Síguenos en redes sociales:

Nafarroako sorgin ehiza eleberri bilakatu du Martinez de Lezeak

'Sorgin belarra’ liburuaren gaztelaniazko bertsioa ere eskuragarri dago: ‘Hierba de brujas’

Nafarroako sorgin ehiza eleberri bilakatu du Martinez de LezeakRuben Plaza

donostia - Toti Martinez de Lezeak askotan idatzi izan du aztiei buruz. Kattalin izeneko argitalpenean hasi zen gai hori jorratzen duela 19 urte eta ondoren ere jarraitu izan du, Ilargiaren alaba nobelan esaterako. Atzo bertan Donostian aurkeztu zuen bere azken lanak sorgin ehizari buruz hitz egiten du, Sorgin belarra izenburupean. Erein argitaletxeak kaleratu du eta gaztelerazko bertsioa ere eskuragarri dago: Hierba de brujas.

“Urte hasieran Facebooken nire jarraitzaileei liburu berri bat idatziko nuela esan nien eta zeri buruzkoa izatea nahi zuten galdetu nien. Gehienek, sorginei eta inkisizioari buruz idazteko eskatu zidaten”, azaldu zuen Martinez de Lezeak aurkezpenean. Horrela erabaki zuen berriro ere gai horri heltzea.

Sorgin ehiza XVI. mendean hasi zen Nafarroan. 1525 eta 1527 urteen artean, Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa eta Erro bailaretako herri eta herrixka guztiak bisitatu zituzten epaile zibilek 100 gizon eta emakume baino gehiago erre edo urkatu zituzten, sorginkeria salaketa faltsuetan oinarrituz. “Ez zen inkisizio erlijiosoa izan, Zugarramurdiko sorgin ehizaren kasuan bezala. Nafarroako gobernuko epaile zibilak izan ziren”, azpimarratu zuen Martinez de Lezeak.

arrazoi politikoak 1525ean gertaera hori jazotzeko arrazoiak an-tzinako sinesmenekin baino, politikarekin zerikusi gehiago izan ote zuten aztertzen hasi zen idazlea liburua idazteko informazioa bilatzerakoan. XVI. mendearen lehen erdian Nafarroako erresuma Gaztelaren esku geratu zen gerraren ondorioz; momentu hortatik aurrera loratu zen inkisizioa: “Bailara horietako jendeak ez zuen konkista babestu eta matxinadarekin amaitzeko modu bat herriak ikaratzea izan zen”.

Liburuan agertzen diren bi epaile zibilak -Pedro de Balanza eta Avellaneda-, benetan bizi izan zirenak, abokatuak ziren eta irakurtzen eta idazten zekiten herritarren %5aren parte ziren. “Ezinezkoa da horrelako jende ikasiak emakumeek erratzen gainean hegan egiten zutela eta deabruarekin larrua jo-tzen zutela sinestea”, salatu zuen idazleak.

Garai hartan, belarrak sendagai gisa erabiltzen zituzten eta hori sorginkeriatzat hartzen zuten inkisidore haiek. Mundu guztiak baliatzen zituen ordea, ez sorgin deitzen zietenek bakarrik: “Herrietan ez zegoen medikurik eta tradizionalki egiten zen bezala sendatzen zituzten pertsonak”. Sendabelar horietako bat da, esaterako, liburuaren azalean ager-tzen den irudikoa, idazlearen semeak Hiru Erregeen Mahaia menditik hartutakoa.

protagonista Loredi izeneko neska bat da eleberriko pertsonaia nagusia, zazpi alabetan zazpigarrena: “Erdi Aroan, zazpi alabetako zazpigarrena familiako heroia zen, sorgin jaiotzen zen eta Loredi da pertsonaia hori”. Erditzean, protagonistaren ama hil egiten da eta inork ez du bere kargu egin nahi. Aita artzaina da eta mendira eramaten du alaba, bertan hazteko.

Inkisizioaren arazoak 1525. urtean etorriko dira, Loredik Avellaneda epailea lehen aldiz ikusten duenean, sorgin ehizako saio batean. Hortik aurrera, 15 urteetan zehar egingo dute topo elkarrekin. Lorediren amona emagina ere agertzen da liburuan. Ofizio hori duenez, herritik bota eta hil egin nahi dute: “Sorginkeriagatik salatutako lehenengo emakumeak emaginak izan dira hemen”.

Benetako kasuak dira Toti Martinez de Lezeak eleberri honetan jaso dituenak. Gaia interesatzen zaion ororentzat Sorgin belarra salgai dago ohiko saltokietan 20 euroan.