". Nahiz eta jabetzen naizen oso zaila dela profesional gisa aritzea. Doctor Deseoko Francisek behin esan zuen bezala: "Vivir de la música es fácil, solo hay una condición: no ser el músico".

Gogoratzen duzu kantu borobila egin izanaren sentsazioa lehen aldiz sentitu zenuenekoa?

-Egia esan oso eskasak izan gara singleak aukeratzeko orduan. Libre diskoko Denak ez du balio izango da, ziurrenik, gure kanturik ezagunena, baina ez zen aurrerapen singlea izan eta ez genion nabarmen berezirik eman. Disko gehienetan gauza bera pasa zaigu. Bestalde, kantu batzuek hobeto heltzen diete denborari, hori da Orekaren kasua, 15 urte pasa direnean kantu ona dela iruditzen zait oraindik ere. Eskuak eta Zertarako amestu, horiek ere xarma berezia dute niretzat.

Zer ari zara entzuten egunotan?

-Julien Bakerren Boygenius taldea asko entzuten ari naiz. Eta horrez gain, Unidad Alavesaren lan berria ere oso ona da.

Musika zuzenean entzutea gogoko izango duzu...

-Paradoxikoki musika talde batean jotzen duzunean oso aukera gutxi duzu beste taldeen kontzertuetara joateko. Aurten, adibidez, oso asteburu gutxi izan ditut libre, baina ahal dudanean ihes egiten dut.

Zer egingo duzu azaroaren 23tik aurrera?

-Botoi bat egongo balitz desagertzeko, berehala sakatuko nuke (barreak). Urte gogorra izaten ari da, batez ere, emozionalki. Deskonektatu eta deskonprimatu, horixe behar dut orain. Burmuina hustu, erabakirik ez hartu, eta gauzak lasai hartu. Atsedenaz gozatu, hori nahi dut. Halere, inkognita handi bat dut orain, izan ere, bi asteburu segidan libre ditudanean, lehena oso gustura hartzen dut, bigarrena, ordea, kostata... Ikusteko dago nola hartuko dudan geldialdia, baina uste dut nire burua behartu behar dudala hori bizitzera. "Reset" artistikoa egin behar dut eta horretarako beharrezkoa da bizitza lasai hartzea.

Musika barruan daramazu, beraz, musika egiten jarraituko duzula argi dago...

-Jaio.Musika.Hil diskoarekin, dagoeneko, izan nuen "klik" hori. Ordura arte, kostatzen zitzaidan nire buruari "sortzaile" edo "musikari" etiketa jartzea, baina nire obsesioa kantu perfektuaren bila aritzea eta, batez ere, artista gisa hazten joatea da. Berritik kanpo beste zerbait egin nahi dut orain, baina nola, noiz edo norekin ikusteko dago. Gainera, erabaki dut oraingo momentua bizi nahi dudala, dena eman nahi dut taldearen agurrean eta etorkizunean ez pentsatzen saiatzen ari naiz. Momentua bizi, hori da nire buruari jarri diodan etxeko lana. Ez dut death metal talde bat egingo, baina zerbait egingo dudala argi dago.

Hau esan ondoren, ez dakit nola egin hurrengo galdera, baina tira, ausartu egingo naiz: Nola ikusten duzu zeure burua 10 urteren buruan?

-David Lynchen ilea eduki nahiko nuke, horrekin nahikoa duzu aurrera egiteko (barreak). Konbentzituta nago jotzen eta sortzen egongo naizela. Nire kanturik onenak egiteko dauzkat, hori uste dut behintzat.