Zinema

'Bigarren sexua', emakume euskaldunen begiradapean

Euskarara ekarri berri den Simone de Beauvoirren ‘Bigarren sexua’ pentsamendu feministaren lan mugarriaren zenbait pasarteri gorputza eman diete Iratxe Fresnedak eta Nora Alberdik film labur baten bitartez: ‘Bigarren sexua(z), collage’ 

20.02.2020 | 14:14
Atzoko eta gaurko emakumeak ditu hizpide filmak. Irudian, fotograma bat.

Euskarara ekarri berri den Simone de Beauvoirren ‘Bigarren sexua’ pentsamendu feministaren lan mugarriaren zenbait pasarteri gorputza eman diete Iratxe Fresnedak eta Nora Alberdik film labur baten bitartez: ‘Bigarren sexua(z), collage’ 

Zazpi hamarkada joan dira Simone de Beauvoirrek emakumeen identitateaz eta sexu-desberdintasunaz hausnarketa sakonak zekartzan Le Deuxième Sexe lana plazaratu zuenetik. Mugarria ezarri zuen pentsamendu feministan eta funtsezko lana bilakatu da urteekin, hainbat korronteren abiapuntutzat hartzen baita argitalpena. Literatura eta filosofia sakon aztertu zituen De Beauvoirrek, historian zehar emakumeak izan duen lekuaren analisia eginez eta emakume izatea bera zer den aztertuz. Lan horretan ondorioztatu zuen emakumea, edo emakumezkotzat jotzen duguna, sozialki eraikitako produktu kulturala dela, beti beste zerbaitekin alderatuz sortua: ama, emaztea, alaba?

Irene Arrarats Lizeagak euskaratu du 800 orriko saiakera mardula, Bigarren sexua izenburupean,  Jakin eta Elkar argitaletxeen eskariz, pentsamendu feministako obrak plazaratzeko sorturiko Eskafandra bildumaren barruan. Bi liburukitan banatu dute argitalpena, jatorrizko obraren gisara: Egitateak eta mitoak eta Bizi izandako esperientzia. Liburuarekin batera, bere osagarri den dokumentala ere ondu dute Nora Alberdik eta Iratxe Fresnedak: Bigarren sexua(z), collage.

LIBURUAREN OSAGARRI

Eskafandrak eskatuta, saiakeran planteatutako ildoei heldu diete bi zinegileek film laburra osatzeko. Horretarako, emakume euskaldun feministen testigantzak eta gaur egungo irudiak filosofo frantziarraren gogoetekin gurutzatu dituzte. "Eskafandrak hamar esaldi eman zizkigun eta hortik abiatu ginen collage-a osatzeko", azaldu du Iratxe Fresneda filmaren gidoilariak. Hortaz, dokumentala ezin dugu hartu Bigarren sexua-ren ikus-entzunezko itzulpen gisa, honen osagarri bezala baizik. Ikusleak De Beauvoirren teoriaren "zer-tzelada batzuk" jasoko ditu, eta "gaur egungo errealitatearekin lotu ditzake", eman du jakitera Nora Alberdi zuzendari eta gidoilariak.

Puzzlea osatzeko hiru hilabete eskas izan dituzte zinemagileek. De Beauvoirren obraren sakontasuna kontuan hartuta, "erronka handia" izan da honakoa, egileen esanetan. "Hasieran ez genuen uste posible izango zenik hain denbora gutxian film bat egitea", aitortu du Fresnedak. Horren lan potoloa dokumental bakar batean laburtzea oso zaila izan dela onartu dute zuzendariek. "Denbora gutxi izan dugu, baina lortu dugu nahi genuena: obra honekin  ikusleak De Beauvoirren lezio batzuk ezagutzeko aukera izango du", eman du jakitera Alberdik.

EUSKAL EMAKUMEEN AHOTSAK

Zuzendariek azaldu dutenez, lanaren helburua gizartea Simone de Beauvoirren pentsamendura hurbiltzea izan da. "Berak liburua ida-tzi zuen mamiarekin elkarrizketa bat sortzen ahalegindu gara", dio Fresnedak. Egileen esanetan, liburuaren eta horren itzulpenaren osagarritzat har dezakegu collage-a, obra bera Euskal Herri garaikidearen testuingurura ekartzen duena.

Helburu horrekin, dozena bat emakumeren testigantzak bildu dituzte Alberdik eta Fresnedak. Mirentxu Loyarteren Euskal emakumeak filmean oinarrituta, haien erretratua egin nahi izan dute. Maitasuna, emakume izatea zer den eta aktibismoa bezalako gaien inguruan hitz egiten ikusi eta entzun ahalko ditugu emakumeok, iraganeko eta gaur egungo irudiez lagunduta.

KLASIKOA GARAIKIDE

Orain dela 70 urte kaleratuagatik ere, egungo pentsamendu feministaren oinarri izaten jarraitzen du Bigarren sexu lanak. Gaurkotasun horren adierazle dira euskarazko itzulpena eta dokumentala. Jakin eta Elkarrek Eskafandra bilduma sortu zutenetik buruan zuten saiakera sakon hau itzultzea. Irene Arrarats ere aspaldi hasia zen bere kabuz lan honetan, eta azkenean lortu dute euskaraz argia ikustea. Proiektuak hainbat erakunde publikoren laguntza ere jaso du.

Fresnedaren aburuz "sineztesina" da obrak oraindik duen gaurkotasuna. "De Beauvoirren begirada zehatza eta zorrotza izan zen eta analisi bikaina egin zuen. Ez dut uste berak pentsatuko zuenik gaur egun ere bere ideiek hainbesteko indar eta presentzia izango zutenik", aitortu du zinegileak.

Fresnedak eta Alberdik elkarrekin lan egin duten lehen aldia izan da. Esperientzia "aberasgarria" izan da bientzat, elkar ezagutzeko lehen aukera. Pozik daude lortutako emaitzarekin eta "elkarrekin sor-tzen jarraitzeko prest" agertu dira aurrera begira. Durangoko Azokan aurkeztu zuten 15 minutuko dokumentala, abenduan. Harrera "ona" izan zuen, eta orain "herriz herri zabaltzeko irrikitaz" daude egileak.

Filma ikusi nahi duenak martxoaren 4an izango du hurrengo aukera, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Arratsaldeko 19:00etan Irene Arraratsek Bigarren sexua liburuaren aurkezpena egingo du eta ostean Alberdi eta Fresnedak dokumentala aurkeztu eta erakutsiko dute.