16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako hamasei bertsolarik hartuko dute parte IX. Mariano Izeta Bertso Sariketan. Gaur bertan jokatuko da, Iruritako Gizarte Bilgunean. Egun osoko egitaraua antolatu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak: goizean bi kanporaketa izango dira, zortzina bertsolarirekin. Hortik sei sailkatuko dira arratsaldeko finalerako.

Pandemia egoeraren ondorioz, aforoa mugatua da, eta aldez aurretik banatuko dira sarrerak. Finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosi beharko dira, gaurko 15.00ak arte (aurretik buka-tzen ez badira). Saldu gabeko sarrerarik geldituko balitz, 16.00etan irekiko da txarteldegia.

Goizeko bi kanporaketetarako sarrera librea da, baina aforoa kontrolatzeko neurriak direla eta, derrigor erreserbatu beharko da tokia, aldez aurretik nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzita, eta izen-abizenak eta kontakturako telefonoa utzita.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak erantzukizunez antolatu dute sariketa, beharrezko neurri guztiak bermatuta, baina aldi berean, kulturarekiko eta bertsolaritzarekiko apustuari eutsiz.

2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi eta Saats Karasatorre.

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiako kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.

Izeta Sariketak, garai batean joka-tzen zen Xalto Sariketa edo 2017an abiatutako Bertsokabi Sariketa bezalaxe, Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.

Lehen kanporaketa. 11.00etan. Patxi Castillo (Bera), Bittori Elizalde (Iruñea), Irati Majuelo (Iruñea), Aitor Irastortza (Azpirotz), Egoitz Gorosterrazu (Ituren),Ainara Ieregi (Barañain), Mikel Lasarte (Barañain) eta Beñat Astiz (Barañain).

Gai-jartzailea: Maialen Belarra

Bigarren kanporaketa. 12.45ean. Sarai Robles (Barañain), Amaia Lasheras (Barañain), Endika Legarra (Iruñea), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Xabat Illarregi (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera), Idoia Granizo (Altsasu) eta

Ekain Alegre (Altsasu). Gai-jar-tzailea: Ainhoa Larretxea

Finala. 17.30ean. Lehen kanporaketako irabazlea, bigarren kanporaketako irabazlea eta puntuazioaren arabera lehenengoa, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena. Gai-jartzailea: Ander Aranburu.

Sarrerak.www.bertsosarrerak.eus atarian. Egunean bertan, geldituko balitz, Iruritako Gazte Bilgunearen txarteldegian, 16.00etan. Goizeko saiorako sarrera doakoa da, baina aldez aurretik erreserbatu behar da tokia nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzita.