Bretainiako irribarrea

28.02.2022 | 16:44
Argazkietan, Malestroit herriko etxeak, Morbihango golkoa eta Locronan herri ezaguna.

Irribarretsu agertzen naizen txikitako argazki baten atzean dagoena topatu dut Bretainian barrena bizikletan bidaiatzen. Oroitzapen zaharrak eta bizipen berriak nahasten dira lurralde berde hau zeharkatzerakoan

Naoned hiriaren kanpoaldeko lorategidun etxe polit batean eragin diot lehen pedal bira alportxa parea daramatzan bizikletari. Ostatua eman didaten Lucie eta haren senarrari irribarre zabala eskaini eta azken unean jaso ditudan jarraibideak ozen esan ditut eurak entzun ditzaten "premierrond-point à droite, puis à gauche". Erpurua erakutsiz baiezkoa eman eta "allez Indurain, allez!" oihuaz agurtu naute.

Zirrara berezia eragiten didate bizikletarekin eginiko bidaia baten lehen kilometroek. Antsietate fase batetik igarotzen naiz lehen orduan, eta pedalei birrindu arte eragiten diet. Bidaian murgildua nagoela sentitu nahi dut, bidea egiten ari naizela, mutur aurrean dudan mapan irteera puntutik apurtxo bat mugitu naizela bederen.

Lehen bidegurutzeak eta zalantzak, balaztei eta aldagailuari lehen mugimenduak, hiriko trafikoaren baretzea, ur trago bat eta fiuuuuu, martxan nago jada. Hasi da bidaia.

Hamar bat eguneko bidaiatxo bat besterik egingo ez badut ere, burmuina aske sentitu eta are bidai luzeagoa egiten hasten da, batez ere Eurovelo-ko bide-seinalearekin topo egitean Loira ibaiaren bokalean.

Europa luze zabalean zehar hedaturiko bizikleta ibilbide luze hauek, batzuetan agintarien asmo hutsalak besterik ez badira ere, hurrengo balizko bidaia baterako hamaika ideia pizten ditu txirrindu zaleon buruan.

Une honetan nagoen puntuan bertan hasten den EV4 ibilbidea jarraituz gero, 3.653 kilometro egin ostean Itsaso Beltzari begira dagoen Konstantza hiri errumaniarrera iritsiko ginateke. Ez da ez, erronka makala.

Bretainiara paisaia idilikoak ezagutzeko asmoz banoa ere, Frantzian nonahi dauden iraganeko errealitate krudelaren aztarnekin egin dut topo lehenik eta behin, bigarren mundu gerraren hondarrekin. Saint-Nazairen ezinbestean begirada zimurtu egiten zaio bati itsaspeko ontzien basea izan zen hormigoizko zaplazteko erraldoiaren aurrean.

Kilometro batzuk aurrerago gauzak aldatuz doaz eta Guerande-rekin egin dut topo, Erdi Aroko harresiak osorik mantentzen dituen hiria. Harresiak ez ezik, bere inguruan dauden gatzaga zaharrak ere atentzioa ematen dute.

Gerora ikusi dut Frantziako edozein gourmet produktutan agertzen dela Guerandeko gatza famatua, izan patata frijitu, ahate pate edo aurpegirako kremetan. Guerandeko gatzik ez badu, orduan Ezpeletako piperra izango du. Bat edo beste, ziur baietz.

Txori hankaluze batzuen zaratek esnatu naute kanpin dendako lozorro goxotik. Itsaso txiki bat dut begien aurrean, bretoieraz hori esan nahi baitute Ar Mor Bihan hitzek, Morbihango golkoa bezala ezaguna dena. Bere itsasertz sigi-sagatsuaz gozatu bai baina itzuli osoa saihestearren, txalupa batean urgaineko bidezidorra hartzea pentsatu dut.

Bizikleta hala nola ontziratu eta ustez lasaia izango zen Port Navalo-Locmariaquer ibilbide motza gozatzeko asmoarekin, argazki kamera eskuan, itsasontzi txikiaren brankara joan naiz. Lema tinko eusten duen kapitainak, -bizarduna, ainguradun txapelduna, liburu batetik ateratakoa dirudiena-, ezetz egin dit buruaz. Martxan jarri eta gutxira begiradaz "orain ulertzen duzu, ezta?", esan dit.

Mareek Morbihango golkoko sarrera estuan korronte izugarriak sortzen dituzte, Europako bizkorrenetarikoak kapitainaren esanetan, eta gure urgaineko oskola alde batera eta bestera astintzen du golkoko ur ilunak. Nik larri bizikleta estuki eusten dudan bitartean, kapitaina txistuka doa, hamaika itsaso zakarretan zaildutakoa izaki.

Iritsi bezain laster konturatu naiz, hauxe da lekua! Badira irudi batzuk, ziurrenik gurasoen etxeko argazki bilduma zahar horietan ikusiak, buruan iltzatuta geratzen direnak. Horietako batean ni agertzen naiz, mukizu irribarretsu bat, hamaika harri tenteren alboan besoa altxatua, harriok zeinen altuak diren adierazi nahian bezala.

Carnac da leku hau eta mutur aurrean dauzkadan milaka menhir hauek historiaurreko munduko monumentu zabalena osatzen dute. Obelixen antzeko makina bat lagun aritu ziren lanean hau dena osatzeko. Hori da hori sasoia!

Bretainiako haizeak, ezusteko maldak eta saihestu ezinezko zaparradek txirrindulariaren aldartea apaldu badezakete ere, etengabe han-hemenka agertzen diren ipuin batetatik ateratako herrixkek aurrera jarraitzeko gogoa bizirik mantentzen dute.

Locronan da kondairetako herri ezagunenetako bat. Harri grisez, arbel beltzez eta goroldio berdezko bazterrez osaturiko herri txiki honetan izaki misteriotsu, sorgin eta druidak une batetik bestera agertuko direla sentitzen duzu.

Penn-ar-Bed-era iritsi naizenez -munduaren amaiera bretoien ahotan-, itzultzea beste aukerarik ez daukat. Bidaiaren hasierako puntura itzultzeko, Brest eta Naoned itsas portuen arteko lur barneko bidezidorra jarraitu dut, duela mende batzuk eraikitako bi hirien arteko ubidea. Berdearen tonu guztiak zeharkatuz, historiaz beteriko bazter eder hauetaz agurtzen naiz txikitako argazkian bezalako irribarre batekin ahoan.

noticias de noticiasdenavarra