Urtebete igaro da jada bideo-jokoen mundu mailako hitzordu nagusiena ospatu zenetik, eta hilabete barru izango da berriz ere gurekin E3 (Electronic Entertainment Expo) azoka. Urtero bezala, Los Angeles hirian ospatuko da, aurten ekainaren 11tik 13ra bitartean, eta bertan izango ditugu bideo-jokoen industriako enpresarik garrantzitsuenak, lanean zertan dabiltzan azaltzeko.

Aurtengo azoka, baina, aldaketa nabarmenekin dator. Hasteko, Nintendok orain dela urte batzuk egin zuena egitera dator Sony etxea. Hau da, E3 azokan aurkezpen handi bat egiteari utziko dio, eta ez da bertan izango; horren ordez, aurretik grabatutako bideo baten bidez erakutsiko ditu erakutsi beharrekoak. Izan ere, horrelako azoketan aurkezpenak egitea enpresentzat oso garestia izan ohi da, baliabide asko behar izaten direlako, eta gaur egun, dirudienez, ez da lehen bezain garrantzitsua horrelakoak egitea. Orain, informazioa lortzea bat-batekoa da, sarbide zuzena dugu erabiltzaileok, baina lehen enpresen joan-etorriei eta nobedadeei buruz jakiteko bide bakarra azokak izan ohi ziren.

Ikus dezagun, bada, bideo-joko enpresa handienen inguruan zer den espero dena aurtengo E3 azokatik.

Sony

E3ra aurkeztu ez bada ere, State of Play emanaldi bidez bere nobedadeak erakustea espero da. Izan ere, Sonyk joko ugari ditu labean: The Last of Us 2, Death Stranding edo Medievil Remake. Horrez gain, zergatik ez, bere hurrengo kontsola izango denari buruz argibide gehiago ere emango dute, beharbada. Egingo dutena eginda ere, ziur oso interesgarria izango dela.

Microsoft

Jokoei dagokionez, Microsoft Halo Infinite eta Gears of War 5 jokoetan zentratuko dela uste da. Bere bi frankizia garran-tzitsuenetarikoak dira eta asko espero da joko hauengandik. Bere Game Pass zerbitzuaz ere zerbait entzutea espero da. Google-ek Stadia aurkeztu zuenetik, Microsoften mugimenduaren zain gaude. Ea nola erantzuten duten.

Nintendo

Nintendo jokoetan zentratuko dela espero da, Switch kontsolaren bertsio berriak aterako ez direla konfirmatu zenetik. Beraz, hardwarea alde batera utzi eta softwarea erakutsiko dutela uste da. Ea berrikuntzarik eskaintzen diguten Luigis Mansion 3, The Legend of Zelda: Links Awakening, Animal Crossing, Pokemon Sword/Shield, Bayonetta 3, Astral Chain edota Dragon Quest XI jokoei buruz. Hala ere, sorpresak maite ditugu eta ez dugu galduko esperantzarik, ea joko berriren bat aurkezten duten.

Electronic Arts

Aurten EA Play delakoa izango da euren eskaintza. Itxuraz, lehen bi egunetan zuzeneko emisioak egingo dituzte jokoei buruz, gauza berriak erakutsiz, seguru. Betiko kirol jokoez gain (FIFA berria?) hurrengo jokoei buruz zerbait aurreratuko dutela ere espero da: Anthem eta Apex Legend jokoen eguneraketak, Star Wars Jedi: Fallen Order, Need for Speed, Titanfall?

Ezinezkoa da konpainia guztien nobedadeak hemen errepasatzea, baina aipatu E3 azokan izango direla baita Equare Enix (Final Fantasy VII remake, Babylon’s Fall?), Ubisoft (Doom Eternal Wolfenstein Youngblood?), Ubisoft (Splinter Cell, WatchDogs 3?), CD PRojekt Red (Cyberpunk 2077), eta beste hainbat. E3a beti izan ohi da nobedade garrantzitsuen berri en-tzuteko tokia, eta aurten ere horrela izatea espero da. Bideo-jokoen zaleok gogotsu gaude zita honek emango duena ezagutzeko.