Indarkeria eta mendeku gosea protagonista Ladron Aranaren azken eleberrian

'Mendekuaren hazia' (Elkar) lanak errealitateko bi kasu hartu ditu oinarritzat

10.02.2021 | 00:28

Ia hiru urteko isilunearen ondoren, Alberto Ladron Aranak (Iruñea, 1967) lan berria plazaratu du Elkar argitaletxearen eskutik. Mendekuaren hazia eleberriak aintzineko lanen misterio kutsuari eusten dio, eleberri beltzaren generoren baitan betiere. Egileak berak atzo eskainitako aurkezpenean azpimarrau bezala, irakurleak "erruz aurkituko ditu" suspentsea, misterioa, elkarrizketa biziak eta umore ukituak bertan.

Idazle iruindarraren hamabigarren eleberria da Mendekuaren hazia, bostgarrena Leire Asiain foruzaina protagonista bezala duena. 2018an plazaratutako Irakurzaleen kluba eleberriaren ondoren "atseden har-tzeko" tartea heldu zitzaion ordura arte ia urteko liburu bat argitaratu izan duen idazleari. "Patxadaz" ida-tzitako lan bat izan dela aitortu zuen atzoko aurkezpenean idazleak, izan ere, azkenak izan zuen harrera ezin hobea ikusita, "mailari eutsi" nahi zion.

Izenburuan iragartzen den bezala, mendekua du hizpide azken eleberriak. "Mendeku baten kontakizuna da, justizia goseaz ari zaigu. Izan ere, mendekua justizia mota bat da, muturrekoa bada ere, eta horregatik erakartzen gaitu".

Eleberria 2014an Donostian gertatutako erailketa batetik abiatzen da: Andoni Isok andregaia akabatzen du baina Ertzaintzak ezin izaten du haren aurkako frogarik topatu. Handik bi urtetara, Nafarroan beste neska bat desagertu da, Erronkari inguruan. Leire Asiain foruzaina arituko da kasua argitu nahian, baina hori ez da 2020ra arte argituko, Asiain bera Foruzaingotik kanpo dagoenean.

Aurreko lanean fikzioan aurkitu bazuen inspirazio iturri nagusia, kasu honetan erralitatetik edan du egileak istorioa josterakoan. "Errealitateak fikzioa gailentzen duela pentsatzen duen horietakoa naiz". Hala, urtebete eman du idazleak kasu desberdinak ikertzen, eta horietako bi hartu ditu lan berrirako oinarri nagusitzat.

Betiko pertsonaiez gain, aurreran-tzean ere Ladron Aranaren eleberrietan agertuko direla diruditen bestelako pertsonaia berriak agertzen dira, idazleak iragarri bezala.

"Gero arte", Leire Asiain 2014ean agertu zen lehenengo aldiz Leire Asiain Harrian mezua eleberrian, saga bati eutsiko zion pertsonaia baten beharrari erantzunez, idazleak ordukoan aditzera eman zuenez. Argi-ilunez jositako foruzaina aurkeztu zuen bertan, izaera zailekoa eta "puntu oinazetsu" bat ere bazuena. Bi urte beranduago, Gezurren basoa (2016, Elkar) eleberrian eman zion segida idazleak Asiainen pertsonaiari, eta Jainkoen zigorra-n (2017) jada krisi pertsonal sakon batean kokatu zuen, "iraganeko mamuen erasopean eta aurrerantzean nondik nora jo ez zekiela".

2018an plazaratutako Irakurzaleen Kluba eleberrian, protagonistak dagoeneko erretiroa hartuko zuela iragarri zen, baina ez da orain argitaratutakoa iritsi arte argitu zer gertatu den Asiainekin, zein izango den bere etorkizuna Foruzaingoa utzi ondoren.

Hala ere, idazleak argi utzi du hau ez dela Asiainen behin-betiko agurra. Izan ere, dagoeneko idazten hasia den eta kutsu historikoago bat izanen duen eleberrian ez da pertsonaia ospetsua agertuko, baina etorkizunean ez dio berreskuratzeari uko egiten ere.

fitxa teknikoa

Egilea. Alberto Ladron Arana (Iruñea, 1967).

Argitaletxea. Elkar.

Generoa. Misterioa, eleberri beltza, suspentsea.

Orri kopurua. 304.