40 bat ikastetxetako ikasleak izan ziren protagonista nagusiak 59. Durangoko Azokaren estreinaldi egunean. Atzo, Euskal Herriko txoko guztietatik -Azpeitia, Santurtzi, Ordizia, Amorebieta-Etxano, Etxebarri, Aretxabaleta, Arrasate…- etorritako 1.300 ikasle ingururen bisita jaso zuen euskal kulturaren plaza handiak eta Ikasle Goizaren baitan antolatu ziren tailer eta saio bereziez gain, azokako eskaintza zabala bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Eta, nola ez, aukera paregabea izan zen egungo gizartean pil-pilean dauden gaiak jorratzeko. Etengabeko digitalizazioaren eta bilakaera teknologikoaren aurrean, Durangoko Azokak hainbat erronka eta gogoeta mahaigaineratu zituen gaurko gazteak -etorkizuneko helduak- hezten jarraitzeko. “Zer da hodeia? Hodeirik gabe teknologia erabil dezakegu? Non dago burujabetza eta menpekotasun digitalaren arteko muga? Erabiltzen ditugun aplikazioak edo emandako teknologiak, nork eta zertarako sortu dira? Berrikuntza hori da, progresoa hori da?”, hainbat galdera plazaratu zituen Leire Lison Gymkhana: digitalizazioa jokoan tailerraren dinamizatzaileak.

Testuinguru horretan, Bizenta Mogel liburutegian, Kabia eremu digitalean, Arizmendi Ikastolako 25 ikaslek eta Kurtzebarriko beste hainbatek digitalizazioa modu kritikoan lantzeko aukera izan zuten. “DBHko ikasleen artean oso ohituta daude mugikorra erabiltzera, bai klasean ordenagailua erabiltzera, baina egiten duten erabileran kontsumoa da nagusi eta beharrezkoa da aplikazio eta teknologia horiei ematen dieten erabilera kritikotasunez begiratzea eta kode irekiko aplikazioak eskuragarri daudela jakitea”, laburbildu zuen Leirek.

Handik metro gutxira, beste ikasle batzuek Luberri sistema eragile libre eta euskalduna ordenagailu zaharretan instalatzen ikasteko lantegia burutu zuten. “Nolabait esateko, ekonomia zirkularreko hardware tailer konprimituak dira. Hau da, nola birgaitu hezkuntzan bajan emandako ordenagailuak bizitza zikloa luzatzeko eta beste ikasle batzuk edo beste leku batzuetan erabiltzeko. Kongon, adibidez”, azaldu zuen Jabi Alfaro Bilboko Elkartenet hezkuntza elkarteko kideak.

Gauzak horrela, 2024ko Durangoko Azokan, duela 12 urte ikastetxeetan erabili ziren ordenagailuetan Luberri sistema eragile euskaldun eta librea non lortu eta nola instalatu erakutsi zieten, baita ordenagailua bera eraginkorragoa egiteko zenbait trikimailu ere.

Azalpenak entzuten adi zeuden Sarturtziko Axular institutuko ikasle koadrila bat: Joane, Maddi, Ane, Haizea, Sergio… “Dirudienez gure institutoan aspaldi erabili genituen ordenagailuak orain Kongon erabiltzen dituzte eta oso proiektu interesagarria iruditzen zaigu”, esplikatu zuen Idurre Solana Euskara irakasleak.

Bere hitzetan, Durangoko Azoka, “Euskal kultura sustatzen duen momentu polit eta berezi bat da. Urtero etortzen naiz eta, gure kasuan, Ezkerraldetik gatoz, tamalez euskara ez da kalean entzuten eta hizkuntzak bizirauteko erabili behar dira. Ikasleek hemen sortzen den giroa ikustea apartekoa da”.

Horrez gain, Gamer Gela ere oso bisitatua izan zen eta bestalde, euskarazko mahai-jolas digitalen tailerrean parte hartzeko aukera ere luzatu zen.

Txoriak Txori collage-a

Durangoko Azokaren esparruan programatu diren 200 kultur ekitaldietan adin-tarte eta estilo desberdinetako jarduerak aurkitu daitezke. Adibidez, Saguganbaran, taldeka, txorien entziklopedia txikiak sortzen aritu ziren Usue Egia durangarrak dinamizatutako tailer bait esker.

Gunez gunez, Ikasle Goizaren parte izan ziren haur eta gazteak hainbat aurkezpen, kontzertu, mahainguru, ikuskizun eta ikus-entzunezkoekin gozatzeko aukera izan zuten. Hortaz aparte euskarazko liburu, musika eta bestelako kultur edukiak kuxkuxeatzeko aukera izan zuten Landako Gunean kokatuta dauden 274 erakusmahaietan.

GAZTE EZTANDA

Gaur, hilak 6, gazteei eskainitako egitarau berezian, aurkezpenak, lehiaketa, kontzertuak eta beste hainbat ekintza egongo dira egun osoan zehar. Horrela, goizetik gauera arte kulturarekin gozatzeko plan aparta izango dute gazteek. Belaunaldi arteko transmisioa lantzea da ekimenaren helburua, gazteak baitira kultura orain eta gerora biziko dutenak. “Hartzea ematea da, eta euskal kulturari gazteek emango diote arnasa etorkizunean”, aurreratu zuten Gerediaga Elkartetik.

Horregatik guztiagatik, Durangoko Azokak Gazte Eztandaren beste edizio bat biziko du gaur. Aurkezpenen egitarauan bereziki gazteen gustuko izan daitezkeen ekitaldiak programatu dira: Ane Berriotxoa eta Jone Arriolaren film emanaldiak; Nize, Xsakara eta Kai Nakairen musika aurkezpenak; Miren Amurizaren eta Garazi Albizuaren liburu aurkezpenak…

Baina, guneetako ohiko ekitaldiez gainera, bestelako ekintza bi ere antolatu dira. Alde batetik, Egin EztanDA! lehiaketa 15-25 adin tarteko gazteei begira eta bestalde, gaueko musika kontzertuak.