Hasiera Bat (Only In Dreams, 2024) bakarkako debutarekin ezustekoa eman eta urtebetera, Gorka Urbizuk Bakan izeneko EP sorta kaleratzeari ekin dio. 2025eko urtarrilean Bakan I atera ondoren, serie honen bigarren alearekin dator orain: Bakan II, urriaren 22an argitaratuko den disko txikia, Londreseko Abbey Road estudio ikonikoetan grabatua. Entzuleak bi harribitxi aurkituko ditu hemen, izenburuek iradoki moduan: Diamantea eta Zilarra.

Musikariak maila berekotzat ditu bi pieza hauek, hortik 7"ko biniloak A alde bikoitza izatea, modu horretan Beatles-i keinu eginaz bidenabar - ez da keinu bakarra izango-. EP osoa egun berean plazaratuko da, Urbizuk azkenaldian ohi duen eran. Bi kantuek, gainera, Arriguri ekoiztetxeak ondutako bideoklip bana izango dute.

Egile nafarrak edertasunaren eta kantu perfektuaren xerka darrai hemen. Kondairak dio Abbey Road-eko Studio #2 ikonikoak Beatles-en espirituak sorginduta omen daudela eta, adi entzunez gero, badago hortatik zerbait hemen, batez ere Zilarra kantuan: hiru minutuko gema pop biribil bat, non ez diren falta errepika argitsua, gitarra kristalinoak, koru ederrak eta Paul McCartney berak erabilitako pianoa. Hitz batean: arima txikidun kantu handi bat. Distiratsua, inondik ere.

Hauexek birako azken saioak

  • 10.31 BILBO - Santana 27 (SOLD OUT)
  • 11.01 BILBO - Santana 27 (SOLD OUT)
  • 11.07 IRUÑEA - Baluarte (SOLD OUT)
  • 11.08 IRUÑEA - Baluarte (SOLD OUT)
  • 11.13 DONOSTIA - Victoria Eugenia Antzokia (SOLD OUT)
  • 11.14 DONOSTIA - Victoria Eugenia Antzokia (SOLD OUT)
  • 11.15 DONOSTIA - Victoria Eugenia Antzokia (SOLD OUT)
  • 11.16 DONOSTIA - Victoria Eugenia Antzokia (SOLD OUT)


Bakan II-ren kaleratzea bat dator denboran TOUR BAT bira arrakastatsuaren azken txanparekin. Urbizu eta bateria bikoitzeko bere banda liluragarria gelditu gabe aritu dira Euskal Herri osoan, estatuko hainbat txokotan zein Mexiko, Kolonbia, Argentina eta Txileko hiriburuetan. Donostian ekin zioten birari Donostian emanen diote akabera, 21 hilabete beranduago zirkulua ixteko asmoz. Lau emanaldi emango dituzte jarraian Victoria Eugenia Antzoki ederrean. Sarrerak aspaldi bukatu ziren, minutu gutxian bukatu ere. Gorkarekin batera, taldea honako musikariek osatuko dute: Amaia Miranda (gitarra eta koroak), Karlos Arancegui (bateria), Felix Buff (bateria eta koroak) eta Nando Neira (baxua).