Euskarazko ikus-entzunezkoen urteko uzta ezagutaraztea du helburu Laburbira egitasmoak eta horretarako bilduma oparoa prestatu du aurten ere Euskaltzaleen Topaguneak. Jasotako 29 proposamenen artean, orotariko generoak lantzen dituzten 9 film labur aukeratu dira aurtengo ediziorako. Martxoaren 18tik aurrera, Euskal Herri osora zabalduko dituzte. Hauxek dira XVI. edizioan erakutsiko diren filmak.

‘BEGI NINIEN KOREOGRAFIA’ (10’30’’) Arrate Fernandez arte eszenikoko koreografoa eta zine zuzendaria da. Parte hartu duen lanetako batzuk honako hauek dira: Ekintzen ispilu gardena, Arbasoen argi iraunkorra, Maddi eta Patxi, Carnicas eta Hasiera. Bideo Art musikatu honetan maitasun istorio bizi bat kontatzen da, urratsez urrats. Pasioz harilkaturiko istorioa da, bi pertsona hasieratik elkartzen diren unean sortutako txinpartatik. Denboraren poderioz, garatzen joango da pasio hori

‘SHELL PHONE’ (9’42’’) Mondragon Unibertsitatean ikus-entzunezkoen ikasketak egiten ari zela, errodaje bat barrutik ezagutzeko grina piztu zi-tzaion Miren Mujika legazpiarrari, eta produkzioan murgildu zen buru-belarri. Gidoigintzako graduondokoa egin du gerora. Shell Phone da zuzendu duen lehen lana, baina ondorengo film laburretan parte hartu du: Prudentzio, Tarde para el recreo, Primera comunión, Versus eta Lainoan. Shell Phone filmean Mertxeren seme bakarrak pisu moderno bat emango dio amari. Teknologia berriek amaren beharrei erantzungo dietelakotan, Mertxe domotikarekin gaizki moldatzen hasten da.

‘AMA’ (7’20”) Josu Martinez (Bilbo, 1986) EHUko Ikus-entzunezko komunikazio saileko ikertzaile eta irakaslea da, eta baita Gastibeltza Filmak ekoiztetxearen sortzailea ere. Itsasoaren alaba, Sagarren denbora, Prohibido Recordar eta Barrura begiratzeko leihoak dokumentalak zuzendu ditu, bakarka ala beste zinegile batzuekin batera. 2012an, Gure Sor Lekua filmaren inguruan doktore tesia idatzi zuen, euskarazko zinemaren hastapenez. Hiru saiakera liburu ere publikatu ditu. Ama film laburrak 1915eko udara garamatza, Baxenabarreko Baigorri herrira. Bertan, emakume bat gutun baten esperoan bizi da.

‘ZAPATAK’ (3’00”) Arte Ederretako azken bi kurtsoetan, erosotasuna animazioan topatu duen ikaslea da Irati Murua. Denboraren presioaren eraginez, programa digitalez baliatu izan da lanak burutzeko; hala ere, animazio tradizionaleko teknikak ere landu ditu. Animazio film labur honetan bere amona Asunek gaztaroan bizitako gertaera bat irudikatu du. Hernanin gertatu zen, 50.hamarkadan, Asunek 16 urte zituela: misioetatik etxera bueltan zihoazen bost lagun. Amona Asun eta Mari Karmen lehenak zihoazen; beste hirurak, berriz, atzean, tebeoekin despistatuta.

‘JUNE’ (7’33”) Arantza Ibarra ondarrutarra, sortzailea, gidoigilea, zinegilea, ilustratzailea, bideo-artista, musikaria, abeslaria eta zine kritikaria da. 2011n estreinatu zuen bere lehen film luzea: Zigortzaileak. 10 urteko June neskatila bakartiaren istorioa dakar orain. Bere osaba-izebekin bizi da baserrian June eta egunak pasatzen ditu, baserriko animaliekin jolasean, bere irudimena praktikan jarrita asmatzen dituen jokoetan. Bere lagunengana herrira joatea baino nahiago izaten du egunero hilerrira joatea, bertan sekretu bat gordetzen du eta...

‘ILUNPEAN’ (3’09”) Duela hiru urte jaiotako euskal ekoiztetxe gaztea da Lapatx Films, Iker Maguregi eta Andrea Martinezek sortua. Ikus-en-tzunezko produktuak egiten ditu biko honek, barrutik mugiarazten diena azalarazteko. Nahiz eta pantailara eramaten dituzten istorio gehienak Euskal Herriari loturikoak izan, gai unibertsalak ere jorratzen dituzte. Ilunpean izeneko lan honetan hainbat begirekin ere aurkitu ezin diren gauzetan jarri dute arreta. Norberak bakardadean bilatu beharreko gauzetan, alegia.

‘HOTZEAN GARBITU’ (14’) Maddi Barrenetxea (Algorta, 1994) eta Marta Teijeira (Tolosa, 1994) sortzaileak eta ikus-entzunezkoen zale amorratuak dira. Hotzean garbitu izeneko lanean, garbitegi batean aurkitzen diren bi ezezagunen istorioa dakarte. Hauen erlazioa garbigailuaren erritmoarekin parekatzen da filmean. Hasieran, beraien arropa garbigailuan sartuko dute. Batak besteari hitzik esan ez arren, haien barne pentsamenduak aireratuko dituzte. Poliki-poliki, elkarrizketa hori arintzen joango da, haien arteko desioa areagotuz.

‘ERROAK’ (8’39”) Zuzendari moduan lehen film laburra du Erroak Ane Zuazubiskarrek (Arrasate, 1997). Aurretik beste lan batzuetan parte hartu izan du, taldean (280º, Jorrai, Lege Zahar). Erroak iazko Lekeitioko Euskal Zine Bileran aurkeztu zuten eta Euskarazko Film laburrik onenaren saria eskuratu zuen Errenteria Film Festivalen. Maddi da lan honetako protagonista. Duela urte batzuk bete zituen Maddik hogeita hamar. Erabakitzen ari dira ingurukoak, eta erabakitzeko gero eta denbora gutxiago uzten diote Maddiri. Eta hark ez du nahi, edo ez daki.

‘HANDIAK ETA TXIKIAK’ (1’36”) Laida Ruiz Juarros 22 urteko lazkaotarra da. Sorkuntza eta Diseinuan graduatua, bere lehen lana da honakoa animazio tradizionalaren esparruan. Neguko gau hotz batean, gure protagonista bere irudimenari esker mundu zoragarri batean murgilduko da, bertan dauden arriskuei buruz ezer jakin gabe.