Elkano, Lehen Mundu Bira animaziozko filmak 1519an Sevillan hasi eta hiru urte beranduago toki berdinean amaitu zen itsas bidaia zirkularra du ardatz. Askorentzat, bidaia horrek mundua borobila zela frogatu zuen historian lehenengo aldiz. Ez zen abentura makala izan: 240 gizon irten ziren Sevillatik, bost itsasontzitan, eta soilik batek lortu zuen bueltatzea, hilzorian zeuden 18 gizonekin. Gaztelako erreinuak finantziatutako espedizio hartatik bi gizon nabarmendu ditu historiak: Fernando de Magallanes portugaldarra eta Juan Sebastian Elkano euskalduna. Misioa amaitzea lortu zuen itsasgizon bakarra, ordea, Getariako marinela izan zen, Concepción ontziko maisu bezala.

Bada, ezagunak diren gertakari historiko eta pertsonaietatik abiatuz, fikziozko animazio pelikula sortu du Angel Alonso zuzendariak, Dibulitoon ekoizpen etxearen eskutik, euskaraz, eta bereziki ikusle gazteentzako pentsatua. “Euskal Herrian aski ezaguna dugu Elkano, munduari bira eman zion lehen pertsona. Gure mugetatik kanpo, ordea, jende gutxik daki nor den eta zer egin zuen. Bidaia horren 500. urteurrena aprobetxatuta, proiektuari ekin eta Elkano mundu osoan ezagutarazteko momentu aproposa dela pentsatu dugu. 2016an hasi ginen filma egiten eta hiru urte pasa ditugu lanean, mundu birak iraun zuen denbora bera”, azaldu du Alonsok.

Fikziozko istorioa Oinarrian benetako gertakari historikoa eduki arren, fikziozko istorioa sortu dutela argitu nahi izan du zuzendariak: “Ikusleak argi izan behar du filma ez dela Elkanoren biografiaren errepasoa, ez eta Magallanesena ere. Berezko istorioa kontatzen saiatu gara, noski, baina pelikulan zehar bilakaera erakargarria duten pertsonaiak sortu ditugu”. Protagonista zertxobait gaztetuta ageri da filmean. “Elkanok 40 urte inguru izango zituen bidaiari ekin zionean; gure istorioan, ordea, zertxobait gazteagoa izango da, eta gaztetasun horrek asko aberastu du gidoia. Marinel ona zela ikusteaz gain, bidaia luzeak pertsona bezala nola aberastu zuen ikusiko du ikusleak”, azaldu du Alonsok. Magallanes bera ere “berrasmatu” egin dute pelikulan: “Elkanoren aita bezala planteatu dugu, gertuko pertsona, maitagarria? Badaki getariarra marinel ona dela baina ez da berataz fidatuko bidaia egin ahal izateko”, eman du jakitera zuzendariak.

Gosea, hotza, ekaitzak, gaixotasunak, traizioak? Abenturazko klasiko baten osagarri guztiak bildu dituzte filmak irauten dituen 90 minutuetan. “Erronkarik handiena, agian, zenbait gertaera historiko errealitatean gertatu ziren bezala azaltzea izan da, eta aldi berean, hauek gure istorioaren erritmoetara egokitzea, funtzionatzen duen argumentuari eutsiz”, uste du Alonsok. Besteak beste, Magallanes itsasartea edota Esperantza Oneko lurmuturra nola igaro zituzten azaldu dute pelikulan, bai eta Moluka irletara iritsi ziren unea ere. Bestalde, dokumentazio historikoak utzitako hutsuneak betetzen erronka handia izan dutela azaldu du: “Elkanoren kasuan, Antonio Pigafettak idatzi zuen bidaia liburua erabili dugu dokumentazio iturri nagusi bezala, baina egia esan, ez da dokumentazio gehiegi istorioa egituratzeko. Egoera horren aurrean, zer nolako Elkano sortu nahi genuen pentsa-tzen hasi ginen. Gaztea izan behar zuela erabaki genuen, espedizioaren hasieran bizi zuen mundu zorotik heldutasunerantz eta erantzukizunerantz igarotzeko prozesua azaltzeko aukera izateko. Adiskidetasuna eta maitasuna ere jorratu ditugu, eta apurka-apurka, fikziozko kontaketa egituratu dugu gertaera historikoen barruan”, dio Alonsok. Jose Antonio Vitoria etaGarbiñe Losada gidoilarien laguntza izan du Alonsok istorioa idazteko.

Erronka teknikoa Erronkarik handiena, baina, itsasoa sortu eta honi bizia ematea izan dela uste du zuzendariak: “Orain arte egin ditugun animaziozko produkzioetan beti saihestu dugu itsasoa erabiltzea, hura ondo egitea izugarrizko lana delako. Pelikula honetan, baina, itsasontzian egindako mundu birari buruz ari gara, eta hortaz, halabeharrez egin behar izan diogu aurre. Itsasoak duen indarra pantailan islatzen saiatu gara eta ura istorioaren pertsonaia garrantzitsua bihurtu dugu”.

Ura ez ezik, munduko toki asko eraiki behar izan dituzte. Hala, munduan barrena bidaiatuko dugu Elkanorekin: Sevilla, Brasil, Patagonia, Moluka irlak? “Ahalegin handia jarri dugu toki bakoitzeko kultura eta bizilagunen izaera ahal denik eta ondoen adierazteko”, kontatu du Alonsok. Geografiaren berezitasunak errespetatzeak exijentzia maila handia suposatu du lantaldearentzat, bere esanetan: “Lurralde izoztuak daude, Patagonia kasu, eta Amazonaseko paisaia eraiki-tzea ere ez da erronka makala izan”, azaldu du zuzendariak. Asmatutako pertsonaiak ere ez dira gutxi izan: 150 pertsonaia baino gehiago sortu dituzte pelikularako.

Soinu banda originala Joseba Beristain azkoitiarrak konposatu du filmaren soinu banda eta Euskal Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak jarri diote musika eta ahotsa. “Oso ezberdinak diren musikak landu ahal izan ditut pelikulan. Abentura bat den heinean, une arriskutsuetarako musika sinfonikoa sortu dut, bai eta bidaiak zeharkatzen duen toki geografiko bakoitza girotzeko musika ere: musika brasildarra, Filipinetakoa, Moluketakoa? Sortze prozesu aberatsa izan da oso eta asko ikasi eta gozatu dut”, dio Beristainek. “Ez dugu zehazki ezagutzen nolakoa zen toki hauetako musika duela 500 urte, baina konposatutako musikaren bidez ikuslea toki horiek identifikatzeko gai izango da”, uste du musikariak.

Halaber, mundu biraren bidaia liburua idatzi zuen Pigafettaren narrazioak girotzeko musika errenazentistak eta barrokoak txertatu ditu Beristainek. Portugaldarren mehatxuak eta erasoak girotzeko, ordea, sonoritate portugaldarra duten an-tzinako gitarrak erabili ditu. Donostian grabatu dute musika, Euskal Orkestra Sinfonikoaren eskutik eta Fernando Velazquez getxoztarraren zuzendaritzapean. Orkestrarekin batera, Donostiako Orfeoiaren ahotsak ere grabatu dituzte.

La Oreja de Van Gogh taldeak ere bere aletxoa jarri nahi izan du Elkano, Lehen Mundu Bira pelikulan eta Haizeaz fidatu kantua sortu du filmerako: “Taldearen sorreratik nahi izan dugu pelikula batentzako musika egin, eta hainbat proposamen jaso ditugun arren, orain arte ez gara ausartu. Zergatik orain? Ba Getariako marinel baten istorioa delako, euskal ekoizpena delako eta abentura zirraragarria iruditzen zaigulako. Ohorea da guretzat halako mendeurren baten ospakizunean parte hartzea”, adierazi dute talde donostiarreko kideek.

Estreinaldia, Malagan Malagako 22. Zine Jaialdian proiektatuko da lehenengo aldiz Elkano, Lehen Mundu Bira animazio filma, gazteleraz bikoiztutako bertsioan, gaur bertan. Estreinaldi komertziala, berriz, uztailaren 12an izango da espainiar estatu osoko zinema aretoetan. Ingelesez bikoiztutako bertsioa ere -Elcano & Magellan, The First Voyage Around the World-, Filmax Internationalen eskutik proiektatuko da Spanish Screenings deritzon MAFIZ (Malaga Festival Industry Zone) merkatuan. Estatuko zinemaren promozio eta salmentarako nazioarteko plataforma da MAFIZ,eta mundu osoko erosle eta festibaletako programa-tzaileak batzen dira bertan.