Elkarlanean mundu berri bat eraikitzen

26.01.2021 | 00:38
Joxe Mari Agirretxe eta Amaia Elizondo, 'Mundu berri bat guztiontzat' diskaren aurkezpen ekitaldian, Hernanin.

Bizipoza egitasmoaren 'Mundu berri bat guztiontzat' proiektuan parte hartu duten elkarte guztiek euren egunerokoan lantzen dituzten gaiak bildu eta haien errealitatea islatzeko abesti eta bideoklipak sortu dituzte.

Bizipoza gizartegintza egitasmoak eta hura osatzen duten elkarteek Mundu berri bat guztiontzat izeneko CDa eta DVDa ekoiztu dituzte Elkar argitaletxearekin, hamabi abestiz eta hamaika bideoklipez osatuta. Elkarte bakoitzak egunerokoan lantzen dituen gaien eta errealitatearen isla da abesti zein bideoklip bakoitza. Guztira, hamaika elkarte izan dira proiektuan parte hartu dutenak. Horien artean daude Oporrak Bakean, Aspanogi, Aspanovas, Hiru Hamabi, Gehitu, Bihotzez, Biak Bat, Aspanif, Integrazio batzordea, Ulertuz eta Kale Dor Kayiko.

Xabier Zabala konpositorea izan da doinuak sortu dituena, baina elkarte hauetako partaideak izan dira mezua musika, hitza eta irudien bidez eraiki dutenak. Abesti bakoi-tzaren letrak kantatu dituztenak hamabi idazle eta bertsolari eta hamasei abeslari izan dira: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Eñaut Elorrieta, Enrique Villarreal El Drogas, Nerea Ibarzabal, Xabi Solano, Mikel Urdangarin, Gari eta Josu Zabala (Hertzainak), Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Miren Amuriza eta Itziar Ituño, besteak beste.

Elkarte bakoitzaren lanaren deskribapena, ilustrazioa eta abesti bakoi-tzaren letra CD-DVD-ak ekartzen duen liburuxkan eskura izango du diskoa erosten duen edonork. Ilustrazio guztiak Eñaut Aiartzaguenak sortu ditu.

Leire Elizegik, Bizipoza taldeko kideak, Hernanin egin zuten Mundu berri bat guztiontzat diskaren aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez, Bizipoza taldeko kide guztiak "pozik" daude proiektuaren emaitzarekin, eta, horregatik, bertan parte hartu dutenen lana eta horien arteko elkarlana nabarmendu zuen eta eskerrak eman nahi izan zizkien. Horrez gain, Mundu berri bat guztiontzat proiektuaren "lehen alea" besterik ez dela jakinarazi zuen: "Datozen urteetan proiektuarekin jarraitzeko asmoa dugunez, hurrengo aleak argitaratuko ditugu".

auzmendiri omenaldia Amets bat eskuetan izena du diskaren azken kantuak eta Joxe Mari Auzmendiren omenez sortu dute. Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sortzaile eta Bizipoza elkarteko kidea izan zen Auzmendi, eta iaz zendu zen.

"Joxe Mariri eskaini diogun kantua bere alabei, txikiak zirenean, konta-tzen zien olerkiaren letra berarekin sortu dugu", kontatu zuen Joxe Mari Agirretxek, Katxiporretako kideak, Amaia Elizondo Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko eta Bizipoza taldeko kidearen ondoan Hernanin eskaini zuten diskaren aurkezpen ekitaldian. "Diska honek bere presentzia izan behar zuen, eta hura omenduz sortu dugu kantua", azaldu zuen Agirretxek.

Auzmendik diska honetan duen garrantziaren inguruan gehiago sakonduz aritu zen Ainhoa Azpiroz, IKAS Euskal Pedagogia zerbitzuko ordezkaria: "Joxe Mari ametsei heldu, atzetik joan eta horiek egi bihur-tzeko zortea zuen". Horrekin batera, Amets bat eskuetan abestiaren esaldi bat gogora ekarri zuen: "Hartu amets bat eskuetan eta joan zaitez bere atzetik". Hori dela eta, Auzmendi "eguzkiarekin" alderatu nahi izan zuen Azpirozek; hain zuzen, "bere argitasuna, berotasuna eta eguzki izpiak" nabarmenduz: "Mundu berri bat posible egiteko jende guztiarengana iristea lortu zuen".

CD-a

Musika. Xabier Zabala.

Hitzak. Aner Euzkitze, Amaia Agirre Arrastoa, Julio Soto Ezkurdia, Bihotz Gorospe, Nerea Ibarzabal Salegi, Leire Bilbao Barruetabeña, Unai Iturriaga Zugaza-Artaza, Amets Arzalluz Antia, Maddalen Arzallus Antia, Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes Ormaetxea, Joxe Mari Auzmendi.

Ahotsak. Aitor Gorosabel Garai, Miren Narbaiza Martiartu, Eñaut Elorrieta, Enrique Villarreal Armendariz 'El Drogas', Oihana Fernandez Iturri, Yogurinha Borova, Bihotz Gorospe, Xabi Solano Maiza, Mikel Urdangarin Abasolo, Anabel Arraiza, Gari, Josu Zabala, Amets Arzalluz Antia, Maddalen Arzallus Antia, Aiora Renteria, Itziar Ituño Martinez, Andoni Tolosa Goikoetxea eta Maite Larburu.

Musikariak. L.M. Moreno Pirata: haize instrumentuak; Igor Telletxea: bateria; Ruben Caballero: gitarrak; Ritxi Salaberria: baxua; Kaabestri (Itziar Prieto, Igor Torre, Arkaitz Martinez, Yi-Weng Wang): hariak.

Grabaketak. Elkar estudioa (Victor Sanchez); Ahotsak 008 estudioa: Haizearekin jolasean abestia (Timoteo Ozaeta); Garate estudioa: Bizipoza auzolan abestiaren musika (Kaki Arkarazo).

DVD-A

Bideoklipen grabaketa eta postprodukzioa. Arena Comunicación audiovisual.

Zeinu hizkuntzako interpretea. Ainhoa Moiua eta Irene Laiseka Herranz (Maskorraren ipuina bideoklipean)

Ilustrazioak. Eñaut Aiartzaguena Bravo.

Ekoizpena. Bizipoza Elkartea.

bizipoza

Elkarteak. Oporrak Bakean, Aspanogi, Aspanovas, Hiru Hamabi, Gehitu, Bihotzez, Biak bat, Aspanif, Integrazio batzordea, Ulertuz eta Kale Dor Kayiko.

Egitasmoa. Bizipoza gizartegintza egitasmoa da. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede.

Bizipoza osatzen duten hamaika elkarteentzako ekoiztutako lana da, 34 sortzailerekin elkarlanean egindakoa

noticias de noticiasdenavarra