Gineako Konakrytik Euskal Herrira egindako bidaia jaso zuen Amets Arzallusek Ibrahima Balderen istorioan. Miñan (Susa, 2019) izanen da, akaso, euskaraz gehien irakurri den obretako bat, urte gutxian klasiko garaikidetzat ere hartu izan dutena. Lan handiaren ondoren, oholtzarako egokitu dute Artedramako kideek, eta izen berarekin, eta liburuaren hitzei zein istorioari fidel izan zaizkio. Urri amaieran egin zuten estreinaldia. Hilabetean hogei emanaldi egin dituzte. Ander Lipus (Markina-Xemein, Bizkaia, 1971) obraren zuzendari eta antzezlearen hitzetan, ez da batere ohikoa kopuru hori, eta euskal an-tzerkigintzan normalizaziora bidean egin beharreko urrats batzuk ezarri dituztela uste du: aktore beltzak protagonista izatea.

Mugarri bat

Bilboko Arriaga Antzokian ia 900 lagunek ikusi ahal izan zituzten Miñan antzezlanaren bidearen hastapenak izango zirenak. Orduko hartan Lipusek berak adierazi zuen ez zuela liburua oholtzara eramateko asmorik. Aitzitik, azaldu zuen Erresuma Batuan egokitzapena prestatzen ari zirela entzun zuenean, estreinatuko bazen, lehenik euskaraz behar zuela. “Euskaldunok burugogorrak garelako”, izan ziren haren hitzak. Aste batzuk beranduago hala arrazoitu du antzerkigileak bere seta: “Euskaraz izateko izan zen sortua”. Ildo horretan, erantsi du Arzallusen hizkuntza eta euskarriak euskara direla, eta lan harekin euskal gizarteari egindako ekarpena aitortu nahi izan du. Era berean, onartu du “berotu” egin zela obra egin zitekeela ikusi zuenean. Timberlake Wertenbakerren gidaritzapean ari ziren lanean Londresen. Miñanen ingeleseko itzulpena egin zuen Wertenbakerrek, baita antzezlanaren egokitzapena ere, zeina urte luzez Ziburun (Lapurdi) bizi izan baita.

‘Miñan’ liburua oinarri hartuta, izen bereko antzezlana taularatu dute, euskaraz. ARTEDRAMA

Txinparta hartatik, beraz, euskarazko antzezlana egiteko antzezle bila hasi ziren. Antzezle beltzak eta euskaldunak. “Agian orain dela hogei urte ezin genezakeen egin”, esan du zuzendariak. Baina gizartea aldatu egin da, eta egun badira bi ezaugarri horiek betetzen dituzten aktoreak. Obra honetan, hain justu, Sambou Diaby (Iruñea, 1999) da protagonista, eta lagun ditu Mikel Kaye eta Eihara Irazusta. Beltzak, euskaldunak eta aktoreak hirurak. Hala behar zuten, “ezinbestean”. Honela mintzatu da Lipus gaiaren inguruan, kolorearen garrantzirik ezaz: “An-tzerkiaren munduan sartzen garenean, antzerkiaren jokoak edozein pertsonaia egitea ahalbidetzen du”. Adibidera eman du Eihararen adina, 19 urte, eta egiten duen roletako bat: amarena; baita bere kasua bera ere, Lipus zuria baita, eta beltzarena egiten du, antzerkiak “permiti-tzen” diolako. Kontraesana lirudike esatea azal koloreak ez duela inporta, beraz, baina aldi berean Ibrahimaren papera egingo zuenak beltza behar zuela. Ohoretzat hartu zuen Sambou Diabyk proposamena: “Ez dira ikusten aktore protagonista asko, eta orain arte izan dudan erronkarik handiena izan da”. Mugarri bat ezartzen ari ziren, normalizaziora bidean. Baliteke aurrerago ere, Gerra Zibilaz hitz egiten duen lanen batean Diaby-edo agertzea guztiz naturaltzat jotzea, bere azalaren koloreari erreparatu gabe. “Horretara ohitzen joan behar gara”.

Hitz gutxikoa dela dio bere buruaz Diabyk. Gauzak zer diren, eleberriaren testu zati luzeak eta ez gutxi ikasi behar izan ditu, antzezlanean esateko. “Nahiko lan izan dut, baina egiten-egiten joan zait geratzen”. Ikaspen prozesu hori gutxika izan dela azaldu dute artistek, eta Diabyri ere lana erraztu dio horrek. Zuzendaria pozik dago oholtza-kide gazteekin. Shakespeareren edo beste obra klasikoen gisako ezaugarriak ditu lan honek, non protagonistek indar dramatiko handia behar duten. Sambouk 25 urte dituen arren, hots, gazte-gaztea den arren, Miñan eta Ibrahima ongi defendatzeko beharrezkoak diren ezaugarriak biltzen dituela esan du Lipusek. “Gozamena da halako aktoreak ikustea”.

Paperekoak taulara 

Paperetik hezur-haragiko dimentsiora ekartzea, nola baina? Forma bat hala bestea? Liburua irakurri dutenek Balderen hitzen oihartzuna entzungo dute antzokian, edo, are, gogora ekarriko dituzte pasarte gordinak. Lehenengo pertsonan mintzo zaie ikusleei Diaby. Laugarren horma eraitsita, fikzioaren mugekin jolas egiten dute zenbait momentutan. Baina ez da bakarrizketa hutsa, eszenak ere badira, koro baten moduan funtzionatzen dutenak. Probak egin eta hanka-sartzeetatik ikasi. Hala joan dira azkeneko fruituaren ertzak zizelkatzen. Erritmoari dagokionez, esaterako, zuzendariak honela adierazi du: “Argi nuen anaia hila zegoela zekien momentutik beste erritmo batean joan behar zuela”. Moldeak, eszenak, pertsonaiak, ahotsak… probatu dituzte prestakuntza hilabeteetan zehar. Gogorra bezain emankorra izan da prozesua antzezleentzat, eta asko eskertu dute, era berean, Amets Arzallusen begirada: “Zorte handia izan dugu harekin. Parametroak ezarri dizkigu, zer kontatu eta zer ez, adibidez”, esan du markinarrak. Hari horri eutsita gehitu du ulertu ahal izan dutela kontakizunaren sorkuntza prozesua, zentzu guztietan.

Liburuan, Ibrahima Balderen azken geldialdia Euskal Herria da, hain justu Ametsekin topo egin eta kronikak kontatzen dizkionera. Hara heldu zen, bai, eta bertan ezagutu zuten elkar bi egileek. Liburua, ordea, ez da fikzioa. Orriez harago, Balderen istorioak segitu zuen. Izan zen Euskal Herrian, eta gero bidali zuten Madrilera. Bertan egin zituen mekanika ikasketak eta, gerora, itzuli ahal izan zuen bere sortetxera. Etxetik alde egin zuenetik hamar urtera amarekin eta arrebarekin elkartu zenean bukatu zen Ibrahimaren bidaia edo “odisea”. Hala iritzi dio, behintzat, Lipusek. Hain justu ere, liburuko orrietan agertzen ez den kontakizunaren segida horrekin antzezlanak borobildu egiten du istorioa: “Amets [Arzallus] hor izan ez bagenu, ezingo genukeen osatu, azken pintzelada horiekin, berriz, bai”. 

Irudian, Ander Lipus antzezlanaren zuzendaria eta aktorea. ARTEDRAMA

Emozioek gainezka

Arriagako hartan, lehen emanaldiaren amaieran, eta ikusle zutituen txalo-zaparradaren artean, malkoak han-hemen. Balde, publikoko asko, Diaby, ekipoko kideak, Lipus. Negarrez, emozioaren emozioz. Estreinaldiaren urduritasuna batetik, eta Ibrahimaren presentzia bestetik. Arrazoi horiek eman ditu Diabyk: “Oso berezia izan zen. Bagenekien Ibrahima etortzekoa zela, baina ez genekien antzezlana ikusiko ote zuen”. Lipusek, bere aldetik, berriz gogorarazi nahi izan du benetako istorio batean oinarritutako lana dela, eta ez dutela ezer asmatu. Fideltasuna zaindu dute, kontakizunaren gogortasunari ihesi egin gabe: “Mon frère, la vie c’est pas facil a dire” [Ene anaia, bizitza ez da erraza kontatzen]. Esaldi horrek laburbiltzen du, agian, liburua eta haren atzean dagoen guztia. Ibrahima Balderen hitzak dira, liburuan zein antzezlanean oso presente daudenak. Izan ere, ez da erraza behin eta berriz anaiaren heriotza eta sufrimendua gogoratzea. 

Hori izan zen Miñan taularatzeko proposamenaren aurrean kontrako argudio nagusia. Bestera esanda, istorioa nolabait komertzializatzeko arriskua. Zauri bat da Balderengan, oraindik ere ez dena itxi. Eta, hala eta guztiz ere, eskuzabal eta detailez josirik onetsi zion kontakizunari. “Nire istorioak balio badu konta-tzeko, eta besteengana heltzeko, aurrera”. Hitzok definitzen dute zuzendariaren esanetan Balderen handitasuna eta umiltasuna. “Ez dira zenbaki hutsak, pertsonak daude horien atzean”. Zenbaki horietako bat izan zen Diabyren aita ere bai: “Bidaia antzekoa egin zuen gure aitak, eta Ibrahimak aipatzen dituen lekuetako batzuetan ere egon zen”. Obra momentu onean iritsi dela uste du antzezleak, eta espero du, Baldek bezalaxe, balioko duela ikusarazteko zein den migratzaile batzuen errealitatea, eta egunero-egunero gerta-tzen direla ohartarazteko.

Hilabete eskasean hogei emanaldi egin dituzte. Dagoeneko 95 bat itxi dituzte Euskal Herriko luze-zabalean. Izanen da aukerarik nahi duenarentzat emanaldi honekin goza-tzeko, edo sufritzeko, nondik begiratzen den. Sold out kartela zenbait herritan, emanaldirako hilabete eta erdi falta denean. Donostian, esaterako, hiru emanaldi mukuru, eta laugarrena aise bete. Han eta hemen ari dira harrera ona jasotzen, baita “flipatzen” ere. “Gutxitan gertatzen da halakorik antzerkian”, esan du Lipu-sek bere ibilbidean izandako esperientzietan oinarrituta. Erronka ez zen erraza liburua hainbeste begik irakurri dutenean. Bazekiten programatzaileen artean erraza izanen zela halako lan bat zabaltzea. Baina kritika zorrotzaren eta ahoz-ahokoaren menpe bazegoen halaber. “Lan handiaren fruituak jasotzen ari gara”, esan diote beren buruei. Bistan da liburuaren arrakastaren bide beretik doala antzezlana.