Hainbat liburu itzuli ditu gaurdaino Zigor Garrok (Errenteria, Gipuzkoa, 1975). Neskamearen ipuna (Txalaparta, 2020) liburuak, ordea, oihartzun berezia izan du, ziurrenik, HBO streaming plataformako telesailaren harira. "Maitemindu" egin zuen liburua Garrok aitortu duenez, eta horregatik sentitu zuen euskaratzeko beharra. Kartzelan zegoela egin du itzulpen lana.

Liburua itzultzeko proposamena zurea izan zen, ezta? Zer dela-eta?

- Niri lagun batek ekarri zidan liburua espetxera. Irakurri nuen eta maitemindu egin ninduen. Liburu bat itzultzea proiektu luze bat izanik, nahiko egingarria, eta epe jakin batzuk dituena, kartzelan horrelako asmo bat oso baliotsua da. Ematen dizu egunero jorratu dezakezun asmo bat. Distrakzioa. Satizfakzioa. Buruhausteak€ ematen dizkizu eta ateratzen dizu zauden tokitik. Topatzen baldin baduzu maitemindu zaituen liburu bat eta itzulpena egingarri ikusten duzunean, burura datorkizu ideia. Eta liburu honekin hori gertatu zitzaidan. Denbora neraman itzulpenik egin gabe eta irakurri nuenean, ingelesek dioten moduan 'crush' hori izan nuen. Txalapartari proposamena egin nion eta editoreak, Garazi Arrulak, poz handiz hartu zuen proposamena. Hor abiatu genuen denboran asko luzatuko zen prozesu hori.

Kartzelatik ihes egiteko baltsamoa izan da, beraz, itzulpen lana?

- Kartzelako behinena da giltzapetu egiten zaituztela baina zure buruarekin. Bakardade horretatik distraituko zaituen edozer ona da beraz. Orotariko adikzioak egoten dira horregatik kartzelan. Denek dute baten bat: bideo-jokoak, telebista, bigorexia, drogen kontsumoa€ bakarren batzuk ere irakurketara edo menpeko egiten direnak. Ni saiatu naiz nolabait adikzio sano bat bilatzen. Eta halako proiektu batek distrazioa ematen dizu, baita liburuko pertsonaien konpainia hori.

Prozesu luzea izan zela diozu€ zenbat denbora egon zinen?

- Prozesu osoa bi urte ingurukoa izan da. Itzulpen lana, bere horretan, 6-7 hilabete. Baina ez da berdin sei hilabete kartzelan edo kalean. Nik astelehenetik igandera egiten nuen lan, eta batzuetan 14 ordu ere ematen nituen itzultzen, pasarteren batekin tematzen banintzen€ Hori, noski kartzelak ahalbidetzen dizun egoera bat da, kanpoan ezingo nukeena egin. Han ez dago astebururik ez oporrik, ez zinemarik, antzerkirik, tabernarik, koadrilarik€ Denbora asko ematen duzu ziegan, eta kanpoan egongo banintz askoz denbora gehiago beharko nuke.

Frustrazioak eta une gozoak ere aipatu dituzu... Zein izan da erronka nagusia?

- Nik uste, itzulpen baten erronka nagusia dela egilearen atmosfera, musika, tonua, kolorea€ beste hizkuntza batean ematea dela, eta hizkuntza batetik besterako salto horretan ez dezala galdu bere klima. Hori egin nahi izan dut euskaratzean.

Eleberri honek, gainera, oso markatua du estiloa, ezta?

- Nortasun handiko idazlea da Atwood, eta oso ahots indartsua duena. Hitzen eta ordainen aukera etengabea dago eta zeregin hori ia esploratzaile baten aldartearekin hartu nuen nik, indusketa lan handia egin nuen, ingelesez ematen dituen ordainei euskarazko egokiena emateko. Oso sakona izanagatik ereoso arin irakurtzen den eleberria da, eta irakurketa atsegina egiten duen horietakoa. Euskal irakurleek nik ingelesez irakurri nuenean bezain beste.

Gai feministak lantzen ditu Atwoodek, zu, ordea, gizona zara€ Nola heldu diozu gaiari?

- Atwoodek liburu honetan ikusezinak ziren zapalketak ikusarazi nahi zituen. Eleberri distopikoek azkenean egoera jakin batzuek muturreko egoerak azaleratzen dituzte. Ni gizon bezala oso ohartua nago emakumeek bizitzen dituzten zapalketa asko niretzako ikusezinak direla. Zeren ez naiz emakume, eta emakume ez naizenez ez ditut bizi nire azalean. Ondo dago horregatik zapalketa horiek muturrera eramatea, ohartu nadin. Zapalketa horien artean dira, adibidez, sexualitatearen esplotazioa, gaitasun erreproduktiboaren esplotazioa€

Telesaila ikusi al duzu? Zer iritzi duzu hari buruz?

- Lehenengo denboraldia ikusi nuen liburua irakurri ostean, eta asko gustatu zitzaidan. Pentsatu nuen oso ongi egina zegoela, gidoia eta argazkia oso onak zirela, eta klima edo atmosferan oso ongi asmatu zutela. June pertsonaiarekin hanka sartu zuten. Liburuan umorea eta ironia erabiltzen ditu zapalketa egoerari buelta ematen saiatzeko, eta indarra ematen dio. Nire ustez nahita egin zuen Atwoodek baina seriean pertsonaia mukerra da, ez du barrerik egiten eta beti haserre dago. Beste pertsonaia batzuekin ere gehiago edo gutxiago asmatu dute.

Hala ere, bigarren denboralditik aurrera trama asmatu dute, eta arrakasta horren ondorioz idatzi du egileak bigarren liburua. Testamentuak, ez dauka lehen liburukiak duen balio literario berdina inondik inora ere. Niri ez zitzaidan batere gustatu. Ez dauka kalitate literariorik, ez zaio espartinen zolara ere heltzen€

Beraz, bigarrena itzultzeko asmorik ez?

- Ez daukat asmorik, ez.