idazlea

Angel Erro: “Intimitatea agertzeko modu zintzoena iruditu zait dietarioa”

Hamalau urtetan hainbat koadernotan idatzitako testuak bildu ditu Angel Errok (Burlata, 1978), kaleratu berri duen ‘Lerro etena’ (Elkar) liburuan

09.02.2020 | 02:54
Angel Erro.

Urte luzez bere buruarentzat idatzitako pentsamendu, hausnarketa eta bizipenek osatzen dute Lerro etena (2004-2018). Askotariko testuak jaso ditu bertan Angel Errok. Kausa-efektuak bilatu gabe, lan intimoa, umoretsua eta ironikoa da Erroren azkena, non, besteak beste, literatura, heriotza, euskalduntasuna, bidaiak edota maitasuna dituen hizpide.

Zein da lan honen helburua?

Denbora luzea neraman ezer atera gabe, liburu formapean, eta bainuen gogoa liburudun idazle gisa berriz agertzeko euskal panoraman. Bestelako kolaborazioak eta antologiak alde batera utzita, azken liburua atera nuenetik hona, edonola, ez dut bizitza agrafoa eraman, kontrakoa baizik; idatzi besterik egin ez dudalako irudipena daukat, hamalau urteotan. Horri aterabidea eman nahi izan diot.

Dietario moduko lana aurkeztu duzu oraingoan. Zerk eraman zaitu estilo hori aukeratzera?

Idazleen gogoeta liburu haririk gabekoak interesatzen zaizkit eta uste dut niri gaizkiegi ez doakidan estiloa dela. Erritmo eta taupada kontu bat da. Gero, bestetik, intimitatea ager-tzeko modu zintzoena iruditu zait dietarioarena. Beste generoetan ez bezala, hemen jolas arauek onartzen dutelako horixe, sentimenduak eta pentsamenduak, aitorpenak agertzea manipulazio txikienarekin.

Zer topatuko du irakurleak 'Lerro etena (2004-2018)' liburuan?

Nire bizipen batzuk, bere horretan emanak, gertatu eta bere momentuan nik jaso bezala, eta aldi berean gogoeta batzuk, hainbat gairen ingurukoak, hauek ere bere momentuan bota bezala, ez guztiak originalak. Hamalau urte, ehun eta berrogeita hamar orrialdetan laburtuta.  Kontu xamurrak eta gogorrak elkarren ondoan, sakonak eta azalekoak lerroz-lerroz. Ez dut ezer edertu. Edertasun formala bilatu dut, noski, baina osokoaren harmoniari begira, gehienbat.

Gai ugari jorratzen dituzu: literatura, gaixotasuna, gurasoak, heriotza?

Ez dira espreski nik aukeratutakoak, etorri ahala, aukeraketa egin ahala, dekantazio naturalez agertutakoak baizik. Zentzu honetan, liburu honek balio izan dit neure burua pixka bat hobeto ezagutzeko. Ezustekoren bat edo beste ere eman dit. Nire obsesio batzuen aurrez aurre paratu nau. Denboran zehar errepikatzen diren gai batzuk azaltzen direlako; aipatutako horiez gain, hor dira euskalduntasuna, pertenentzia sentimendua, bidaiak, maitasuna, igerilekuak, ilargia, idazteari uzteko tentazioa...

Urteotan idatzitako gogoeta eta pentsamenduak asko dira. Zeren arabera egin duzu aukeraketa?

Liburu hau bikoitza edo hirukoitza izan zitekeen. Publikatzeko aukeratu dudana ez da bilduta dudanaren %10era ere iritsiko. Baina egunkari pertsonaletan ez da guztia argitaragarria, noski. Badira gauza lotsa-emangarri eta zentsuragarri asko, kalitate langa gutxienekoa ere gainditzen ez dutenak. Bazterketa fase ezberdinetatik pasatu da proiektua. Testuez argaldu ahala, liburua sendotzen joan denaren inpresioa izan dut. Baina uneren batean gelditu behar izan dut. Esentzialera jo arren, substantzia ere izan zezan.

Nola egituratu dituzu gai eta testu ezberdinak?

Azkenean ez dut hurrenkera kronologikoa hobetsi, honelako liburu gehienetan egiten den bezala. Garai eta gai ezberdinetako testuek elkarri hitz egin eta erantzutea nahi nuen, elkar gezurtatu ala baieztatu. Modu horretan, tartekoak, idatzita ez dagoenak, garrantzia hartzen du. Hortik, lerro etenarena. Oroitzapenak bat eta bakarra garela sinetsarazi nahi digu, gugan nolabaiteko jarraipen bat badagoela. Baina berez gertaera solteak dira gogoratzen ditugunak, eta haiek koherentzia faltsu batez hornitzen ditugu, geure lasaitasunerako. Ni irudipen horren kontra lehiatu naiz. Ez zait interesatzen kausa-efektuak bilatzea, ezta nire bizitzan ere. Justaposizioarekin jolas egin dut. 

Ironia eta probokazio puntu bat ere presente dago zure idatzietan, betiko lez. Uste duzu hori izan behar dela idazlearen papera, probokatzea?

Probokatzea batzuetan oso erraza izan daiteke. Jendea erraz eskandalizatzen da oso kontu zaharrekin: sexuarekin, esaterako; edo iritzi politiko muturrekoekin. Idazleak zin-tzoa izan behar du eta gauzak bizi dituen moduan adierazi, irakurleen erreakzioa zein izango den pentsatu gabe, eta batez ere berariaz eta kosta ahala kosta hunkitu edo probokatu nahi gabe. Hori, azkenean, nabaritu egiten delako.

Umoreak ere lekua du zure azken lan honetan. Bizitza ulertzeko ezinbesteko tresna da umorea?

Nire ustez, bai, batez ere bizitzaren gaineko irudi ezkorra edukiz gero, bestela ez legoke irakurri nahi izango gintuen inor. Baikorra banintz, mundua edo gizartea hobera doala sinetsiko banu, bestela idazteko askatasuna har nezake.

Nola ikusten duzu gaur egun euskal literaturaren egoera?

Ez dut nahikoa perspektiba ongi edo oso gaizki ari garela esateko. Ondoko literaturekiko homologazioa eskatzen genuen, eta uste dut iristen ari dela, eta hori ona dela suposatu behar dugu. Hala ere, irudipena dut kanpoko joera kaskarrenak kopiatu ditugula, eta hori txarra da. Merkatuari begira ari dira euskal idazle asko, baina nik ez dut oso argi merkatua eta irakurlegoa berdinak direnik, hala sinetsarazi nahi badigute ere. Beraz, laburbilduta, esango nuke euskal literaturaren egoera ezin hobea dela, gutxi gorabehera munduan zehar literaturek dituzten arazo eta gabezia berdinak dituelako.