Suak piztuta jarrai dezala, Kasilda

Goitibera Antzerki konpainiak Kasilda Hernaez Vargas emakume libertarioaren bizitza taula gainera ekarri du 'Kasilda. Bukatzen ez den sua' antzezlanarekin. Ideia askeen defentsan bizia eman zuten emakumeei eginiko omenaldia da hau

20.05.2021 | 11:12
Aiora Sedano, Kasildaren paperean

Kasilda Hernaez Vargas 1914. urtean jaio zen Zizurkilgo Fraisoro etxean. Emakumeen eskubideen eta askatasunaren alde borrokan ibilitako emakume iraultzailea izan zen. Drama historikoa eta umorea tartekatuta, an-tzezlanak emakume borrokalari honen istorioa ezagutzera ematea du helburu.

Greba iraultzaileko eta guda zibileko urteak ardatz hartuta, Aiora Sedano, Ander Basaldua eta Leire Orbe aktoreek, Kasildaren garai hartako ikuspegia igoko dute oholtza gainera, Saioa Iribarrenen zuzendaritzapean. Protagonistaren papera Sedanok beteko du eta Basalduak eta Orbek emakume honen lagun minak izan ziren Felix Likiniano eta Manuel Chiapuso pertsonaiak aurkeztuko dituzte. Hala ere, ikuskizun "korala" dela dio Iribarrenek eta hortaz, pertsonaia nagusiez gain, aktoreei beste paper batzuk betetzea ere egokituko zaie.

Memoria historikoari eta iraganari egindako omenaldi honen sorburua konpainiaren aurreko obran koka daiteke. Amatxik Dixit antzezlanak Iribarrenen familiaren guda garaiko istorio bat dakar gogoraeta bide horretatik jarraitzeko apustua egin dute oraingo lan honekin ere. Greba iraultzaileko eta guda zibileko urteak beste ikuspuntu batetik lantzeko aukera eman die Kasildaren bizitzak, emakume baten ikuspuntutik alegia. Aldi berean faxismoaren aurka borrokatu ziren beste hainbat emakumeren bizipenak "lurpetik atera" dituzte horri esker. Kasilda erdigunean egon arren, "faxismoa ukatzen zuten pertsonen inguruko istorioa ere kontatzen da ikuskizunean".

Horiek horrela, hasiera batean Kasilda ezagutu ez arren, honen bizitzan barneratzea lan luzea eta aldi berean aberasgarria izan dela aitortu dute Basalduak eta Iribarrenek, handik hona ibili baitira emakume iraultzaile honen informazio bila. Donostiko Kaxilda liburutegitik hasita hamarnaka liburu irakurtzera. Halaber, Vargasen familiarekin harremanetan jartzeko, eta Martin, Kasildaren iloba ezagutzeko aukera izan dute. Dokumentazio lan honi esker, Kasilda bera ezagutzera emateaz aparte, obrak gudan parte hartu zuten emakume askoren bizipenen berri ere ematen du zeharka.

bukatzen ez den sua


Kasilda Hernaez Vargas 1914. urteko apirilaren 9an jaio zen Zizurkilgo Fraisoro etxean, eta 78 urte zituela hil zen Biarritzen, hots, 1992an. Urteak borrokan eman zituen emakume horietako bat izan zela dio Iribarrenek, gaztetatik Juventudes Libertarias taldean eta Mujeres Libres elkartean ibili baitzen. 1934ko iraultzan atxilotu zutenean 29 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina bi urte geroago askatu zuten. "Mugimendua zegoen lekuetan egotea gustatzen zitzaion". Guda Zibila amaitu zenean Frantziara bizitzera joan zen bere bikotea zen Felix Likinianorekin. Alabaina erbestean ez zuen bere borroka eten. Euskal Herritik ihesi zihoan jendea jasotzen baitzuen etxean eta ondorioz, bere etxeari euskal kontsulatua deitzen zioten. Biarritzeko hilerrian Felix Likinianorekin batera dago hobiratuta eta bere hilarrian zera irakur daiteke: Andra! Zu zera bukatzen ez den sua!

Espazioarekin jolasteko aukera


Dinamikoa, erritmoduna eta uneoro ekintzaz beterik dagoen ordubeteko lana da honakoa. Kasildak defendatzen zituen ideiak gailentzen dira uneoro: emakume eta gizonen arteko berdintasuna, emakumeen eskubideen defentsa edota elikadura barazkijalea.

Ikuskizun poetikoa eta aldi berean berezia den lana aurkeztuko du oraingoan Goitibera konpainiak, eta hein handi batean eszenografiak zerikusi handia duela dio Ander Basaldua aktoreak. Errealismoa eta estatikotasuna alde batera utzi eta tamaina ezberdina duten egurrezko kutxa batzuen mugimenduen bitartez espazio desberdinak sortuko dira, hala nola, ziega bat, frontea edota tren geltoki bat. Basalduaren arabera, asmoa publikoari imaginazioa eragitea da, "ikusleen parte hartzea nolabait sustatzea".

Marrazki baten hasierako zirriborroa besterik ez dute irudikatuko egurrezko kutxek, ikusleei marrazkia amaitzeko ardura emanez. Basaldua bera izan da kasu honetan espazio eszenikoa sortzeraren arduraduna eta bere ustez dantza egitea bezalakoa da kutxek sortzen duten mugimendua: "etengabe aldatzen joango diren espazioak dira, arrotza izatera heldu gabe". Musika Jon Urrutiak sortu du.

2019ko udazkenean ekin zioten antzezlan hau sortzeari. Pandemia medio, lan guztiak atzeratzea besterik ez zaio egokitu konpainiari eta 2020ko udazkenean aurkezteko asmoa izan arren, azkenean, joan den otsailaren 27an Sopelako Kurtzio Aretoan aurrestreinaldia egin zuten. Ikuskizuna apirilaren 23an Eibarreko Coliseo Antzokian aurkeztu zuten, II. errepublikaren 90. urteurrena oroitzeko ekitaldian. Beste data batzuei dagokionean joan den asteburuan Zizurkilgo frontoian, Kasildaren jaioterrian, emanaldia izan zuten eta aurrerantzean egingo dituzten emanaldien artean, urriaren 24an Erandioko (Bizkaia) Josu Murueta aretoan egingo dutena aipatu daiteke.

noticias de noticiasdenavarra