Saioa Alkaiza nagusitu zen larunbatean Altsasun jokatu zen 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan, alde nabarmenarekin. Hartara, abenduaren 2an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalerako pase zuzena eskuratu du.

Sei bertsolari aritu ziren kantuan Altasuko saioan, zozketak erabakitako ordenean: Patxi Castillo Graciarena, Sarai Robles Vitas, Eneko Fernandez Maritxalar, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Saioa Alkaiza eta Saats Karasatorre Martinez. Zigor Gartzia Zian aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta epaile, berriz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu zuen saioa, Altsasuko Udalarekin elkarlanean.

Saioko ariketa puntuagarri guztiak eginda, Saioa Alkaizak eskuratu zituen puntu gehien (506,5). Haren atzetik gelditu dira Saats Karasatorre (470,5) Sarai Robles (468,5), Eneko Fernandez (465), Ekhiñe Zapiain (464) eta Patxi Castillo (445,5).

Orain arteko ohiko ariketez gain, berri bati ere heldu zioten bertsolariek finalaurrekoan. Izan ere, zortziko handiko, zortziko txikiko eta hamarreko txikiko ariketei, puntukako ariketa ere gehitu zaie, bikoteka, zortzi bertso osatu bitarte. Ganbarako ariketan, aldiz, bakarka aritu ziren, gaia emanda nahi den doinu eta neurrian hiru bertso kantatuz.

Heldu den larunbatean jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Agoitzen. Hirugarrena eta azkena, aldiz, azaroaren 19an izango da, Lesakan. Bietarako zein finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Agoitzeko saioan, herriko Kultur Etxean eginen dena, Ekain Alegre Gil, Idoia Granzo Uribarrena, Julen Zelaieta Iriarte, Julio Soto Ezkurdia, Urko Gartzia Aleman, Xabat Illarregi Martzol ariko dira kantuan, eta Maialen Belarra Eneterreagak jarriko ditu gaiak.

Lesakakoan, aldiz, Beñat Astiz Isasi, Eki Mateorena Zozaia, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Alzuri eta Mikel Lasarte Cia izanen da bertsoan arituko den seikotea, eta Alaitz Rekondo Ferrero ariko da gai-jartzaile lanetan.

Finalera begira

24 bertsolarik ekin zioten Nafarroako Bertsolari Txapelketaren final-laurdenen faseari joan zen urriaren 7an, eta horietatik 18 igaro dira bigarren fase honetara. Finalaurrekoetako hiru irabazleek zuzeneko pasea eskuratuko dute abenduaren 2rako finalerako, eta gainontzeko bost bertsolariak puntuazio bidez sailkatuko dira.

Beraz, finalaurrekoetan eskuratutako puntuazioak berebiziko garrantzia izanen dute Anaitasunerako bidea irekitzeko.

1go. finalaurrekoa

l Emaitza. Saioa Alkaiza (506,5), Saats Karasatorre (470,5), Sarai Robles (468,5) Eneko Fernandez (465) Ekhiñe Zapiain (464) eta Patxi Castillo (445,5).