Jone Laspiur, aktorea

Jone Laspiur: "Etxea lurretik hasi beharrean teilatutik hasi dudala iruditzen zait; antzerki fisikoa ikasten ari naiz orain"

Ane, Maider eta Katixa gorpuztu ditu Jone Laspiurrek 2020. urtean. Arte Ederrak ikasi zituen, eta musikarekin zein dantzarekin harreman estua izan du, baina oraintxe eman du saltoa pantailara

27.01.2021 | 22:36
Jone Laspiur, aktorea

Izan musika, dantza edota arte plastikoak; umetatik, beti ibili da mila saltsatan sartuta Jone Laspiur (Donostia, 1995). 2020. urtean, ordea, sorkuntza bide berri bat arakatzeari ekin dion antzezle lanean murgildu da bete-betean, eta baten partez hirurekin egin du salto pantailara. Asteon emakumezko aktore berri onenaren Goya izendapena jaso du Ane filmarengatik.


'Ane' eta 'Akelarre' filmak eta 'Alardea' telesaila. Hiru proiektu ezberdin denbora gutxian. Zeinek urratu zuen bidea?

- Akelarre-k. Hautaketa proba ireki bat izan zen, eta nire adin inguruko neskak bilatzen ari ziren, musika eta dantzaren inguruan zebiltzanak. Mursergok ikusi ninduen kantatzen Eibarren Kobanekin eta komentatu zidan hautaketa proba zegoela. Bidali nuen bidea, eta aurrera egin nuen. Nahiko hautaketa proba luzea izan zen, hiru proba edo egin nituen, 800 neska baino gehiagok egin zuten proba.


Eta zuk zeuk nola erabaki zenuen urratsa eman eta hautaketa probetan izena ematea?

- Beti izan naiz oso antzezlaria, eta txikitan bai ibili izan naiz gehiago tailerretan eta dantzan, arte eszenikoen inguruan. Azken urteetan gehiago ekin diot musikaren bideari. Oholtza dezentetan zapaldu dut azken urteetan. Justo orain ez, baina Akelarre etorri zen urte horretan dezente; baina ez aktore bezala. Orduan izan da alde batetik ezustekoa, eta beste alde batetik nahiko gauza naturala.


Aldea dago proiektuen artean?

- Akelarre oso produkzio handia zen, estetikoki dena oso landua, errodaje luzea eta pixka bat korapilatsua baita ere. Oso fisikoa ere bai. Bi hilabete inguru pasa genituen errodajean, gehi aurretik beste pare bat hilabete pelikulako abestiak eta dantzak entseatzen. Esfortzu handia izan zen, baina, era berean oso polita. Oso lan korala zen; sei neskok aldi berean egiten genuen lan eta elkarlan bat eman zen ere.


'Ane'-n horrelakorik ez.

- Ane-n, aldiz, egin behar izan nuen lan ez hain modu koral batean. Istorioa pertsonalagoa da, intimoagoa. Ama eta alaba baten arteko harremanaren inguruan biratzen du istorioak. Neska gazte baten azalean ari nintzen, 17 urtekoa; bidaiatu behar izan nuen nire gaztarora eta bertatik zenbait gauza erreskatatu.


Alardea telesaila izanda, ezberdina izan zen?

 - Bai, baina aldi berean zuzendaria David Perez izan da eta David zinematik dator. Aktore asko aipatu genuen ez zela telesail baten ohiko errodaje bat izan.


Errodaje baten erritmoa bizi izan duzu zure larruan lehenbizikoz.

- Bai, bai. Nik esango nuke Akelarre errodatzen genuen bitartean ohartu nintzen antzezteaz ikasteaz gain ikasi behar izan dudala zinemaren industriak nola funtzionatzen duen barrutik.


Ane Ane filmean, Katixa Alardea-n eta eta Maider Akelarre-n. Nolako pertsonaiak dira? Badute zerbait komunik?

- Bai, badauzkate lotuneak. Hirurak dira emakume gogorrak, ausartak, indartsuak. Eta, era berean, oso ezberdinak. Ane oso pertsona arrazionala da, hotza, asko pentsatzen du. Maider, berriz, kontrakoa: bulkadaka mugitzen da, bere indarra ekintzetan dago. Agian bien artean orekatuena litzateke Katixa Alardea-n.


Erronka handiena ere 'Ane' izan da?

- Bai, guztiz. Pelikula horretan Davidek ez ditu gauzak zuzenean ematen, ulertu egin behar dira. Gainera, pertsonaiek beraiek daramatzate zama batzuk ez direnak hitzez adierazten, baina hor daude eta ikusi egin behar dira. Ama-alaba harreman horretan hitz egiten ez diren gauza asko daude, ikusten ez diren gauza.


Dena bat-batean etorri zaizu, gauza asko batera. Hankak lurrean nola jarri eztanda guzti honen artean?

- Harrituta nago pertsonok egoera berrietara egokitzeko daukagun gaitasunarekin. Duela bi urte hau pentsaezina zen, baina aldi berean eduki dut orain denbora bat dena asimilatzeko. Nire buruan hau hasten da hautaketa proba batera joaten naizen unetik. Bi urteko prozesu bat daramat, agian publikoki eramaten ez dena.


Behin prozesu guztia igarota, nolakoa izan da zure burua pantailan ikusteko unea?

- Ane ikusi nuen zuzenean Zinemaldian eta oso hunkituta geratu nintzen. Zirraragarria da batez ere ikusten duzulako lankideek egiten duten lana ere. Lanean errodajean zauden bitartean zure zatia badakizu, baina askotan besteena ez duzu ikusten. Elkarrekin egiten duzun lana kanpotik ikustea inportantea da, puzzlearen pieza guztiak batera ikusten dituzu, osotasunean.


Bestalde, sari banaketak aurkezten ere ikusi zaitugu. Nolako esperientzia izan da hori?

- Beti oso urduri jartzen naiz gauza zuzeneko gauzekin.


Halere, kontzertuak ere ematen zenituen, eta hori ere zuzenekoak dira€

- Bai, baina inoiz ez nion utzi urduri jartzeari kontzertu bakar baten ere. Urduritasun hori beti daukat, eta espero dut ez galtzea inoiz. Urduritasunak alertan jartzen zaitu.


Aktore lanetan hasia zara dagoeneko, baina orain hasi zara antzerkia ikasten.

- Antzerkia ikasten nabil orain Madrilen. Beti eduki dut sentsazioa etxea hasi dudala teilatutik lurretik hasi ordez; orduan erabaki nuen an-tzerki fisikoa ikastea. Gogo handia nuen lur hartzeko eta esperientzia fisikoetara jotzeko. Errora jotzen du. Mugimendutik, ekintzetatik, eragitea gorputza eta hortik sortzea egoerak eta pertsonaiak.

noticias de noticiasdenavarra