iruñea - Vaiven Produkzioak taldearen eskutik, Gayarre Antzokiak Enjambres-Erlauntza lana oholtzaratuko du bihar, arratsaldeko 20.00etan. Kepa Erraskik idatzitako eta Mireia Gabilondok zuzendutako obra honetan, adiskide talde bat izanen da protagonista. “Zuzentasunetik kanpo dauden emakume talde bat da” azaldu zuen atzo Leire Ruiz aktoreak, Iruñeko antzokian eskainitako aurkezpenean. Ekoizleek azaldu omedia beltzaren alorrean mugitzen den lana da,umore eta emozio handiz jositakoa.

Ruizekin batera, Naiara Arnedo, Vito Rogado, Sara Cozar, Getari Etxegarai eta Aitziber Garmendia aktoreak dira lanaren protagonistak. Txikitako lagun koadrila bat asteburu pasa joango da landetxe batera beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Laster, beraien harteko harremana dantzan jarriko da, aspaldiko sekretu eta trapu zaharren menpe, drogak eta alkoholak bustitako asteburu uste baino eroago batean.

“Komedia beltza da, maitasunaz, adiskidetasunaz eta fideltasunaz mintzatzen dena”, azaldu zuen Ruizek. “Bonba arriskutsu bat da”, publikoa barrez eta negarrez jartzeko gaitasuna duena. “Lagun koadrilaren arteko harremana gai garrantzitsua da obran”.

Proposamen honen jatorria dramaturgia berrien Antz3rkiz programaren baitan dago. Bertan, Kepa Errastik idatzitako lana izan zen aukeratuetako bat, eta Vaiven Produkzioak taldeak hartu du taulara-tzeko ardura. Antzezlearen iritziz, Errastiren helburuetako bat emakumezko rol berriak aurkeztea izan da, “topikoak hautsiz, eta emakumeei buruz modu ez zuzen batean hitz eginez”.

Erlauntza-n, dialogo azkar eta arinak dira protagonista. Espazio eszenikoari dagokionez, Fernando Bernuesen eskutik joan da: zurezko fruta-kaxak dira nagusi, dramaturgiaren alde jokatzen duen eremuaren disposizio garbia lortuz. Antzezlana, bestalde, gaztelerazko azpitituluekin lagunduta doa, publiko zabalago batera iristeko helburuarekin.

Duela urte eta erdi hasi zuen bere ibilbidea antzezlanak, eta ordutik aunitz dira igaro dituen oholtzak. Ruizen aburuz, harrera on baino hobeagoa izan du publikoaren artean, “izan ere, denak sentitzen dira identifikatuta obrako pertsonaiaren batekin”. Ikuskizuna, Victoria Eugenia Antzokia, Arriaga An-tzokia eta Gasteizko Antzoki Zaharrarekin batera ekoiztu da.

Iruñeko emanaldirako “gogotsu” daudela adierazi zuen atzo Ruizek, baina ez da Nafarroan eginen duten geldialdi bakarra. Azaroaren hasieran Altsasun (9an) eta Mutiloan (10ean) emanaldiak eskainiko dituzte eta datorren urteko martxoan itzuliko dira, Atarrabia, Tafalla eta Zangozara, besteak beste, Madriletik eta Gaztela eta Leonetik igaro ondoren.

Emanaldia. Gayarre Antzokian, bihar, 20.0etan.

Aktore taldea. Naiara Arnedo, Vito Rogado, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz.