Zeharkako propaganda mutua

Arkitekturek askotan hitzen lekua hartzen dute. Ixilik daudela iruditu arren, gauza asko transmititu eta esan dezakete. Honakoa hitzen eta irudien bitartez konta daitekeena da

07.09.2020 | 21:53
Chérrez-Cantera estudioak 'Rock on wood' proiektua garatu du

Aurten oroigarri desberdin batzuk eraman dituzu. Ohikoak gure egongela, logela edo sukaldean daude: ez dakit nongo hondartzako harea fina, Asian ikusitako azken ilunabarrean hartutako harria, gertuko Afrikako herri isolatu bateko mantelak, Europako hiri moderno bateko eliza gotikoaren portzelanazko imana, Salouko hondartzaren postala edo Pirinioetako eguzkilorea€ Ohitura dugu egon garen leku desberdinetatik oroigarriak etxera ekartzeko. Nondik datorkigu tradizio hau? Zer paper du arkitekturak souvenirren munduan?

Gure bidaien memoria bisitatu ditugun lekuetako oroigarriekin eraikitzen dugu. Postal, iman edo eraikin esanguratsuen miniaturen bidez, eta egun Instagramez, bertan izan garela adierazteko asmoarekin. Euskarri horietan arkitekturak badu presentzia: protagonista da, kontestua azaleratzen du, publizitatea helarazten du, natura mugatzen du edota elementu negatiboak ezkutatzen ditu. Eraikin, plaza, edota hondartza esangura-tsuekin, bisitatutako lekuen propaganda egiten da. Historikoki arkitektura boterea adierazteko herraminta bat izan da, hiriaren edo gobernatzen zuen pertsonaren propaganda egiteko erabiliz. Egun, joera eta praktika horrek indar handiagoa hartu du turismoa dela medio.

BARNE DISEINUA 


Beste eskala batean Rock on wood proiektua ere elementu propagandistikotzat hartu daiteke. Izan ere, proiektuaren egileak estudio-galeriaren erabiltzaileak dira, hau da, beraien lan lekua da. Xavier Chérrez eta Raquel Canteraren sinadura darama (Chérrez-Cantera), eta Iruñean kokatzen da. Bi arkitekto horiek osatzen duten estudioak tipologia desberdineko eraikinak egin ditu, eta horietako batzuek sariak jaso dituzte. Proiektuak ondo txertatzen dira euren kontestuetan eta birgaitzeetan lehenago zegoena errespetatzen dute. Beraien hitzetan, proiektu honetan "barne-diseinu praktika" egiteko aukera izan dute, hau arkitektura gisa ulertuta eta ez egunerokotasuneko praktikatik kanpo kokatzen den diziplina moduan.

Barrutik kanpoaldera joanez konfortean oinarrituriko barnealde delikatu bat diseinatu eta eraiki zen. Horretarako, barnealdeko espazioaren materialen taktua eta kalitate bisuala zaindu zuten. Espazioa definitzerako orduan arkitektura osatzen duten hiru elementutan oinarritu ziren: di-seinua, eraikun-tza eta egitura. Elkarlanean arituz honako emaitza interesgarria planteatu zuten.

Egurrezko egitura tridimentsional bat ezarri zuten, altzari funtzioa betetzen duena, eta bere barnean dena sartzen da. Horrela espazioak lanerako edo erakusketa baterako erabili daitezke. Planteatzen den multzoa erabat desmuntagarria, berrerabilgarria eta garraiagarria da. Bestetik, solairu irristakor bat ezartzen zaio. Zurezko plataforma mekanismorik eta tramankulurik gabe irristatzen da, bere arintasuna aprobetxatuz. Honek espazioa birkonfiguratzen du, ekialde-mendebalde ardatzean mugituz. Lan-eremuaren etengabeko aldaketa aukerak argi naturalaren aprobetxamendua optimizatzen du.

MATERIALAK BERRERABILIZ


Materialen eta eraikuntza-tekniken aukeraketa ekonomia zirkularrean oinarritzen dira. Eraikitakoa beste leku batean berrerabiltzea ahalbidetzen duten materialak dira; naturalak, arinak eta eraikuntza-teknika egokiak erabili dira. Barrualdea delikatua da, oihalez eta egurrez eraikia, eta kanpoaldea berriz gogorragoa, hiri-testuinguruari arreta handiagoa ezartzen zaiolarik eta kontestuan txukun integratuz. Kanpoaldean erabilitako materialen aukeraketak inguruko eraikinen eragina izan du: hormigoia, baldosa hidraulikoa, txapa galbanizatua eta beira.

Barne diseinu arkitektoniko saritu bat garatu zuten, non protagonistak egitura, arintasuna eta argia ziren. Bide batez proiektua euren estudioaren erakusleiho bilakatu da, beraien burua definituz eta horrelako gauzak era sinplean egin daitezkela erakutsiz. Gaur egun ere, hitz hauen bidez eta pandemiak ahalbidetzen badu erakusketa batekin, espazioak bere garran-tzia berreskuratuko du. Urrian José María Ordeig Corsini arkitekto eta artista valentziarraren obren erakusketa izango da bertan. Bere obrek paisaia desberdinak azaleratuko dituzte, bisitatuko lekuen souvenirren papera betez eta espazioari zeharkako publizitatea eginez.