10 orduko autobus bidai batek ekarri gaitu honaino. Atzean, Santiago hiriburuko aire kutsatua utzi dugu eta une honetan, azken hilabeteetako arnasaldirik sakonena egiteko aukera dugu. Bidaia atsegina izan da, gauez eta eserleku erosoan aise igarotzen baitira orduak.

Araucania eskualdean dagoen Pucon herrira etorri gara, Los Ríos eskualdeko mugatik gertu. Pucon, Txileko abentura kirolen hiriburu bezala ezagutzen da, eta kalean gora eta behera joanda errez ikusten da zergaitia. Ia denda guztien erakusleihoak kayak, rafting edo antzeko kirol ekintzen eskaintzez josiak ager-tzen dira. Burua altxa eta denden gainetik hegoaldera begiratuz gero, eskualde honen ikurretako bat ikus daiteke, Villarica sumendia.

Ume bati eskatuz gero sumendi bat marraztu dezala, ziur Villarica sumendia marraztuko duela. Kono perfektu bat, elurrarekin goiko aldean eta kezko laino bat bere tontorretik sortua. Txileko hegoaldera ez ezik, gure haurtzarora ekarri gaitu autobusak dirudienez. Haurtzaroko ameskerietara hain zuzen, izan ere tontorrera igotzeko asmoa daukagu, eta gailurretik, planetaren erraietara begiratuko dugu sumendiaren zulotik barrena.

Turismotik bizi den Pucon bezalako herri batek, badaki bere harribitxiak ondo zukutzen. Lortu dugun informazioaren arabera, eziznezkoa da gure kabuz sumendira igotzea. Egin beharreko bidea Txindoki, Ernio edo Pagasarrikoa baino markatuago badago ere, segurtasun kontuak direla-eta antolatutako talde batean egin behar da txangoa. Hasieran turiston poltsikoak hustutzeko aitzaki soil bat dela iruditu bazaigu ere, sumendia aktibo dagoela jakiteak kontuari sinesgarritasuna eman dio.

Goizean goiz gure gida eta taldearekin batu gara. Pioleta eta kranpoiak eman dizkigute, baita zertarako den ulertzen ez dugun plastikozko gauza bitxi bat ere. Furgoneta batean sumendiko parkeko sarrerara eraman gaituzte eta motxila bizkarrean jarrita, bideari ekin diogu. Gidak azalpenak ematen dizkigu jarrera serioarekin, gure aurrean K2 mendiko gunerik zailena izango bagenu bezala, baina bidea paseo hutsa da. Gauzarik oinarrizkoenen azalpenak ematen ditu (botak nola lotu, elurretan eseriz gero ipurdia bustiko zaigula, besteak beste). Harritzen bagaitu ere, badira azalpen guzti-guztiak adi entzun eta berriz azaltzeko eskatzen dutenak. Fauna ederra bildu gara taldean, bakoitza mundu batekoa.

Elurretan sarturik, talde guztiak (ez gara bakarrak, inondik-inora) bide berberetik goaz pixkanaka, txingurriek euren etxe-zulora bideratzen diren moduan. Kasu honetan, sumendiaren ahoa da gure zulo preziatua. Ordu batzuren bueltan mendiaren malda pikoa apaldu eta gure aurrean inpernurako sarrera agertu da. Kea dario kraterrari baina ez dago magmarik bor-borka National Geographiceko dokumentaletan bezala. A ze pena!

Sumendiaren kraterrean bagaude ere, ez gaude tontorrean, kraterraren beste aldean baitago punturik garaiena. Hara joateko asmoak kamustu dizkigu segituan gidak, dioenez, hara joanez gero sumendiko gasak arnastuko ditugu eta orduan akabo gure oporrak (eta bizia).

Jaitsierarako unea iristean egun osoan zehar gainean daramagun plastikozko objektuaren misterioa argitu da. Ipurdian jarri eta elur gainean beheruntz ziztu bizian jaisteko lera moduko bat da, hau gozamena!

Behin Puconera helduta, ostatuan ezagutu ditugun argentinar batzuek hurrengo egunerako plan perfektua proposatu digute. Gihar minduak arintzeko, ur termaletan bainua ematea baino plan hoberik ez omen dago. Sumendiak eta ur termalak estuki loturik daude eta inguru hauetan ugariak dira, bai batak eta bai besteak. Hamaika ur termal iturburu daude, basatiak, ordaipekoak, jendez lepo daudenak, tokitan daudenak, baina guztien gainetik "Termas Geometricas" deiturikoak daudela diote.

Gertu omen dauden terma hauetara iristeko, Villarica sumendiari bira osoa eman behar izan diogu, biribilgune natural erraldoi bat bailitzan. Coñaripe herritik aurrera hartxintxarrez betetako bide batetik jarraitu behar izan dugu luze, oso luze, gure erabakiaz damutzeraino. Azkenean, bi ordu behar izan ditugu bertara iristeko.

Kolore gorri bizian margoturiko egurrezko pasarela bat, sumendiaren arrakala batean barrena sartzen da. Alboetan, landaredia harrotua txoko guztiak betetzen saiatzen da, bereziki pangue izeneko bi metroko hostoak dituen landareak. Putzuetatik darion lurrunak, giro misteriotsu ikutu bat ematen dio lekuari. Honera iristeko bide luzean zehar pilaturiko damua, oinak lehen putzu beroan sartu bezain laster urtu da, plater zikin bateko koipea balitz bezala.

Puconen ez dago aspertzerik, eta datozen egunetarako agenda betea dugu jada: Hydrospeed Trancura errekan, mendi ibilaldia Huerquehue parke nazionalean, bizikleta martxa Ojos de Caburga ur-jausira€ Hau dena egin ostean Santiagora itzuli beharko gara lanera. Pena itzulerako autobus bidaia soilik hamar ordu diren, lo ordu horiek baina gehiago beharko baititugu guztiz indarberritzeko!