Erronkariko idazle gaztea, euskal poesian gorantz doan idazle erakargarrienetako bat da. 2023an argitaratutako azken liburua, Bi aldiz iraun, letren eta filosofiaren arteko lotura sakonaren isla da, eta lotura horrek eraman du 35 urtetik beherakoen kategorian Lauaxeta sari ospetsua jasotzera. Donostian Filosofia ikasi eta geroago, Bartzelonan bere heziketa zabaltzea erabaki zuenetik, Oihane Garmendiak bi mundu aurkitu ditu gogoeta filosofikoan eta literatura sorkuntzan, antagonikoak izatetik urrun, bere unibertso poetikoa besarkatu eta forma ematen diotenak.
Gaur egun, Iruñean bizi da, eta pentsamendu sakonarekiko maitasuna arakatzen duten bertsoen idazketan jarraitzen du. “Azken finean, hori da nire esparrua, eta hor mugitzen naiz”, dio Oihane Garmendiak, bere bizitza bi mundu horien inguruan datzala jabeturik, berarentzat bata bestea gabe existitu ezin litezketen faktoreak baitira. Bere lana ez da poemekin amaitzen, Euskal Herria Irratiko kolaboratzailea ere bada eta Berrian zutabeak idazten ditu maiz.
Lauaxeta saria euskarazko poesiaren arloko garrantzitsuenetako bat da. Bizkaiko Foru Aldundiak emana, ez du postulazio formalik eskatzen, beraz, argitaratutako liburuak automatikoki sartzen dira irabazle posibleen esparruan. Aurten Harkaitz Cano Ulu egiteko bolondres bila lanarekin, eta Oihane Garmendia Bi aldiz iraun liburuarekin suertatu dira irabazle. Garmendiak harriduraz eta emozioz hartu zuela sariaren albistea, kontatu du: “Bat-batean Bizkaiko zenbaki batek deitzen zidala ikusi nuen, eta sabelean tximeletak sentitu nituen, harrituta nengoen”. Errekonozimendu publiko honek lanei “bigarren aukera” bat ematen diela sentitzen du, bere erresonantzia denboran luzatuz.”Sari bat ematearen alde onena liburuaren bizitza luzatzea da”, azaldu du, babes hori gabe bere lana liburudenden apaletan laster ahaztuta nola gera zitekeen hausnartuz.
Sariduna
Sariaren epaimahaikideen hitzak gogoratzean gorritu egiten da oraindik, ez baitu bere buruari “lorerik bota” nahi soberan. Gaztea izan arren poeta sendoa zela esan zioten, liburuak kalitate handia zuela eta filosofiarekiko hurbilketa horrek lanari indarra eman ziola, horrela azaltzen da Aldundiak plazaratutako webgune ofizialean. “Batzuetan gogoratu behar dizute ondo egiten ari zarela, ’plaza honetan eroso zaude, segi horrela’ gisa hartu nuen”. Lehiakortasunetik haratago, sariak kanpoko laguntza jasotzeko aukera bat dira harentzat, eta bere ustez “funtsezkoa” da sorkuntzan diharduenarentzat. “Nik, irakasle gisa, lehiaketak garrantzitsuak direla esaten diet nire ikasleei, batzuetan gustuko duguna egiteko balio dugula gogorarazten digun babesa behar dugulako”, esan du.
2020an, Garmendiak Iruña Hiria Saria irabazi zuen bere lehen liburu Bidai (h)ariketakekin. Baina, argitaratutako bi liburu saridun izateak ez du esan nahi porrotik pairatu ez duenik bere ibilbide literarioan. Oihane Garmendiak esperientzia bakoitza besarkatzen ikasi du, jakinda, azkenean, denak laguntzen diola bere hazkundeari. “Irabazi ez dudan lehiaketa askotara aurkeztu naiz, eta horri ere aurre egin behar zaio”, aitortzen du, bere ibilbide literarioaren gorabeherak onartu dituen lasaitasun berarekin.
Lau urtaro
Poetaren lana ez da soilik bertsoen erakustaldi hutsa, giza arimarantz egindako bidaia intimoa baizik. Bi aldiz iraun liburua lau zatitan banatuta dago. Lau atal fruta eta urtaroen irudikapenaren bidez, denbora, oroimena eta emozioak plazaratzen dituztenak.
“Filosofia arrazoimena da, eta poesia, aldiz, anbiguoagoa da, iradokitzailea”, azaltzen du erronkarikoak. Bi diziplinak, itxuraz kontrajarriak izan arren, bizitzako gai nagusiak argitzeko gai direla baieztatzen du idazleak, “bakoitza bere erara”. Bere bertsoetan, filosofiaren argitasuna poesiaren anbiguotasunarekin uztartzea lortzen du, espazio bat sortuz, non biak batera existi daitezkeen beren esentzia galdu gabe. “Denbora” eta “memoria” dira Bi aldiz iraun ehuntzen duten hariak. Gure bizitzan denboraren aztarna ezabaezinaren inguruan gogoeta egiten du Garmendiak, nola aztarna horiek “oroitzapen eta definitzen gaituzten sinbolo” bihurtzen diren. “Mundu guztiak probatu du edo ezagutzen du zer diren gaztainak, irasagarra edo granada; forma jartzen die, eta bidaiarazten zaituzte, iraganeko hainbat momentuetara”, dio nafarrak. Bi aldiz iraunen lehen hitza udazkenean hasten da, “irakaslea naiz, beraz, nire urtea ere hor hasten da” dio barre artean. Hasiera honetan, irasagarra, aitonaren oroitzapenari lotutako fruta, bere bidaia poetikoaren lehen sinbolo bihurtzen da.
Bidegurutzea
Garmendiaren sorkuntza literarioek ez dute bide lineal eta aurreikusgarririk jarraitzen. “Ideiak apuntatzen ditut inspiratuta nagoenean. Egun batzuetan ideia asko ditut, eta beste batzuetan ez da ezer ateratzen”, azaldu du beti eskura duen koadernoa erakutsita. Proiektu berri baten lehen bertsoak elkarren loturarik gabekoak izaten direla aitortzen du baina, “apurka-apurka gurutzatzen dira egitura koherenteago bat osatu arte” gehitzen du idazleak. Azkenean poemek forma hartzen dute eta liburu bat idazteko asmo esplizitutik abiatzen ez den arren, jostura literario lortzen dela azaltzen du.
Urtebete baino gehixeago behar izan zuen liburua idazteko, eta bere eguneroko bizitzaz zein irakasle lanaz elikatu zen. “Oso onuragarria da gazteen ideiak ezagutzea”, dio, klaseko elkarrizketa espontaneoak eta proeiktuak ustekabeko inspirazio-iturri bihurtu zirela azpimarratuz. Idazle nafarrak ondo dakienez, liburu bat sortzea ere, aukeraketa prozesu etengabea da, zuzen eta oker. Barre artean gogoratzen du liburuaren zirriborroa lagun bati erakutsi zion eguna: “emozionatuta nengoen asko miresten dudan autore baten estiloan inspiratu nintzelako bertso batzuk idazterako orduan. Nire lagunak irakurri eta bere aurpegiak esan zidan ez zitzaizkiola asko gustatu”, esan du Garmendiak. “Jakina, ni emozionatuta nengoen eta pixka bat ‘bajoia’ izan zen”, onartu du, “baina baloratu nuen bere iritzia eta azkenean kanpoan geratu ziren poema horiek”. “Horrela egiten da liburu bat: gauzak jarri eta kendu”, amaitzen du.
Oihane Garmendiarentzat, euskarazko poesia, bereziki emakumeek idatzitakoa, ikusarazi eta aintzatetsi egin behar da. “Garrantzitsua da ahotsa ematea, ikusgarri egitea”, adierazi du, eta aitortu du EAEn egoera mesedegarriagoa dela adierazpen horietarako, baina Nafarroan euskarazko sorkuntzek oraindik ez dutela izan beharko luketen presentzia. Garmendiak, jakin-min hutsez, Nafarroako liburutegietan bere liburuaren ale bakarra zegoela jakin zuenean berregiaztatu zuen ideia hori. Datu horrek, adoregabetu beharrean, euskarazko poesiarentzako toki baten aldeko borrokan jarraitzera bultzatzen du, eremu publiko eta literarioetan.